Albistea entzun

PENTSALDIAN

Saharako ongarria gure platerean

Aiora Zabala - Cambridgeko Unibertsitateko irakaslea

2022ko apirilak 12

Sahara basamortutik haizeak altxaturiko hauts okrea Ingalaterrara ere iritsi zen orain dela aste batzuk. Planetaren lotura miresgarri horietako bat da. Ia aldi berean Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahara herrialdearekiko jarrera aldatu zuen. Biak aste berean gertatu izana kointzidentzia hutsa izan zen. Biak, aldiz, zerbaitek lotzen ditu: plateretan ikusten ditugun barazkiak. Lotura horrek berresten du jaten duguna ongi hautatzea izugarri garrantzitsua dela, guretzat, besteentzat, zein planetarentzat.

Basamortu horretatik etorritako harea fosforoan aberatsa da. Ekosistemak emankorrago egiten ditu, pittin bat bada ere. Fosforoa da nekazaritzako ongarrien funtsezko makroelikagaia, nitrogenoa eta potasioarekin batera. Nekazaritza intentsiboak hiru elementu horiek hornitzeko ongarri mineralak darabiltza gehienbat. Fosforodun ongarriak ekoizteko modu nagusia da fosfato arroka erauzi eta kimikoki prozesatzea. Meatzaritza industria horrek giza eta ingurumen katastrofe eredugarria eragin zuen jada Nauru uhartean.

Marokon eta Mendebaldeko Saharan fosfato arrokaren munduko %70 dagoela estimatzen da. Gutxi gorabeherako estimazioak diren arren eta gehiena Marokoko lurraldean omen badago ere, Mendebaldeko Saharan dagoena, Bukraan, kalitate onekoa da, eta errazagoa erauzteko. Fosfato arroka itsasontzietan bidaltzen da beste kontinenteetan prozesatzera, Indiara adibidez. Industria horietatik ongarri zakuak munduan zehar banatzen dira nekazaritza intentsiboa ahalbidetzeko. Baliabide geoestrategiko baten halako kontzentrazioaren esangura zaila da hitzetan jartzea: petrolio gehien duten bi herrialdeak erreserben herenera ez dira iristen.

Mendebaldeko Sahararen gaineko gatazkaren arrazoiak hainbat dira. Edozein gatazkan dauden aktore bezainbeste narratiba izan ohi dira —kasurako, nortasuna, bidegabekeriak, egin diren azpiegituren inbertsioak, eta abar luzea—. Lurralde horrek duen aberastasun naturalak ulergarriagoa egin dezake kanpotarrek lurrarekiko duten grina (ez, ordea, hura justifikatu). Ingurumen gatazkei buruzko ikerketak dio baliabide naturalak ez direla normalki gatazken zergati bakarra. Baina baliabide horiek, hala nola ura edo mineralak, erabakigarriak izan daitezke. Diplomazian beste askotariko gaiekin nahasten dira, inplizituki eta aldizka esplizituki ere bai.

Nekazaritza intentsiboak, fosfato arrokaren menpe egoteaz gain, gas naturala behar du; gasa eta airea nahasten dira ongarri zakuen nitrogenodun osagaia ekoizteko. Nitrogeno ongarrien ekoizpenak eta nekazaritzan erabiltzeak negutegi efektuko gasen isuriak areagotzen dituzte. Paradoxa da gatazkekin zerikusia duten mineralek eta erregai fosilek ahalbidetzen dituztela eguneroko barazkiak.

Gure janariaren platera ongarri mineralez eta erregai fosilez garbitzeko hainbat modu daude, eta askori ekiten ari zaie. Hauetako bat elikagaien hautapena da. Adibidez, ongarri inorganikoak guztiz (edo ia) ekiditen dituzten praktikekin hazitako produktuak, edota nekazaritza birsortzailearen bidez eginikoak, prozesu biologikoetatik datozen ongarriekin, abeltzaintzatik ere bai. Gainera, hainbat eragileen esku dago fosforoa modu eraginkorragoan erabiltzea edota uretara joaten dena birziklatzeko teknikak hausnartzea. Besterik gabe, denen esku dago janaria ez botatzea. Inpaktu gehien duen jakia elikatzeko erabiltzen ez dena baita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibai Segurola kapitaina, Inma Landa jeneral ohia, Tina Gasmi kantinera, Patxi Perez alardeko juntako kidea eta Maite Bergara jenerala, lehengo astean, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Alarde parekidea berriz antolatu dute udalaren erantzunik jaso gabe

Arantxa Iraola

Antolaketa bere gain har dezala eskatu zioten orain hilabete batzuk Irungo Udalari; ez du erantzun. Instituzioaren esku hartzea ezinbesteko urratsa dela gogorarazi dute hautu parekidearen aldekoek

<b>Epaiketa.</b> Martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean epaitu zuten Cabezudo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko espetxe zigorra jarri diote

Jon O. Urain

Frogatutzat jo dute hamar delitu egin izana; akusazioek leporatutako 217 delitu ez ditu aintzat hartu epaimahaiak. Akusazio partikularrak helegitea jartzeko asmoa azaldu du

Maialen Sobrino hizlaria, atzo, Donostiako Miramar jauregian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Euskara saretzeko eta sareak euskaratzeko

Julen Aperribai

Hizkuntza gutxitua duten komunitateekin loturak sendotu beharra azpimarratu du Maialen Sobrinok, euskararen aktibazio soziala hizpide hartuta. Gorka Julio ziberaktibismo estrategiez aritu da

Eraso homofoboen aurkako manifestazio bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Genero autodeterminazioa ardatz duen lege proiektua onartu du Madrilek

Edurne Begiristain

Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legea onetsi du. 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.