Marc Martinez Amat.
IRITZIA

Supergehiengo berri bat

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Arreta jarri da Kataluniako iragan igandeko hauteskundeetako faktore giltzarrian; hau da, parlamentuan independentistek sobera berretsi dutela gehiengo osoa. Baita bloke bakoitzean aldaketak izan direla ere akordioetara heltzeko prestutasun handiagoa duten jarrera batzuen alde; PSCk eta ERCk irudikatzen dute hori, Ciutadansen intrantsigentziaren eta Junts per Catalunyaren erresistentziaren aldean. Aldi berean, kanpainak sakondu egin du blokeen arteko arrakala, eta baieztatu du azken hamarkadan Kataluniako politika definitu duten lubakiak direla Generalitateko gobernabidearen oinarria. Horrek agerian uzten du testuingururik gertagarriena Esquerrak gidaturiko gobernu bat dela eta sozialistak ez direla horren parte izango.

Beste ikuspuntu batetik begiratuta, ez da oharkabean pasatu behar PSCk, ERCk eta JxCk osaturiko supergehiengo bat (termino anglosaxoiari erreferentzia eginez, gehiengo osotik haratago doan gehiengo kualifikatua) berreskuratu dela ganberan, Kataluniako erakundeek azken urteotan izan duten blokeoa armagabetzeko giltza izango duena. Estatu mailan, blokeo horrek eragozten du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berritzea, PSOEren eta PPren arteko akordiorik ezarengatik; Katalunian, hogei erakunde publiko baino gehiagoko ehunka karguren ordezkapenak trenkatu gabe gelditu dira. Horietako batzuk garrantzitsuak dira: Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioa (TV3 eta Catalunya Radio kudeatzen dituena), Arartekoa eta Berme Estatutarioen Batzordea (Auzitegi Konstituzionalaren baliokide katalana).

Parlamentu berriko indar korrelazioa ezezaguna zen 2015etik: lehen hiru aukerek eserlekuen bi herenak biltzen dituzte, elkarrizketarako espiritua duten alderdiak buru direla. Supergehiengo horrek eskura izango du erakundeen osasun demokratikoa berriz ezartzea, eta Kataluniako autonomiaren hutsune garrantzitsuak lantzea; esaterako, hauteskunde lege propioa izatea. Horren beharra premiazkoagoa izan da hilabeteotan, pandemian egin diren bozetako segurtasuna bermatu zezaketen tresna gehiago izateko.

Luzera begira, denborak esango du supergehiengo hori (Estatutua erreformatzeko gaitasuna izango duen bakarra) garai berri baten ernamuina izango den, eta bakartuta dauden blokeen dinamikak gainditzeko balioko duen. U-1aren, barne gatazken eta oinarria handitzeko nahiaren ostean, prozesu subiranistaren bide orria agortuta dago, eta, beraz, independentismoaren erronka luzera begirako estrategia berri bat proposatzea da, Podemos eta sozialistak Madrilen eta Bartzelonan interpelatuko dituena, errealitate burugogorraren irtenbidean inplika daitezen: gizarte katalanaren gehiengoak botoa ematen erabaki nahi duela Kataluniak Espainiarekin duen harremana. Finean, hori da politika katalanak duen blokeorik garrantzitsuena Konstituzionalak estatutaren aurka eman zuen sententziatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.