Matxinada delitua baztertuko du Abokatutzak auzipetu katalanen auzian

Erredakzioa
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako preso politikoen kontrako akusazioak zehaztekoak dira gaur Espainiako Fiskaltza eta Estatuko Abokatutza, eta, zenbait informazio iturrik aurreratu dutenez, ez dira bat etorriko eskaeretan. Izan ere, Estatuko Abokatutzak matxinada baztertuko du bederatzi prozesaturentzat, eta sedizio eta funtsak bidegabe erabiltzea leporatuko die. Gutxienez hamalau urtera arteko zigor eskaera dakar horrek.

Fiskaltzak, ordea, matxinada akusazioari ere eutsiko dio, 30 urtera arteko zigorra dakarrena. Instrukzioak iraun zuen bitartean, Fiskaltzaren irizpideak babestu zituen Estatuaren Abokatutzak, baina orain estrategiaz aldatzea erabaki du Espainiako Gobernuak.

Espainiako hainbat komunikabidek auzitegietako iturriak aipatuz jakinarazi dute abokatutzak ez dituela matxinadaz akusatuko prozesatuak, deliturik larriena alboratu egingo duela, ez zelako indarkeria ekintzarik izan.Pedro Sanchezen gobernuak azken asteetan egindako adierazpenen ildoan doa erabakia, gobernuburuak adierazi izan baitu ez dagoela nahikoa baldintzarik politikariak matxinadagatik auzipetzeko, armarik ez zutelako erabili. Justizia Ministerioaren organo bat da Estatuaren Abokatutza, eta gobernuaren irizpideen arabera jardun behar du.

Espainiako Auzitegi Gorenak ahozko epaiketa hastea erabaki zuen hemezortzi prozesaturen aurka, joan den urriaren 25ean. Espaituko dituzten politikarietatik zazpi behin-behineko espetxealdian dituzte: Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetua, eta Carme Forcadell, Dolors Bassa, Raul Romeva, Josep Rull, Jordi Turull, eta Joaquim Forn kontseilari ohiak. Horiekin batera egoera berean daude Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente zena. Erbestean dauden zazpi buruzagi independentiztak —Puigdemont horien artean—, ez dituzte auzi honetan epaituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.