Eroskik ez du espero aktibo gehiago saldu behar izatea zorra pagatzeko

50. urteurrena ospatu du kooperatibak, eta Markaide lehendakariak esan du eredua indartzeko «behar den guztietan» eraberrituko direla

Agustin Markaide, atzo, Eroskiren 50. urteurrena ospatzeko Bilbon egindako ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bankuekin lortutako akordioari dramatismoa kendu nahi izan zion Agustin Markaide Eroskiko lehendakariak atzo goizean: «Finantza erakundeek eta guk bagenekien goiz ala berandu akordio bat lortuko genuela». Kooperatibak joan den astean lortu zuen bankuekin zuen 1.540 milioi euroko zorra birfinantzatzea, baina, hala ere, lasaitasunez hitz egin zuen Markaidek. Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan, gainera, ukatu egin zuen desinbertsio berriak egiteko aukera, oraintxekooperatiba «errentagarria delako, eta indartsu dagoelako». Iraganean egindako desinbertsioak gogoan izan zituen, eta egun nahi duten «perimetroa» dutela azpimarratu zuen.

Zorra itzultzeko bost urteko epea izango du Eroskik, eta lortzen dituzten mozkinetatik ordaindu beharko dute, gainera. Baina behar besteko irabazirik izan ezean, desinbertsioaren bidea ez du baztertzen kooperatibak, akordioa lortu berritan Eroskiko iturriek BERRIAri aitortu ziotenez.

Dena den, kooperatibak finantza etorkizuna argitu ahal izan du, eta elkarte anonimo bihurtzeko aukera uxatu ahal izan du akordioarekin. Birfinantzaketa akordioak, beraz, Eroskiri aukera emango dio egungo ereduari eusteko. Horregatik, esan zuen Markaidek «proiektu kooperatiboa indartzen» ari direla, eta etorkizunean izango duen lekuan kokatzen ari dela Eroski. Adierazpen horiek arratsaldez egin zituen, Bilboko Azkuna zentroan, kontsumo kooperatibaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Oholtza gainetik, beraz, lasaitasunez hitz egin ahal izan zuen. Parean izan zituen agintari publikoak eta kooperatibako bazkideak. 400 pertsonaren abaroan egin zituen adierazpen horiek.

Hala ere, Markaidek ez zuen ukatu Eroski zailtasun «garai luzea» bizi izaten ari dela, baina egoera horri aurre egiteko proiektua garatzea dagokiola ere onartu zuen. «Gaur egunera arte eutsi ahal izan badiogu, hori indar kolektibo baten eraginez izan da. Orain arte bezala, bazkideen eta gizartearen ongizatearen alde lan egingo dugu, eta, horretarako, behar den guztietan eraberrituko gara. Iruditzen baitzait gizarteari ongizate handia eskaintzen dion proiektua dela».

Eredu berrien bila

Azken mende erdian aldaketa asko izan ditu proiektu kooperatiboak, baina oinarrizko eredua zein den garbi utzi zuen Markaidek: «Herrialde batentzat garrantzitsua da lekuan bertan sustraitutako enpresak edukitzea, finantza merkatuen arabera kudeatutako enpresek arrisku asko dakartzatelako; ikusi besterik ez dago, eredu horrek 50 urtean norabide okerreko garapena ekarri baitigu». Etorkizunean beste ildo batetik jarraitu nahi dutela adierazi zuen, saltzen denaren ardura kooperatibak berak izan behar duela esateraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.