Mikel Linazisoro. Eskalatzailea

«Oso azkar iritsi da Tokio; Parisko Olinpiar Jokoei begira ari naiz»

EKAITZ ANDA.
Unai Ugartemendia.
Berriobeiti
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Munduko Kopatik itzuli berritan ekin zion txapelketari Linazisorok (Bergara, Gipuzkoa, 2000). Lehen egunetako nekea alboratuta, agerian utzi du zer maila daukan, eta hiru domina lortu ditu. Olinpiar Jokoetan egoteko aukera apurrak agortu nahi ditu.

Zer balorazio egiten duzu txapelketaz?

Azkenerako oso luzea egin zait txapelketa, baina gustura nago lortutako emaitzekin. Denboraldiari amaiera ona emateko aukera eskaini dit.

Lehen egunetako nekea baztertu bezain laster etorri zen zure bertsiorik onena.

Bai, txapelketaren bezperan iritsi nintzen Japoniatik. Lehen egunetan, ordu aldaketarekin, ez nintzen oso fin ibili, baina azken egunetan hobeto sentitu nintzen. Igandean aritu nintzen ondoen.

Igandea aipatuta, overall-eko finala irabaztea lortu zenuen. Hiru diziplinetatik non sentitu zinen erosoen?

Abiaduran oso erregularra izaten saiatu nintzen. Ez ziren oso denbora onak izan, baina argi neukan ez nuela irristadarik nahi. Boulderrean uste baino nekatuago sentitu nintzen, eta azkenean, zailtasunean, jakinda azken proba izango zela, dena ematera irten nintzen.

Munduko Kopa eta Espainiako Txapelketa amaituta, urte guztia kontuan hartuta, zer nolako balantzea egiten duzu?

Nire lehen urtea izan da Munduko Kopan zailtasuneko diziplinan, eta, oro har, oso gustura geratu naiz. Bi probatan finalerdietan egotea lortu dut, eta gehienetan lehen 25 onenen artean egon naiz. Ez nuen espero hain ondo ibiltzea. 2020rako oso motibatuta nago. Senior mailan bakarrik lehiatuko dut, eta oso kontzentratuta egon beharko dut emaitza onak lortzeko.

2020an Olinpiar Jokoak izango dira Japonian.

Ez da batere erraza izango bertan egotea, baina ezin dut baztertu apirilean izango dudan azken aukera. Hura irabazten duen eskalatzailea Olinpiar Jokoetara joango da eta saiatu behar dut.

Nola ikusten duzu zeure burua munduko onenekin alderatuta?

Datozen Olinpiar Jokoetan egotea oso zaila izango da. Oso azkar iritsi da aukera, eta abiaduran, esaterako, ez gabiltza batere fin. Parisko 2024ko jokoei begira ari naiz. Hura beste gauza bat izango da. Parisen bereizi egingo dituzte diziplinak: abiadura alde batetik, eta blokea eta zailtasuna bestetik. Horrela aukera gehiago ditudala uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.