Jon Kortazar. Literatura katedraduna

«Badira literaturaz haragoko helburuz idazten duten idazleak»

Literaturaren autonomiaren aldekoen eta literatura nazional bat eraiki nahi izan dutenen arteko tentsioak oraindik ere bizirik daudela dio Jon Kortazarrek. Aldaketak sumatzen ditu kanonean ere.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Tentsioa». Hitz hori maite duela dio Jon Kortazar Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle, literatura ikerlari eta katedradunak (Mundaka, Bizkaia, 1955). Hitz horren zirrikitutik erreparatzen die hainbat hamarkadatan hamaika liburu eta ehunka artikuluren bidez ikertu dueneuskal literaturaren nondik norakoei. Aitortu duenez, zail egin zaio bi urtez ezer idazten jartzea, baina, kontrastean, luzea da aurten haren izena daramaten publikazioen zerrenda. Egungo Euskal Komikiaren Historia (EHU) liburua zuzendu du, Pott Bandari buruzko lan koral bat gidatu du Sorzain argitaletxearentzat, Gabriel Arestiri buruzko liburu bat kaleratu du Bilboko Udalarekin, eta Autonomia e ideologia. Tensiones en el campo cultural vasco lana ere editatu du La Casa de la Riqueza argitaletxearekin (Autonomia eta ideologia. Euskal kultur alorreko tentsioak). Literaturaren autonomiaren eta nazioarekiko konpromisoaren arteko tentsioan deskribatzen du literatura liburu horrek, eta, oraintxe bertan, nagusiki tentsio jakin hori du buruan Kortazarrek tentsio hitza aipatzerakoan.

Liburuan diozu historikoki literaturaz haragoko helburu batekin idatzi dutela euskal idazleek literatura. Hala gertatzen da oraindik ere?

Oraindik ere gertatzen da hori. Galiziako irakasle batek egin du berez planteamendu teorikoa: Anton Figeroak. Hark planteatzen du literatura minoritarioetan gertatzen dela tentsio bat literaturaren autonomiaren alde egitearen eta literatura nazional bat sortzearen artean. Hark hori aztertu zuen Galizian, eta ikusi zituen hiru aro, eta gu saiatu gara hori hemen ikusten hasten.

Balio du, beraz, esparru horrek?

Egia da hemen ere tentsioa dagoela, eta, beharbada, [Bernardo] Atxagaren eta [Jose Luis Alvarez] Txillardegiren artean 1985ean izan zen eztabaidak erakutsiko luke hori. Baina gerta liteke, era berean, ideologia nazionala egiteko modu bi bata bestearen alboan egotea, [Gabriel] Arestirekin eta garai hartako nazionalisten artean nagusi zen joeraren artean sortu ziren eztabaiden kasuan gertatu bezala.

Badira, beraz, euskal literatura nazional bat eraikitzeko asmoz idazten duten idazleak?

Bai, hori iruditzen zait.

Adibideren bat?

Urrun joan barik, uste dut Koldo Izagirreren literaturak baduela horrelako berezitasun bat. Errespetu guztiarekin esaten dut. Eta ez da bakarra. Beste adibide bat emateko: Kirmen Uribek ere eman du pauso bat literaturaren autonomiatik literatura nazionalago bat egiteko bidean.

Pendulua norabide horretan doa orain, beraz?

Ez nuke esango pendulua denik, uste dut sistemaren barruan dagoen tentsio bat dela, edo dialektika bat, posizio bien artean. Kasu honetan egiten duguna da prozesuak aztertu eta ez baloratu.

Eta, halere, zure testuetan sumatzen dut autonomiaren ideia egiten zaizula erakargarriago.

[Barrez] Aresti aztertzen dut nik liburuan, eta Arestik ere oso literatura ideologizatua egiten du. Egia da nire ibilbidean, beharbada heziketaz, autonomiaren aldeko literatura defendatu izan dudala.

Atxagaren eta Txillardegiren artekoa aipatu duzu. Egunkarietan bi eskutitz trukatu ostean, Bilbon 1985ean egin zuten solasaldia. Miren Billelabeitia ikertzaileak aztertu du topaketa hura liburuan. Zergatik izan zen hain garrantzitsua?

Momentu hartan Atxagak autonomiaren oso alde egiten zuen, eta Txillardegik planteatzen zuen oso ezker abertzalearen aldeko literatura bat. Batetik, ideien arteko kontrastea oso muturrekoa izan zen, eta, beste alde batetik, Txillardegik bazuen pisu oso handia literaturaren barruan, eta Atxaga zen hasten ari zen idazle bat. Sistemaren barruko posizioak oso diferenteak ziren. Batekjoera bat defendatzen zuen literaturarako, eta besteak autonomia defendatzen zuen.

Eta zein nagusitu da?

Ez dakit. Garbi dagoena da Atxagak izan duela ibilbide bat, baina berak ere momentu batean autonomia hutsetik buelta bat egin zuen Euskal Herriaren egoera aztertzera, gerra zibilarekin, adibidez, eta egin zuen literatura ideologizatu bat. Ez Txillardegik proposatzen zuen bezalakoa, baina egin zuen literatura ez hain mundutarra. Behi euskaldun baten memoriak argitaratu baino pixka bat lehentxeago.

Kanon aldaketa bat gertatzen ari zela aipatu zenuen 2010ean. Gertatu da?

Sistema mugitzen ari da. Aldaketa erabatekoa ez da gertatu, baina izen berriak badira: Harkaitz Cano, Kirmen Uribe... Idazle gazteak hasi dira anbizioa agertzen obretan, irakurleak izaten... Baina horrek ez du esan nahi aurrekoak desagertu direnik.

Joseba Gabilondo eta Ur Apalategi kritikarien lanek zalantzan jartzen dute Atxagaren posizio kanonikoa. Zuk Atxagari buruz badituzu hainbat lan. Nola bizi duzu eztabaida hori?

Uste dut Atxagak baduela posizio zentral bat, [Ramon] Saizarbitoriak ere baduen bezala, eta beste batzuek duten bezala, eta uste dut alferrekoa dela halako borroka bat egitea; Juan Luis Zabala idazleak esaten zuen moduan, nik kamiseta biak janzten ditut. Ez dut uste bat goratzeko bestea gutxitu behar denik, eta iruditzen zait, oso era ezberdinean, baina biak zentralak direla. Atxagak profesionalizatu egin du idazketa, eta Saizarbitoriak idaztea du profesio, baina ez bizibide. Eredugarriak dira biak beren arloetan. Hori da nire iritzia, benetan diot.

Gabilondok esaten duena da Atxagaren arrakasta kaltegarri izan dela.

Gabilondoren iritzia izango da, baina nazioartekotze momentuak behar genituen guk ere. Aspaldiko kontua da ea nola nazioartekotu euskal literatura bera. Momentu batean, gazteleraren bidez egiten zen, eta une honetan jadanik ez da egiten bakarrik gazteleraren bidez. Beraz, ez, ez nago konforme Gabilondok dioenarekin. Ez dut uste Obabakoak, Soinujolearen semea edo Nevadako egunak kalte izan zaizkigunik.

Literatur kritika egiten hasi zinenetik ahots gehiago azaldu dira.

Jende asko dago, gai. Unibertsitateak eman digu hori, eta hainbat eta hobeto. Ahotsak zenbat eta ugariagoak, orduan eta hobeto, nahiz eta gero eztabaidak ere gertatzen diren, eta, neurri batean, hori aberasgarria da.

Ez da odolik izaten orduan kritikarien arteko eztabaida horietan?

Batzuetan bai, uste dut badagoela odol apur bat, baina ez horrenbeste.

Euskal literatur sistema egonkortuz doan sintoma batzuk igartzen dituzula diozu liburuan.

Egonkortasuna, kasu batzuetan, erakundeei lotuta dago. Nik uste dut profesionalizazioa gertatu izan diren eremuetan egonkortasuna heldu dela. Nik neuk, adibidez, ezin izango nuke egin dudan lanik egin unibertsitateagatik ez balitz. Haur literatura alde batera utzita, sorkuntzazko liburugintzan zer gertatu den? Hor nabaritzen dira inoiz izan diren gorabeherak. Urte batzuetan asko argitaratzen da, beste urte batzuetan ez horrenbeste... Inguruan esaten didate 2016-2017ko denboraldian ez dela askorik argitaratu, baina orain Durangoko Azoka helduko da, eta inpresio hori aldatu egin liteke. Euskal literaturaren sorkuntzaren edizioak egonkortasuna izan du urte batzuetan, eta beste batzuetan sasoi gorabeheratsuagoak izaten ditu.

Oraindik ziurgabetasun puntu bat badago, beraz.

Nik uste dut baietz.

Euskadi sarietako epaimahaikide izan zara maiz, eta hala izan zara aurten ere.

Unibertsitateak izendatzen nauelako, eta izendatzen ez nautenean, ba, ez naiz joango.

Euskadi sarietako finalista izateari uko egin diote aurten Koldo Izagirrek, Oier Guillanek eta Josu Landak. Orain bi urte, sariari uko egin zion Mikel Peruarenak ere... Nola bizi dituzu zuk halakoak?

Badira sistema batzuk sariak defendatzen dituztenak. Adibidez, Galizian oso normalak dira, asko daude, eta idazleek parte hartu nahi izaten dute haietan. Katalunian ere sari asko daude, eta ez dakit zein den idazleen atxikimendua, baina badakit gizarteak neurri batean sariak defendatzen dituela. Gure kasuan, ez. Hori garbi dago. Nik dramatismo barik bizi dudan gauza bat da. Gertatu zen Madrilen ere: Javier Mariasek iaz uko egin zion sari nazionalari. Iruditzen zait egilearen askatasun puntu hori errespetatu behar dela. Ez duela nahi? Ba, ez du nahi. Nahi duela hemen, eta ez han? Ba, hori gertatuko da. Nahi duela? Ba, aurrera. Egia da gure kasuan sariak ez duela horrenbesteko atxikimendurik, eta irakurleen artean ere ez dauka Galiziako sariek izaten duten oihartzuna ere.

Saria birformulatu beharrik ez duzu ikusten, hortaz?

Hori Kultura Sailari dagokion zerbait da. Baina behin eta berriz birformulatu den sari bat izan da.

Fernando Aranburu idazle donostiarraren Patria liburuak irabazi du aurten gaztelerazko Euskadi saria. Zer iritzi duzu Patria fenomenoaz?

Ai, Patria fenomenoa...

Irakurri duzu.

Ba, ez.

Irakurtzen duzunean berriz galdetuko dizut, orduan.

Ados.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.