'Bihotza nora, zu hara'

Bihotza gogoan

Idazlea: Susanna Tamaro. Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Igela.

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Susanna Tamarok italieraz argitaratu eta 25 urtera datorkigu euskaraz Bihotza nora, zu hara eleberria. Ez dirudi oso epe luzea, baina, mende laurden horrek milurtekoaren gontzak ere birarazi baititu, nago nobela oso desberdin irakurtzen dela XXI. mendearen ertz honetatik. Ez aurreko gizaldiko erreferentziengatik edo girotzeagatik, ez baitira oso ugariak, ezpada nobelan aletzen diren hiru emakume-belaunaldien (amona, ama, biloba) kateagatik. Izan ere, oso aurreko mendekoa da osatzen duten segida: amona, bere gaztaro mugatua eta ondorengoak ulertzeko duen ezina; ama, 68ko iraultzaren inguruko askatasun-boladan loratua eta gainbeheratua; biloba, 90eko hamarkadako gaztea, familia-istorioaren zamarekin atzerriratua.

Biloba diot, eta ez alaba, nobela honen funtsa amonaren eta bilobaren arteko harremana da eta. Argumentuak aski premisa sinplea du: atzerrian da amonak hazi eta hezitako biloba, eta amonak, bere heriotzaren hurbila ikusirik, bidaliko ez dituen eskutitz batzuk idazten dizkio, zahartzaroko gogoeta eta oroitzapenak arintzeko eta, nahi gabe bezala, familia-sekretu lazgarri bat aitortzeko. Ama, amona-biloben arteko emakumea, sekretu horren giltza da, eta itzal gisa baino ez zaigu agertzen, ezari-ezarian, amonaren hustuketa emozionalean.

Bakarrizketa epistolar horretan, amonaren beraren sentimenduak eta gogoetak dira nagusi, eta, ondorioz, eleberri osoari lirismo tinko bat dario, bere xumean izugarri poetikoa baina errazkeriara ere labaintzen dena tarteka —edo sarriegi, nork begiratzen dion—; izenburua bera dugu, adibidez, horren lekuko. Halakoetan, nobelak gehitxo hanpatzen ditu sentimenduak, eta nabarmen trakesten kontaerak berez bertute duen soiltasuna. Nolanahi den, ez nuke esango zati horiek, gustuak gustu, nobela kaskartzeko modukoak direnik.

Estiloari dagokionez, nobela apaingarririk gabeko molde soil eta sinple batean dago kontatua, hizkera lauz eta goranahirik gabe; adjektibo horiek orobat erabil litezke amonaren beraren izaera xumea deskribatzeko. Hain da horrela, non bai baitirudi amonaren bakarrizketak, ia oharkabean bezala, nobelaren idazmoldea bera deskribatzen digula inoiz: «Alde egin baino lehen, eskutitz bat utzi zenidan [...] ezinegonaz aparte, ez dut tutik ere ulertu gutun horretatik. Izugarri bihurri eta nahasia zen dena, iluna [...] Ni pertsona sinplea naiz, desberdinak dira zure garaia eta nire garaia: gauza bat zuria bada, zuria dela esaten dut; beltza bada, beltza».

Amonaren oroitzapenak bere eguneroko bizitzarekin uztartuta daude; lorategirako osteratxo batek edo Buck txakur alaiak oroimen bizia kitzikatzen diote, eta, hala, kontatzen duen iragana, kontakizun zorrozki errealista bat bainoago, ebokazio emozional bat da, ordena kronologikorik gabea eta oroiminak taxutua, non iraganaren zama orainaldiko gainbeheraren araberakoa den, batez ere azkena gero eta hurbilago duen honetan:

«Ez dakit bizitzaren azken egunetan denei gertatzen ote zaien bat-bateko sentsazio hau: gehiegi bizi izanarena, gehiegi ikusi izanarena, gehiegi sentitu izanarena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.