Joare doinua du inauteriak

Inauterietako egun handia ospatu dute Iturenen. Mozorroek eta joaldunek hartu dituzte karrikak, eta, ohi bezala, anabasaren eta ordenaren arteko nahasketa izan da. Gaur, iturendarrek eta aurtiztarrek zubietarrei itzuliko diete bisita. Bisitari andana bertaratu da inauteriaz gozatzera.

Maskara. Eskaera originalak egin zituzten mozorrotutakoek. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Aurtitz - Ituren
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun

Iturengo plaza (Nafarroa), 14:50. Anabasa da nagusi. Sirena hotsa entzuten da, tiroak, motor soinua eta, urrunean, joareen tulun-tuluna. Jendez lepo dago plaza. Gero eta ozenago entzuten da joareen tulun-tuluna. Lehen ttuntturroak hasi dira hurbiltzen. Herriari itzulia egin diote. Gutxien esperotakoan iritsi dira plazara. Indartsu bete dute plaza, koloretsu gelditu da. Denera 86 joaldun daude, 172 joare. Joaldunen atzetik etorri dira mozorroak, maskarak eta ardi larruak jantzita, inguru dena aztoratzera. Inauteri giroz bete da berriz Iturengo plaza.

Ituren joare soinuz betetzeko gogoz esnatu ziren atzo goizean zubietarrak. Haiek izan ziren joareak astintzen lehenak. Hamaiketarako atera ziren eskean, eta ondotik egin zuten gosaria. Joareak indarrez jotzeko beharrezkoa. Lehen eskean, joareak modu tradizionalean jo zituzten, erritmoari jarraitu gabe. Gosaldu ondotik, jantzi, eta Aurtitzerako bidea hartu zuten.

Iturenen eta Aurtitzen, lehendabizi, gosarirako elkartu ziren herritarrak, eta ondotik egin zuten eskea. Iturenen herriko etxeko ganbaran bildu ziren. Aurtitzen, berriz, elkartean. Giro aparta zuten Aurtitzen. Joaldun, mozorro eta musikariak, denak zeuden mahai inguruan gosaritan. Arrautza, txistorra eta xingarrez beteak zituzten platerak, ardo beltzez edalontziak. Adin guztietako jendea zegoen elkartean: txikienak janzteko prest ziren; helduenak, berriz, mahai inguruan solasean. Elkarteko barraren inguruan, bisitari andana zebilen salda eta pintxoa hartu, eta giroaz gozatzen.

Batetik bertzera, gelditu gabe, zebilen Iosu Altzuri Aurtiztarra elkartean. Joaldunik txikienak janzten lehendabizi, elkarteko barra hornitzen gero. Lanpetuta zen, baina nabari zen pozik zebilela. Aurtiztarrarentzat «urteko egunik bereziena» zen atzokoa. Hamalaugarren urtea zuen aurtengoa joaldun ateratzen: «Oraingoz behintzat, ez dut inauteria joaldun izan gabe imajinatzen». Joareak jantzi ondotik, lehenengo eskea egin zuen Aurtizko joaldun gazteenekin. Lehenago, ordea, ez nekatzeko sekretua zabaldu zuen: «Ongi gosaltzea». Lehenengo eskerako atera ziren mozorroak. Maskarak soinean, bisitariak zikintzen eta izutzen ibili ziren. Etengabea zen mozorroen joan-etorria.

Lehen eskea egin bitartean, mahai inguruan jarraitzen zuten Aurtizko joaldunik beteranoenek. Tripa betetzeaz gain, ahotsa ere berotu zuten. Kantuan zebiltzan Beñat Mitxelena akordeoilariaren laguntzarekin. Presarik gabe, lasai. Joxe Mari Mindegia aurtiztarra zen kantuan gustura zebiltzanetako bat. 45 urte daramatza joaldun gisa. Joareak jotzea berezia da Mindegiarentzat. Hala ere, goizeko bertze une bat nabarmendu zuen joaldun beteranoak: «Kanpora atera aitzinetik, elkartean denak batera biltzen garen momentua».

Zubietarrekin bat

Azken joaldunak prestatu eta denek batera eman zuten lehen itzulia. Joaldunak alde batetik, mozorroak bertzetik, inauteri giroa karrikaz karrika zabaldu zen Aurtitzen. Iturenera joan aitzin, ordea, gauza bat falta zitzaien: Zubietarrekin elkartzea.

13:45ean iritsi ziren Zubietarrak Aurtitzera. Erritmo bera hartu, eta herriari itzulia eman zioten. Atsedenaldi txiki baten ondotik, Iturenerako bidean abiatu ziren. 52 joaldun eta mozorroak. Denek batera, burrunba, musika eta joare hotsa zabaldu zuten. Azken urteetan bezala, bisitariz betea zegoen ingurua. Mariasun Grajirena arantzarra gustura zebilen joaldunei begira, «hunkituta». Urteak zeramatzan inauterietan izan gabe. Ikusitakoaren ondotik, ordea, ez zuen zalantzarik: «Heldu den urtean berriz ere etorriko naiz».

Joaldunak, mozorroak eta musikariak, denak elkartu ziren Latsaga auzoan. Geldialdirik egin gabe zuzenean joan ziren Iturenera. Euria hasi zuen ordurako; horrek, baina, ez zuen besta zapuztu. Inauteri giroz bete ziren Iturengo karrikak. Bisitariak han-hemen, Kuxkuxtu txarangaren hotsa udaletxeko arkupean, mozorren motozerra eta sirena. Anabasa hasi zen. Joaldunek azken itzulia eman zuten plazan, eta deskantsurako tartea hartu zuten. Mozorroak egin ziren plazaren jabe.

Atzo iturendarrek jaso zuten aurtiztarren eta zubietarren bisita; gaur, berriz, Zubietara bilduko dira denak. Atzokoa eta gaurkoa dira inauterietako egunik garrantzitsu eta ezagunenak. Alta, ez dira bakarrak. Ortzegunean hasi ziren joareak astintzen eta, ortziralean atsedenaldia hartuta, bihar izanen dute azken eguna Zubietan eta Aurtitzen. Iturenen, berriz, larunbatean eginen dute azken eguna, Kontu Eguna deiturikoa. Aurtengoak bukatuta, datorren urteko inauterien atzerako kontaketa hasiko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.