Literatura. 'Gaur galtzea tokatzen da'

Leku eta une bat, hamaika kontu

Egilea: Gotzon Hermosilla. Argitaletxea: Elkar.

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur galtzea tokatzen da Gotzon Hermosilla kazetariaren lehen fikziozko liburua dugu. Bi zatitan banatzen da ipuin-liburua, gaien arabera: batetik, lehen zatikoak daude, taberna giroan kokatutakoak, bigarren zatikoak bestalde, hainbat gairen inguruan eraiki ditu idazleak. Idazleak elkarrizketaren batean aurreratu bezala, gaiak bakarrik ez, gertaeren kokalekua eta pertsonaien profil sozialak ere kontakizun gehienak zeharkatzen dituzten puntu komunak dira.

Ipuin-liburuari eta lehen atalari izena ematen dion ipuinak irekitzen du liburua; maitasun istorio moduan aurkezten den kontaketak amaieran kutsu berezia hartuko du, maitasun horren zentzua alderantzikatuz. Bide beretik jarraitzen du Orratza eta kaltea ipuinak; izenburuak iradoki bezala, drogaren ondorio latzak azaleratuz. Lapurreten inbentarioa eta Poto narrazioak ere aurrekoen bide beretik doaz. San Frantzisko, New Orleans ipuina berezienetarikoa iruditu zait niri, kazetari-ikuspegia antzematen zaio Hermosillari: bizitzaren alde basatitik ibilitakoei idatzitako omenaldi antzekoa da, kronika modura eraikitakoa. Nire ustez, lehen parteko ipuinik osoena da azken ipuina; gainera, leku estrategikoan kokatuta dagoela esango nuke bigarren parteko ipuinen tonua antzematen baitzaio; pertsonaien psikologian sakontasunez erreparatuz, gertakari xume baten inguruko kontaketa harilkatzen da. Orokorrean, aipatutako guztiek dituzte komunean rock musika, drogazaleak, gaua edo tabernak, baina batez ere, pertsonaia guztiei nabari zaie zerbaiten hutsa, guztiaren amaieran zerbait faltan dutelako sentsazioa.

Bigarren partea heterogeneoagoa da gaien eta kontaketa-moldeen ikuspegitik, baina, kasu hauetan ere gertaeren kokalekua eta pertsonaien profil soziala mantentzera jo du Hermosillak. Badira memoria historikoa eta mitikoa nahasten dituzten kontakizunak, Deabrua dut iheskide esaterako; badira, halaber, giro errealistagoetan kokatutako Satorrek zulatuak irudi, Eu quédome aquí eta Hauek txakurrak dituk, zeintzuetan Euskal Herriko giro politikoko hainbat kontu gurutzatzen diren; bestalde Erietxeetako gurutzeak eta Esperantzaren indarra irakurketa metaforikoak egiteko aproposak dira. Bigarren atal honetan ere, azkeneko ipuina iruditu zait osoena; balizko amaiera irekia duen Hauek txakurrak dituk istorioan txakurrarena eta katuarena egiten dabiltzan ETAkidearen eta poliziaren arteko jolasa harrapakinak harraparia ehizatuz amaituko da.

Esan badut bi ataletan banatutako ipuinek badituztela hala sailkatuta egoteko antzekotasunak eta diferentziak, esango nuke era berean, badela bai atal bateko, bai besteko ipuin orok konpartitzen duen alderdi bat: orokorrean, idazlea saiatzen dela errealismo kutsua duten ipuinak amaieran alderantzikatzen; horrela lortzen du irakurlea harrituko duen efektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.