Albistea entzun

Literatura. 'Atzerrian'

Lur hartzen

Idazlea: Nerea Balda. Argitaletxea: Pamiela.

Irati Majuelo -

2019ko urriak 27

Nerea Balda idazleak argitaratutako lehen liburua da Atzerrian. Izenburuak dioen gisa, atzerrian kokatutako eleberri laburra ez ezik, atzerriari buruzko lan bat aurkezten digu. Itzultzaile gazte bat du protagonista, Euskal Herritik Londresera doana, bizi-helburutzat harturik erakunde prestigiotsu batean itzultzaile-lana lortzea. Atzerriratze horren atzean, ordea, etxetik aldentzeko beharra eta askatasunaren bilaketa igar daitezke, liburuan zehar zenbait pasartek argituko dutenez. Hala ere, gogor borrokatutako lanpostua lortzeak ez dio hasierako poza baino eskainiko protagonistari, eta parez pare egingo du topo egunerokoak eskaintzen duen hustasun sentsazioarekin, baita bakardadearen eta distantziaren dilemekin ere. Mosaiko baten moduko eleberria izanik, istorio ugari gurutzatzen dira, iraganekoak zein orainaldikoak, protagonistaren familiarekin zerikusia dutenak, zein atzerrian egindako lagunenak. Ahots narratibo desberdinak edukitzeak lagundu egiten dio Baldari mosaiko osoaren irudiari osotasun bat ematen, istorio bakoitzari enfokea emateaz gain, erritmoari eusteko ere balio baitio.

Atzerriak distantzia, bakardadea eta giza harremanak bezalako gai garrantzitsuak heltzeko aukera ematen dio, eta ezin uka Baldak horiek lantzeko anbiziorik duenik. Nabari da liburua gai horiei buruzko ideia eta kezketatik abiatu duela. Izan ere, zenbaitetan gertakizunak hausnarketa horien aitzakian garatu direla suma daiteke, eta horrek tarteka eleberriaren garapena oztopatzen duela esanen nuke. Bestalde, eta kontraesanezkoa izan litekeen arren, kontakizuna osatzeko oinarri izan baitira, azkenerako atzerriari buruzko gogoetak bigarren planoan geratzen direla esan liteke, zeharka baino ez direla ageri.

Atzerria gai garaikidea eta unibertsala izaki, liburuaren potentziala gaur egungo belaunaldiek atzerrian bizi dituzten kezka eta ezinegonei ahotsa jartzean zegoelakoan nengoen. Eta horretarako asmoa egon badago, baina, gertakizun eta hausnarketen arteko oreka bat bilatu nahian, Baldak azken horiek oso esplizituki eta kontzentraturik adierazi ditu, hasierako potentziala apalduz. Erdialdetik aurrera protagonistak Sarah Bloom idazlearekiko garatzen duen obsesio absurdoak pisu handia hartzen du kontakizunean, eta horrek protagonistaren benetako ezinegonak ezkutatzen ditu, ideia horiek azaleratzen lagundu ordez.

Egia da, baina, eleberri labur honetan gauza interesgarriak topa daitezkeela, ahots narratibo ugarien uztarketa eta bigarren mailako pertsonaia interesgarriak, esaterako. Hizkuntzaren erabilera aberatsa eta hari buruzko kezkak nabarmentzen dira batez ere, hizkuntzari, itzulpengintzari eta literaturari buruzko erreferentziaz josita baitago. Agian itzultzaileaz darabilen irudia estereotipora gerturatzen da zenbaitetan, baina igartzen da egileak ere hizkuntzaren bueltan egiten duela lan, eta, eleberrian dioen gisan, harekin jolastea maite duela.

Getxoko Udaleko Ramiro Pinilla saria irabazi zuen Baldak lan honekin, eta azpimarragarriak dira bere lehen liburuan erakusten dituen gogoa eta anbizioa. Oraindik, baina, literatur munduan bi oinak lurrean sendo jartzeke dituela esanen nuke, inguruari tamaina hartzen ari dela, atzerrira egindako joan-etorrien osteko lehen egunetan bezala, lur hartzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Gatazkari buruz, norberetik igarota

Ane Eslava

Mikel Antzak 'Arroz urez' liburua aurkeztu du, Txalaparta etxearekin. Euskal gatazkaren inguruko kontakizun pertsonal bat da, Burgosko Prozesua atze-oihalean jarrita
 ©GUILLAUME FAUVEAU / GUILLAUME FAUVEAU

Bere bidea hartuta, etiketetatik kanpo

Ane Eslava

Eneritz Furyakek bigarren lan luzea publikatu du, 'Emadan'. Besteak beste, bere ideiak defendatzen dituenari sortzen zaizkion zailtasunak eta talkak ditu hizpide. Bihar Donostian joko du
 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Deseraikitzea horman

Aitor Biain

Gasteizko Artiumek Daniel Llariaren lanekin abiatu du museoko funtsa osatzen duten piezei ikusgarritasuna emateko erakusketa ziklo berria
Joseba Irazokiren 'Ezkilaren kantua'

Joseba Irazokiren 'Ezkilaren kantua'

Berria

Mixel Labeguerie euskal kantagintza berriaren aitzindaria jaio zela 100 urte beteko dira martxoaren 4an. BERRIAk eskatuta, haren kantuen bertsioak plazaratuko dituzte bost musikarik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.