Fermin Etxebarria. Artzaina

«Hogei ardi bakarrik dauzkat orain, baina entretenitu egiten naute»

Etxebarriak bizitza osoa eman du baserrian artaldea zaintzen. Hori izan zen gaztetan aukeratu zuen bidea, eta ez da damutzen. 94 urte bete ditu aurten, eta ez du uste «aparteko ezer» egin duenik adin horretara sasoiko iristeko.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Aramaio
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Urtebete baino ez zuen 1929an New Yorkeko burtsaren crash latza gertatu zenean. 8 urte besterik ez 36ko gerra hasi zenean, eta 11 amaitu zenean. Arraburu baserri bakartuan jaio zen Fermin Etxebarria artzaina (Aramaio, Araba, 1928). San Fermin egunean jaio zen, gainera, eta horregatik jarri zioten izen hori. Aita bertakoa eta ama haraneko Arriola auzoko Erederonena baserrikoa zen. Bederatzi seme-alaba izan zituzten, Etxebarria zaharrena. 94 urte bete ditu aurten, baina oraindik sasoiko dago artaldea maneiatzeko, gaztak egiteko eta baserrian dituen beste hainbat lan egiteko. Munduaren zarata eta kaosetik urruti, lasai pasatu ditu urte hauek guztiak bere baserri inguruan eta Aramaioko basoetan barrena.

Bere zereginetan atseden hartu du artzainak, eta txakurra ondoan duela, argazkietarako prestatu da. Ondoren, umorez erantzun ditu galderak, sukaldean. Denbora dauka, ardiak lasai baitaude zelaian.

Zainetan daramazu artzain izatea?

Familia handia izan gara beti. Gurasoak, bederatzi anai-arrebak eta osaba bat bizi ginen etxean; eta norbaitek lan egin behar zuen baserrian. Bizitza osoa eman dut hemen. Gainera, nire arbasoak artzainak izan dira beti, bai gurasoak, bai eta aitona-amonak ere. Antzinatik datorkidan zerbait da.

Gauza bat da gaztetan laguntzea; zuk, ordea, lanbidearekin jarraitzea erabaki zenuen.

Anaia nagusia nintzen. Aita ez zegoen hanketatik eta mokorretik ondo; tokatu ere egin zitzaidan. Halere, asko gustatu izan zait beti.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa baserrian?

Orduan ez genuen oraingoaren antzekorik. Inguruko auzoetako haur eta gazteak elkartzen ginen: Etxaguenekoak, Aixolakoak, Arriolakoak [Aramaio]... jolasean pasatzen genuen eguna, eta auzoetako jaietara ere joaten ginen.

Zertara jolasten zineten?

Txikolan jolasten ginen gehienetan.

Zer da hori?

Egurrezko bi makila erabiltzen genituen, bata handia eta bestea txikia. Makila batekin beste makila bat jo behar zen; urrutien jaurtitzen zuenak irabazten zuen. Hori guztia baserri inguruan egiten genuen gehienetan. Ez nintzen kalera asko jaisten, beharrezkoa zenean edo mezatara joateko bakarrik.

Auzoetan hainbeste lan eta dibertsio izanda, eskolara joaten al zinen?

Eskolara? Gutxi, eta gerraostean gutxiago. Hori ez zen eskola bat, ez zegoen ezer ikasterik. Gainera, euskaldunoi egurra ematen ziguten beti.

36ko gerra aipatu duzu. Gogorra izango zen garai hura, ezta?

Bala artean bizi ginen gerra garaian. Oso gogorra izan zen, eta une oro beldurtuta geundela gogoratzen naiz. Oroitzen naiz baratzera lanera gindoazenean, koltxoia jartzen genuela buru gainean. Balaren bat gure gainean erortzen bazen, koltxoiak gelditu egingo zuen. Horrela ez zigun buruan emango. Durango [Bizkaia] bonbardatu zutenean ere zaratak entzun genituen baserritik.

Beste anekdotaren bat?

Ordu asko pasatzen genituen etxearen atzeko partean ezkutatuta, ezer jan gabe, frankistek kanoiak jarri baitzituzten Arangio [Aramaio] mendian. Gorriak [bando errepublikanoko soldaduak] gure etxean ezkutatuta egon ziren denbora batez. Kapitainak gela batean egiten zuen lo, eta soldaduek, kortan.

Kontatu gehiago, mesedez.

Gogoan dut zuhaitz bati itsatsita egon behar izan nintzela denbora luzez. Gorriak etxetik gertu lurreratzen zen hegazkin txiki batera joaten ziren hornidura bila, eta frankistek goitik tiro egiten zieten. Hainbat bala ondotik pasatu zitzaizkidan.

Horrez gain, badakit Ipiztikarria [Aramaio] inguruan soldaduak lurperatu zituztela, eta uste dut gorpuek oraindik ere jarraitzen dutela. Gauza serioa da gerra, entzun ere ez dut egin nahi.

Baina zure familiako inori ez zitzaion ezer larririk gertatu, ez?

Zorionez, ez, baina gogoan dut gorriak Jarindo [Aramaio] mendian babestu zirenean, oilo eske etorri zitzaizkigula etxera. Beste etxe batean zazpi oilo eman zizkieten, baina gure etxera etorri zirenean, aitak ez zion ezer eman nahi kapitainari. «Zu zure soldaduen kapitaina izango zara, baina ni naiz etxe honetako kapitaina», esan zion, serio. Kapitainak pistola atera zion orduan, eta oiloak eman behar izan zizkion.

Asko aldatu da mundua ordutik, ez duzu uste?

Harrezkero denetarik gertatu da, gauza onak eta txarrak, baina berriro gaizki gaudela dirudi. Ez dakit gauzak hobetuko diren, baina prezioak igo dira, eta gauzak ordaintzeko diru gutxi dago. Antzina, ez geneukan dirurik, Otxandiora [Bizkaia] astoz joaten ginen etxeko produktuak saltzera eta diru apur bat irabaztera.

Beharrezkoak diren aurrerapenak ere izan dira. Nire sakelako telefonoa oso sinplea da, baina edozein lekutara joan naiteke buelta bat ematera. Zerbait gertatzen bazait ere komunikatzeko modua daukat. Autoak ere beharrezkoak ditugu gaur egun.

Munduan gertatzen dena gertatzen dela, zu beti ardiekin?

Berrehun ardi ere izan ditut. Horretaz gain, zaldiak, ahuntzak... denetarik izan dut. Halere, ardiak gustatzen zaizkit gehien. Xumeagoak dira, eta erraz menderatzekoak. Hogei ardi bakarrik dauzkat orain, baina entretenitu egiten naute.

Zaila izan behar zuen 200 ardi maneiatzea, ez?

Ez pentsa. Zenbat eta ardi gehiago izan, errazago menderatzen dira, txakurraren laguntzarekin.

Aurtengo lehortearekin, jatekorik izan al dute?

Kanpoan ez. Nik eman behar izan diet. Urte asko dira uda honetako lehortea bezalakorik izan ez dela. Aurretik ere tokatu zaizkit hiruzpalau lehorte, baina aurtengoa oso uda sikua izan da.

Urtero egiten duzu gazta. Antzina egiten zen bezala, gainera.

Ahal dudana egiten dut, baina bai, beti ateratzen da zerbait. Esnea jaso eta 30 gradutara berotzen dut, ondoren arkumearen urdailaren bilgarrian sartzeko. Gero lehortzen uzten dut, eta pixka bat gogortu egiten da. Ur gazian sartu behar da azkenik. Hori egin behar da, Gutxi gorabehera.

Berdina al da gazta guztien zaporea?

Gazta bakoitza desberdina da. Ardiei esnea egun beroetan ateratzen bazaie, esnea gogorragoa izaten da. Beraz, hobe da bero handirik ez egitea ardia jezten denean. Hainbat gauza hartu behar dira kontuan.

Oro har, jendeari gustatzen al zaizkio zure gaztak?

Orokorrean, uste dut baietz. Lehengo batean, Untzilla [Aramaio] auzoko festetako bazkarira joan nintzen, gazta eraman nien lagunei, eta oso gustura jan zuten.

Gaztak egiteaz gain, baratzea zaindu behar duzu, erleak dituzu, ehizara joan ohi zara... Egunak ematen al dizu hori guztia egiteko?

Artaldea da garrantzitsuena, baina denbora daukat guztia egiteko egun bakoitzean zer egin aukeratuta. Orain gutxitan joaten naiz basurdeak ehizatzera, ezin dudalako eskopeta erabili. Txakurrarekin basotik ibiltzea gustatzen zaidanez, harekin joaten naiz basurde bila.

Eta nola harrapatzen dituzu eskopetarik ez badaukazu?

Lagunen laguntzaz. Sasien artean gordetzen dira basurdeak. Txakurrek ikusten dituztenean, sasi artetik aterarazten dituzte. Ehizatzen dauden lagunek tirokatzen dituzte ondoren. 103 kiloko bat harrapatu genuen aurrekoan.

Mendizalie amorratua ere izan zara. Euskal Herriko tontor guztiak ezagutzen dituzu?

Guztiak ez dakit, baina gehienak bai. Orain ez daukat mendi askotara igotzeko adinik, baina beti gustatu izan zait.

Kalean edo beste nonbait biziko zinateke?

Hilean behin hamabost bat lagun elkartzen gara kuadrillan, eta bazkari on bat egiten dugu Uribarri [Aramaio] auzoan. Batzuetan kalera ere jaisten naiz, zerbait behar badut, baina ez naiz inoiz kalean biziko, ez zait gustatzen.

90 urte bete zenituenean, zure familiak bidaia bat oparitu zizun hegazkinez. Nolakoa izan zen esperientzia?

Beldur handia izan nuen, baina asko gozatu nuen. Lehen aldia zen hain hegazkin txiki batean ibiltzen nintzela. Hodeietaraino igo ginen, eta ateek zarata ateratzen zuten. Nire anaiak ezin zuen hitz egin, oso beldurtuta baitzegoen. Nik, behintzat, pilotuarekin hitz egiten nuen. Buelta ederra eman genuen. Gasteiztik irten eta Gorbeia mendiaren gainetik igaro ginen aurrena, eta Anbotora joan ginen handik; gogoan dut tontorra zein txikia ikusten zen. Nire baserria goitik ezagutzera joan ginen gero.

Berriro izateko moduko esperientzia izan zen?

Errepikatuko nuke, baina helikoptero batean edo antzeko zerbaitetan; ni ez naiz beste hegazkin txiki batean berriz ibiliko. Hala ere, nahiago dut dena lurretik ikusi.

Nola sentitzen zara Aramaioko gizonik zaharrena izanda?

Lehen, nengoen sasoiko; orain, gero eta gutxiago. Halere, ez dut aparteko ezer egin adin honetara nagoen bezala iristeko. Herriko gizonik nagusiena naizela? Oso ondo. Ez dut horretan askorik pentsatzen.

Argi duzu artzain izan nahi duzula aurrerantzean ere?

Oraindik gauza asko gelditzen zaizkit egiteko, eta egin nahi ditut bizi naizen artean; entretenituko nauten lanak behar ditut: ezin naiz ezer egin gabe egon. Etxetik irten ahal banaiz, lan asko ematen ez didaten ardiak zaindu ahal baditut eta beste arduraren bat gehiago badaukat, gustura nago. Beraz, hemen jarraituko dut, baserrian. Inon baino hobeto nago Arraburun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.