Korsikaren autonomia

FLNCk eragina izan nahi du

Korsikako talde armatuak negoziazioen bezperan hartu ditu bere gain iaztik egindako hamasei eraso. «Ezin ezkorragoa» da negoziazioei buruz

FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak iazko urrian egin zuen prentsaurrekoa. BERRIA.
ander perez zala
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea une erabakigarrian itzuli da eguneroko politikora. Talde armatuak kontuan hartzeko moduko eragile bat izan nahi du Frantziako eta Korsikako ordezkari politikoen arteko negoziazioetan, eta horregatik iragarri zuen, elkarrizketa horien bezperan, bere gain hartzen zituela hamasei eraso —joan den irailean atentatu saiakera baten berri eman zuen—. Horiek guztiak iazko Korsikako Asanblearako bozen ondoren egindakoak izanik, FLNCk agerian utzi du agortutzat edo ia agortutzat duela armarik gabeko estrategia, eta horrek, ezinbestean, bi galdera ekarri ditu hizpidera: FLNC zer gaitasunekin itzuli da, eta zer-nolako pisua izango du?

Oraindik asko falta da erantzunak izateko, baina, bitarterako, argi dagoena da talde armatua oso ezkor agertu dela egungo egoeraren irakurketa egitean. Ez die ezta izaera «historikoa» aitortzen ere uhartearen etorkizun instituzionalaz bihar abiatuko dituzten solasaldiei; are, badirudi FLNC ez dela ia inorekin fio, hilaren 11n argitara atera zuen komunikatuan Frantziako Estatua, Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua eta haren ingurukoak gogor kritikatzen baititu orain arte izan duten estrategiarengatik eta aurrerapausorik ezagatik.

Iazko hauteskundeez geroztik agintetik kanpo daude talde armatuari eta bere estrategiari erabateko sostengua eman dieten independentistak, eta horrek ere eragina izan du FLNCren azken erabakietan. Oro har, ordea, arrazoiak harago doaz, komunikatu horretan zehatz esan zutenez: «Argi dago ez garela gure herria bere lurretan jasaten ari den heriotza programatuaren begirale pasiboak izango».

FLNCk, oraingoz, bigarren etxebizitzen kontrako erasoetan jarri du arreta, eta, horien bidez, pixkanaka presioa handitzen aritu zaio Simeoniri. Korsikako gobernuburua oso jakitun zegoen indarkeriaren itzuleraren aukeraz, 2015etik hona hainbatetan aipatu baitu aukera hori; haren kasuan, batez ere Parisi presio egiteko, baina baita armarik gabeko estrategia nahi zuelako ere.

Besteak beste, testuinguru horrek mugimendu nazionalistaren arrakasta elektorala ekarri du berekin, eta uharteko errealitate politikoaren sakoneko eraldaketa bat; ez, ordea, autonomisten eta independentisten aldarrikapen historikorik, talde armatuak oroitarazi zuen modura. Horregatik esan zion FLNCk Simeoniri bere «erantzukizunaren neurria» hartzeko, honako helburuak lortze aldera: «Korsikako herriaren aitortza ofiziala», «berehalako eta aldi baterako autonomia politiko bat» eta «autodeterminaziorako sarbidea bost urteko epean».

Darmaninen ohartarazpena

Korsikaren autonomiari buruzko negoziazioak hasiko dituzte iragan martxoan Yvan Colonnaren heriotzaren harira izandako protesten ondorioz. Hilabete horretan tentsioa erabatekoa izan zen uharteko politikan eta kaleetan, eta presio horri esker lortu zuten nazionalistek Parisi hainbatetan eskaturiko elkarrizketa. Besteak beste, Gerald Darmanin Barne ministro eta Frantziako Gobernuaren negoziatzaileak baldintza hau jarri zuen: indarkeria amaitzea.

Hori kontuan harturik, baliteke FLNCren itzulerak mesederik ez egitea bihar hasiko dituzten elkarrizketei, eta Darmaninek berak errealitate hori argudio gisa erabiltzea negoziazioak blokeatzeko.

Talde armatua «ezin ezkorrago» dago solasaldi horiei begira, «toki gutxi» dagoelakoan «egiazko eraldaketa instituzionaleko anbiziorako». Eta horrek etengabeko soka bat elika dezake. FLNC kontuan hartuko duten ala ez, horrek eragina izan dezakeelako negoziazioetan eta talde armatuaren erabakietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.