Albistea entzun

80 urtetik gorakoak, ugariago

Azken hogei urteotan, 80 urte baino zaharragoak direnen kopurua ia bikoiztu egin da Euskal Herrian. Desoreka demografikoak are eragin handiagoa du despopulazioa arazo den eskualdeetan

Adineko hiru gizon paseoan, Donostiako Kontxa hondartzaren inguruan. Euskal Herrian, bizi itxaropena gora egiten ari da etengabe.
Adineko hiru gizon paseoan, Donostiako Kontxa hondartzaren inguruan. Euskal Herrian, bizi itxaropena gora egiten ari da etengabe. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2021eko maiatzak 20

Euskal gizartea zahartzen ari dela esatean, ez dago albiste handirik. Are, azken urteetan egoera horri lotutako arazo ugari azaleratu dira: pentsioak ordaintzea, zaintzen beharra... Zahartzearen errealitate demografikoak ekarri dituen ondorioetako batzuk besterik ez dira. Horrekin batera, beste joera bat ere indartzen ari da: gainzahartzea. 80 urtetik gorako pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da azken hogei urteetan: %3,9 ziren 2000ko hamarkadaren hasieran, eta %7 ziren iaz. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapeneko behatokiak ikertu du gaia, eta Imanol Esnaola koordinatzaileak gainzahartzearen atzean dagoen hutsuneari begiratu dio: «Gure herriak egin gabe du belaunaldien arteko hitzarmena; beraz, desoreka demografikoek are ondorio sakonagoak dituzte».

Finean, desoreka baten ondorioa da 80 urtetik gorako pertsonek biztanleria osoan duten pisua handitzea. Esnaolak dio egitura demografiko egoki baten gabeziaren adierazle dela, «belaunaldi gazte eta zaharren arteko oreka apurtzen denean agerian geratzen dena». Arazoa ez baitira adinekoak, baizik eta gazterik eza, edo gazte gutxi dagoela, oreka demografikoari eutsi ahal izateko: «Gazteagoei baitagokie zaintza bere zabaltasunean».

Desoreka horren oinarria gerraondoko erabaki sozioekonomikoetan topatu du: «Gogoan hartu behar ditugu, batetik, garai bateko hazkunde demografikoa eta, bestetik, petrolioaren krisiak eragindako atzeraldia. Horrekin batera, biztanleria mugiarazi duten prozesu sozioekonomiko konplexuak ere badaude». Alegia, joan den mendean, hazkunde demografikoaz gain, atzeraldiak ere izan ziren euskal gizartean, eta horrek eragin du 80 urtetik gorakoen kopurua handitzea. 1970eko hamarkadaz geroztik jaiotza tasak behera egin du, eta Esnaolak aurreikusi du baby boom-eko belaunaldia zahartu ahala gainzahartzearen tasak gora egingo duela etorkizunean.

Gaur-gaurkoz, Europako Batasuneko gainzahartze tasatik gora dago Euskal Herria: kontinenteko batezbestekoa %5,9 da, eta Italia (%7,4) eta Grezia (%7,2) soilik daude Euskal Herriko zenbatekoaren gainetik. Pareko proportzioa dute Alemaniak (%6,8) eta Portugalek (%6,6). Desoreka demografiko hori, beraz, Europan ere hedatua dagoen joera bat da, Mendebaldeko gizarteen bereizgarrietako bat ere badelako.

Gainzahartzean eragiten duen faktore azpimarragarria da desoreka demografikoa, baina, horrekin batera, bizi itxaropena handitu izanak zuzeneko eragina dauka. Euskal Herrian 84,5 urtekoa da, kontinenteko handiena: Europako Batasuneko batezbestekoa 81,3 urtekoa da. Beraz, desoreka demografikoari bizi itxaropen handia gehituz gero, gainzahartze tasaren goranzko joera da emaitza.

Herritar gehien bizi diren eremuetan dago 80 urtetik gorako biztanle gehien. Are, hiriguneak Euskal Herriko gainzahartze tasa gainditzen du, %7,3ko tasarekin; landa eremuak %7koa du, eta tarteko hiriguneak, %6,6koa. «Fenomenoak hainbat erpin ditu: batetik, non metatu den hazkundea garai batean, eta bestetik, zein eremuk ez duten aukerarik eskaini gazteak errotzeko; ez da ahaztu behar hiriguneetan dagoela adinekoentzat zerbitzu eta azpiegitura gehien». Hirietara migratu zutenen presentziak eragin du egoera hori, baina baita zaintza hurbil edukitzeak ere: «Zaintzak bideragarriagoak izateko seme-alabak gertu izan nahiak ere eragin du».

Industriak erakarrita hustu ziren herrietan eta eskualdeetan ere handitu egin da 80 urtetik gorakoen kopurua. «Nafarroa Garaian, esaterako, herri txikienak ari dira nozitzen egoera larriena, Iruñerrira bideratu direlako aukera guztiak hainbat hamarkadatan». Ikusi besterik ez dago, bestela, Pirinioetako, Zangozaldeko eta Montejurrako eskualdeetan gainzahartzeak izan duen bilakaera: «XX. mendearen erditik aurrera Mediterraneo isurialdeko zenbait eremuk industria bizkor garatu zuten, eta landatik eremu horietara migrazio fluxu handia joan zen. Migratzaile horien sorterrian gainzahartzea oso handia da egun, bitarteko belaunaldiek alde egin zutelako eta, gainera, luzaroan ez dituztelako belaunaldi berriak egonkortu».

Nafarroako eskualde horien antzeko egoera dute Zuberoak eta Arabako Mendialdeak eta Ibarrek. «Gainzahartzea despopulazioaren eskutik dator», eta horrek are egoera makurragoan utzi ditu herriok.

1940ko hamarkadan, herrigune ertainek pizkunde industriala izan zuten Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horren ostean, jaiotza tasa handia izan zuten. «Orain, belaunaldi horiek zahartzen ari dira. Denboran belaunaldien ordezkapen orekatua mantendu duten eremuetan ez dago gainzahartzearen arrasto berezirik». Horregatik, bi lurraldeotan, gainzahartzearen bilakaera nahiko parekoa izan da eskualdez eskualde. Dena den, desindustrializazio prozesuak erasandako herri batzuetan —Sestao, Basauri, Portugalete (Bizkaia), Laudio (Araba) edo Eibar (Gipuzkoa)— gainzahartze tasa handia da.

Bi fenomeno ezberdin

Joera orokor horien aurka doazen bi adibide ere badaude euskal geografian. Trebiñu (Araba) da horietako bat: Euskal Herriko eskualde bakarra da gainzahartze tasak behera egin duena hogei urtean. Kasu berezia dela dio Esnaolak: «gizarte zerbitzuak Gaztela Leonen [Espainia] ez izatearren, adineko pertsonak Arabako beste eskualde batera joaten baitira bizitzera». Arabako Mendialdearen eta Ibarren artean dago konderria, eta bi eskualde horietan Euskal Herriko batezbestekotik gora egin du 80 urtetik gorako biztanleen kopuruak.

Lapurdiko kostaldeko fenomenoa ere berezia da. Migrazio handia du inguruak: Ipar Euskal Herriko biztanleen %40tik gora kanpoan jaiotakoak dira, baina proportzio hori hamar puntuan emendatzen da Miarritzen, Hendaian, Angelun eta Baiona inguruko eremuan. Migrazio horien tipologia, ordea, berezia da: «Migrazio fluxuak, oro har, lan adinean diren pertsonek osatu ohi dituzte, baina Ipar Euskal Herria, bereziki Lapurdiko itsas hegia, kalitatezko erretiroa izateko gunea ere bada. Horrek adineko herritarrak erakartzen ditu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Alderdien arteko jokotik kanpo utzi behar da hizkuntzaren auzia»

Julen Aperribai

Kontsentsuak sortzeko duen gaitasuna goratu dio Eskisabelek Kontseiluari, baita eraldaketa prozesuekin lotzeko borondatea ere. Horretan eragin nahi du, baina bide horretan hasia ikusten du euskalgintza.
Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Osakidetzaren kudeaketa eredu «bertikalak» eragindako zurrunbiloa

Arantza Iraola - Paulo Ostolaza - Edurne Begiristain

Donostiako ESIko langileen artean «ezinegona» dago. Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute

Pello Otxandiano, Blbon egindako hitzaldian ©Monika del Valle / Foku

Hezkuntza akordioak «jauzi bat» ekartzea nahi du EH Bilduk

Gotzon Hermosilla

Lege berriak haren ustez ekarri beharko lituzkeen 11 urratsak zerrendatu ditu Bilbon egindako mintegi batean.

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Paul Bibao karguan haren aurrekoa, atzean Kontseiluko eragileetako ordezkarik dituztela, gaur, Durangon (Bizkaia). ©Euskalgintzaren Kontseilua

Adostasunak eta «letra larriko politika» aldarrikatu ditu Eskisabelek, Kontseiluaren lema hartuta

Julen Aperribai

Euskararen biziberritzea «justiziari eta kohesio sozialari muin-muinean» lotutako auzia dela defendatu du idazkari nagusiak, eta balio horiekin bat egiten duten guztiekin adostasunak bilatuko dituela aurreratu. Tresna berriak behar dituzte euskaldunek, haren arabera, «bizitza bizigarriak izango badituzte».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.