Baionako festetan izandako sexu erasoak salatu dituzte

Talde bortxaketa bat, bi sexu eraso eta 124 ziztada salaketa izan dira aurten. Arazo estrukturala dela erran du mugimendu feministak

Jende andanak parte hartu zuen protestan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Baionako festetan izandako sexu erasoak eta eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, mugimendu feministak eta zenbait eragilek deituta. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria bertan zen, baita Baionako Herriko Etxeko talde politiko guzietako ordezkari eta hautetsi andana ere.

Asteartean egin zuten besten bilana herriko etxeak eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak, eta bertan aipatu zituzten besten garaian izandako erasoak. Bortxaketa bat, bi sexu eraso eta 124 ziztada izan dira bost egunetan. Bi gizon atxilotu eta akusaziopean ezarri dituzte talde bortxaketa leporatuta, baina baldintzapean aske utzi dituzte, behin-behinean.

«Hauek dira salatuak izan diren erasoak, baina badakigu jakinak izan ez diren beste hainbat gertatu direla», adierazi zuten atzo mugimendu feministaren izenean, eraso dieten guziei babesa helarazita. «Eraso matxisten kasu horiek ez dira kasu bakanak, baina arazo estruktural baten barnean kokatzen dira. Egoera horren aitzinean, bide desberdinetatik borrokan segituko dugu».

Protokolo zabaldua

Azken urteetan garatuz joan dirabestetan gertatutako erasoei aurre egiteko protokoloa. Urteetan eragileek bakarrik eramandakoa instituzioek ere bere egin dute pixkanaka. Hala, PAF talde feministak ostatu eta elkarteekin egiten duen sentsibilizazio kanpainaz gain, Baionako peñen elkarteak ere lanketa berezia egin du aurten, besten garaian peñak babesleku bilakatzeko. Halaber, Maina harrera gunea ere sortu du herriko etxeak aurtengo bestetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.