HIRIETAKO BESTE ESPEZIE BATZUK

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Usoak

Taldeetan bizi dira, eta ez dira euren bizilekuetatik urruntzen: hiri edo herri berean geratzen dira. Komunitate egonkorrak osatzen dituzte. Gehiegi ugaltzen badira, harrapatu eta hil egiten dituzte. Hirietako usoek 5 urteko bizi itxaropena dute. Udaberrian izaten dute jarduerarik handiena. Zaborra jaten dute gehienbat, gizakiek utzitakoa. Kilo erdi janari behar dute astero, eta, digestioa errazteko, hondar aleekin edo harritxoekin batera hartzen dute. Jan gabe egun batzuk bizirik iraun dezakete, baina ura egunero behar dute.

Usoen gorotza oso korrosiboa da: eraikinetan eta teilatuetako hodietan kalte ugari eragiten ditu, eta erakundeek kontrol neurriak hartu ohi dituzte horiek saihesteko. Lorategietako landare eta zuhaitz gazteak ere suntsi ditzake. Hala ere, sor dezaketen arazorik larrienak osasunarekin dauka zerikusia: usoak histoplasmosia —biriketako gaitz bat— eragin dezakeen onddoaren eramaile dira. Ornitosia —pneumoniaren antzeko eritasun bat— eta salmonellosia ere transmititu ditzakete.

Arratoiak

Arratoiak urtean bost bat aldiz erditzen dira, eta bost eta hamabost kume artean jaiotzen dira bakoitzean. 5-7 urte bizi daitezke. Rattus norvegicus —estolda arratoia— eta Rattus rattus—arratoi beltza— espezieak dira ohikoenak. Lehena oso toki hezeetan bizi da. Denetarik jaten du: haragia, intsektuak, belarra, plastikoa... Egunero bere pisuaren heren bat jateko gauza da. Arratoi beltza, berriz, toki lehorretan bizi da, eta ez da habitatetik urruntzen. Orojalea da.

Oso toki zikinetan bizi dira biak; hortaz, hainbat gaixotasunen eramaile dira; dena den, zaila da horiek transmititzea, ez bada hozkada baten bidez. Taldeetan bizi dira, modu hierarkizatuan: beheko postuan daudenek probatzen dituzte elikagai berriak; hiltzen badira, besteek ez dute hartzen; beraz, horiek kontrolatzeko pestizida antikoagulatzaileak erabiltzen dituzte, ez daitezen berehala hil, baizik eta bizpahiru egunera.

Pozoien aurkako erresistentzia handia dute: kanibalak ere badirenez, pozoitutako arratoi hilak jatean pozoi apur bat irensten dute, eta hura ezabatu eta immunizazioa garatzeko gai dira. Euskal Herriko hiriburuetan biztanle bakoitzeko 0,8-1,2 arratoi daude; herritar bakoitzeko lau arratoitik aurrera hartzen da izurritetzat.

Kaleko katuak

Katuak ere taldeetan bizi dira, eta bakoitzak bere eremua izaten du. Arazo iturri ere izaten dira, janaria bilatzean zabor poltsak puskatu eta hondakinak barreiatzendituztelako. Zaratagatik ere jasotzen dituzte kexak udalek; halaber, gorotzak uzten dituzte kalean, baina, salbuespenak salbuespen, ez dira arriskutsuak.

Katuekin ere oso zaila da jakitea benetan zenbat dauden. Kopuruak oso handiak direnean, udalek harrapatu eta akabatu egiten dituzte, adopzioa ia ezinezkoa delako, kale katuak beren kabuz bizitzera ohituta daudelako. Zenbaitetan, kontrol neurriak ere ezartzen dituzte: identifikatu, garbitu, parasitoak kendu eta amorruaren aurkako txertoak jartzen dizkiete, baita antzutu ere, ugaldu ez daitezen.

Arabazozoak

Azken urteetan nabarmen ugaritu da espezie hori herri eta hirietan; bereziki, Hego Euskal Herrian. Aurtengo neguan, milaka arabazozo izan ziren Tuteran (Nafarroa), eta neurriak hartu behar izan zituzten —hegaztientzako soinu desatseginen bidez uxatu zituzten—.

Izan ere, hiriak lotarako erabiltzeko joera hartu dute. Leku beroak bilatzen dituzte ugaltzeko —industria guneak eta goi tentsioko lineak, adibidez—; horretarako gaitasun handia dute. Gainera, talde handietan bizi direnez, etsai naturalengandik babesten dira. Zarata handia ateratzen dute eta haien gorotza oso korrosiboa da, labainkorra, eta usain gogorrekoa. Hala ere, osasun arazo larririk ez du eragiten, baina beste intsektu batzuen ugaritzea ekar dezake.

Zimitzak

2000. urtetik aurrera nabarmen ugaritu dira zimitzak —bereziki, ohe zimitzak— Europa osoan, eta izurri hitza ere erabili dute adituek. Oso txikiak dira: 5-10 milimetro. XX. mendearen erdi aldera desagertutzat jo zituzten, baina kontinenteen arteko bidaiak ugaritzeak ekarri du berriz zabaltzea.

Zimitzek intsektiziden aurkako erresistentzia handia sortu dute. Edozein tokitan egin dezakete habia; orokorrean, gizakiak atsedena hartzen duen tokietan: ohikoak dira hoteletan, ospitaletan, garraiobideetan. Gizakien odolaz elikatzen dira, baina ez dute gaixotasunik transmititzen, ez badira larruazaleko gorriuneak eta, zenbait kasutan, erreakzio alergikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.