Santander-Bilbo trena: zentzugabekeria bat

Paco Dehesa
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan, sekulako zentzugabekeria ikusten ari gara Santander-Bilbo trenbidea eta haren zerbitzuaren bilakaera direla eta; zerbitzua, edo, hobeto esanda, zerbitzuaren galera ia erabatekoa,COVID-19aren pandemia agertzean ia erabat itxi zutela aprobetxatu baitute. Horrek eragin dien herritarren kolektibo adoretsu batek, Santander-Bilboko Trenaren Aldeko Plataforman bilduta, ahalegina egin du iritzi publikoa sentsibilizatzeko eta ulertarazteko premiazkoa dela neurriak hartzea azpiegitura hori leheneratu eta hobetzeko, uste baitute funtsezkoa dela Kantabriako eta Bizkaiko landa eremu batzuetako herritarren garraiorako. Haien ekintzei, hasieran, isiltasun ia erabatekoz erantzun zieten auzian parte diren administrazioek, eta indiferentziaz, berriz, azpiegitura horren erabiltzaile potentzialek. Plataformak, ordea, nekaezin eta buru-belarri segitu du, eta fruituak lortzen ari da: gaur egun, gero eta jende gehiago eskatzen ari da trenbide hori mantendu eta hobetzeko, eta eskaera hori, gainera, nabarmen errotzen ari da linea horren galerak eragina duen herrietan.

Zerbitzu hori gehixeago edo gutxixeago erabili izan dugunok zenbait datu garrantzitsu bildu ditugu: esate baterako, jakin dugu 1980an tren batzuek 55 minutu behar izaten zituztela Karrantza eta Basurtu arteko joan-etorria egiteko, eta 2019an, berriz,70 minutu behar zituztela gutxienez. Datu horrek, argi eta garbi, linea nola okertzen ari den erakusten du, baina, horrez gainera, aipatzekoak dira halaber ordutegien informaltasuna, zerbitzuaren segurtasun falta, azalpenik gabeko atzerapenak eta, oro har, instalazioen eta zerbitzuen okertze etengabea. Eta hori dena lehendik ere gertatzen zen, COVID-19ak trenbidea ia zeharo itxiarazi aurretik ere. Orain, ustez zerbitzua berrezartzen ari diren honetan, argi geratzen ari da lehengora itzultzen ari garela: egunero izaten dira gorabeherak, eta erabiltzaileenganako formaltasunik eta errespeturik batere ez dago.

Ehun urtez, Bilbo-Santander trenbideak bete egin zuen halako azpiegitura batetik espero izatekoa zen eginkizuna. Joan-etorriak egitea erraztu zien herritarrei, baita lantokira, ikastetxera eta aisiaguneetara iristea ere. Horrez gainera, Kantabriako eta Bizkaiko eskualde zabaletako jarduera ekonomikoa suspertu zuen, eta turismo termala dinamizatzen lagundu, zeinak garrantzi handia izan baitzuen XX. mendearen hasieran inguru horietan. Halaber, abeltzaintza garatzen ere lagundu zuen, behiena bereziki: izan ere, merkataritza harremanak erraztu egin ziren esnea garraiatzeko bide hari esker, eta trenbideak modua eman zuen hala ganadua nola abeltzainak ferietara, merkatuetara, ganadu lehiaketetara eta abarretara joateko ere. Bestalde, bereziki asteburuetan, trenbidearen ibilbideko nekazari eskualdeetatik emigratu zutenek joan-etorriak egiteko bide ere bihurtu zen linea hura, lan eta ekonomia jarduera handiko hiriguneetara iritsi ahal izan zitezen, gure geografia txikietako giza eta hiri paisaia eraldatu zuen barne emigrazioko fenomeno hartan.

Trenbideak, beraz, hainbeste aipatzen den eginkizun hori bete zuen: Santander eta Bilbo arteko lurralde zabal bat egituratzea. 1980ko urteetatik, ordea, hondatuz-hondatuz joan da; besteak beste, zerbitzu gutxiago ematen dira orain, eta kalitate okerragokoak, konpainiako langileen jarrera oro har atsegina gorabehera. Izan ere, administrazio publikoek —bereziki Feve konpainiak lehenik eta Renfek gero— trenbideak abandonatzeko politikak ezarri zituzten, salbuespen gisa harturik abiadura handiaren erakusleiho ikusgarria, Espainiako AHTa ardatz. Paradoxa handia da, inondik ere, hain justu Kantabriak eta Euskadik hain urrun izatea oraindik azpiegitura hori. Ulertezina.

Trenaren erabiltzaileek baliabide hori behar dute Bilbora eta Bilbo ingurura joateko, lanera eta ikastera, eta sarriago joango lirateke zerbitzuak maiztasun hobeak balitu eta ordutegiak eta puntualtasuna errespetatuko balira. Duela oso gutxi arte, linea hori asko erabiltzen zen asteburuetan Enkarterriko herri batzuetatik Bilbora joan-etorriak egiteko. Gaur egun, berriz, trenbidea dagoen bezala egonik eta hain autobus gutxi egonik, jendeak sentitzen du Karrantza eta Bizkaiko mendebaldeko gainerako herriek asteburuetan ez dutela inondik ere gutxieneko funtzionaltasuna duen garraio publikorik. Gainera, erabiltzaile profil berriak daude: pandemiaren aurretik egin nituen azken bidaietan, adibidez, aitona-amona ugariren konpainian joan nintzen trenean, bilobak zaintzera joaten baitziren Bilbora, gorabeheraren bat zela medio seme-alabek haien laguntza behar zutenean. Eta ezin dugu ahaztu gaur egun ez dagoela, trenbidea alde batera utzita, inolako garraio publiko zuzenik herri horietatik Bilbora. Lanegunetan, bi aldiz aldatu behar da autobusa Turtzioztik Bilbora joateko: behin Traslaviñan (Artzentales), eta beste behin Zallan. Ez da, ez, oso aukera erakargarria, eta are gutxiago adinekoentzat.

Enkarterriko herritarrek garraiorako eskubidea defendatu nahi dute, eta kalitatezko zerbitzuak lortzea espero dute, trenbide zerbitzuak barne. Eta beste hainbeste esan dezakegu arazoak eragiten dien kantabriarrez. Oro har, alderdi politikoek gutxi-asko argi babestu dituzte plataformaren aldarriak, tartean Kantabriako Gobernuan, Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuan bertan parte hartzen duten alderdiak. Lineak eragiten dien Bizkaiko herrien ikuspegitik, baina, trenbidea probintzia artekoa izateak beharbada zaildu egingo du euskal instituzioak arazoa konpontzeko bidean inplikatzea. Bada zantzu itxaropentsurik, ordea, erakunde horiek ez diotela men egingo hau beren kontua ez dela pentsatzeko tentazioari. Arazoak eragiten dien guztiak, hala Kantabrian nola Bizkaian, zain daude gure klase politikoak konpromiso argi bat noiz hartuko, nahi duten hori egia bihur dadin lehenbailehen.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.