urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hauteskundeen zurrunbiloa

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Duela bost urte eta erdi, 2016ko azaroaren 8an, erredakzioko bileraren amaieran galdetu zidaten: «Berriz ere brexit-a ez, ezta?». Ezetz erantzun nien, ez zegoela lau hilabete lehenago gertatutakoa errepikatzerik. Inkesta guztiek ematen zutela Hillary Clinton garaile. AEBetako sistema politikoak hori berariaz zaintzen zuela zioten adituek, eta zalantzan zeuden zortzi-hamar estatuetatik den-denak irabazi behar zituela Trumpek; bakar bat Clintonek eskuratuz gero, ezinezkoa zen Trumpen garaipena. Ez dago istorioan aurrera egin beharrik, ondo dakizue gertatutakoa: Floridaz gain, Pennsylvaniatik Wisconsinerainoko tarte urdin guztia gorri bihurtu zen 2012tik 2016ra. Uherraren zerrendak Trump bozkatu zuen, eta tiradizo handia dauka buruzagi errepublikanoak oraindik.

Alde horretatik, azaltzen saiatuta ere, oso zaila da AEBetako sistema ulertzea: gauza bat da parlamentuak, legebiltzarrak, senatuak eta ganberak eratzerakoan lurraldearekiko atxikimendua edo ordezkaritza egotea, eta hori beti ez izatea modu proportzionalean, hiri edota landa eremuak aintzat hartu behar baitira —jende gehien biltzen duen hirietako botoak ez dezan haiengandik urrun baina askoz jende gutxiago daukan lurraldeko jarduera erabaki, alegia—. A ala B presidentea hautatu behar badira, ordea, logikoena da bien artean boto gehien dituena izatea presidente. Baina ez, AEBetan ez da horrela, 50 estatuetako bakoitzaren ordezkaritzek ematen dute Etxe Zurirako bidea. Besteak beste, horren ondorioetako bat da estatu ez diren eremuetako herritarrek ez dutela presidentea hautatzen. Lerrook idazten ari naizen Washington hiriburukoek, esaterako. «Taxation Without Representation» dauka gure autoko matrikulak, hiriburuko gainerako guztiek bezala: zergak ordaindu bai, baina ordezkaritzarik ez. XVIII. mendean independentzia gerrari ekiteko lelo garrantzitsuenetako bat izan zen. Gerora, Hirshmannen Voice or Exit —Ahotsa ala Irteera, hau da, eman ahotsa, edo banoa talde/herrialde honetatik— kontzeptuak laburbildu du ideia hori, gurean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi bezala. Egunotan errealitate horren adierazpide mingarrienetakoa gertatu da Washingtonen, Auzitegi Gorenean: ebatzi zuten, ia aho batez, AEBetako 50 estatuetan elbarrientzako dituzten laguntza federalak ez dagozkiela Puerto Ricoko herritarrei; jatorri puertorricarreko Sonia Sotomayor epailea izan zen laguntzen alde egin zuen bakarra. Erabateko kolonialismo erakustaldia izan da, baina horrelaxe dago sistema antolatuta: puertorricarrak estatubatuar herritarrak dira, eta haien eskubideak dituzte, baina 50 estatuetako batean bizi baldin badira baino ez. Beste horrenbeste gertatzen da Washington hiriburuko herritarrekin.

Zentzu horretan, eta presidentea boto zuzen bidez hautatzen den beste sistemarekin alderatuta, azken horrek askoz ere egokiagoa dirudi, bere kutsu jakobino guztiarekin, Parisen, Baionan, Cortin zein Noumean botoak berdin balio duela esanda ere. Eta noski, ardura ere konpartituagoa da; AEBetako estatu gehienetan bizi direnek badakite nor gailenduko den, faboritoaren aurkako hautagaiaren aldekoa bazara boto emateak ia zentzua galtzeraino, tartea txikia den lurraldeetan baino ez baita azkenean botoa aldaketarako giltza. Zailagoa da Frantziako bigarren itzuli honetan ardura gainetik kentzea, Macron ona ez baina Le Pen biziki txarra dela jakinik —ez zegoen azpimarratu beharrik ere, baina bretoierazko irakaskuntzaren aurka asteon esandakoak aski argigarri dira zer-nolako hondamendia litzatekeen nabarmentzeko—. Tira, alde horretatik, 2016an birritan esan nuen legez, orain bai, inkestek boteretik geroz eta hurbilago kokatzen duten arren, eskuin muturrak kale egingo duelakoan nago. Hirugarrenean asmatuko al dugu.

Gainerakoan, hauteskunde konplikatu zein interesgarriak gura baditugu, hamar egun barru Ipar Irlandara begira jartzea aholkatuko nizueke. Han bai, zerrendetan zure hautagaia zein den markatzeaz gain, haren ostean bigarren gustukoen zein duzun ere adierazi behar duzu; pentsa zer-nolako arazoak dakartzan horrek zenbaketan. Arazoak arazo, herritarrek ezagutzen dute sistema, eta zer duten jokoan: eskumen gutxi, alde batetik begiratuta; aldaketa historikoaren aukera bestetik, Sinn Fein Ipar Irlandako lehen indar bihurtzen bada, eta, ondorioz, sei konderri okupatuetako agintea lortzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.