Sedizio delitua «europartzeko» asmoa azaldu du Pedro Sanchezek

Espainiako presidenteak esan du konstituzioak 155. artikulua duela «etorkizuneko saiakerei aurre egiteko». JxCk «iruzurtzat» jo du PSOEk eta Podemosek aurkeztutako lege proposamena

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez, atzo, Espainiako Diputatuen Kongresuan, Madrilen. KIKO HUESCA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Sedizio delitua Espainiako Zigor Kodetik kentzeko proposamenak lehen urratsa egitekoa zuen atzo, baina edizio hau ixterako Espainiako Diputatuen Kongresuak ez zuen Zigor Kodearen erreforma tramiterako onartua, nahiz eta gobernu koalizioa osatzen duten PSOEk eta Podemosek aurkeztutako lege proposamenak nahiko babes izan aurrera ateratzeko; besteak beste, ERC Esquerra Republicanarena. Erreformaren ondorioz, sedizio delituaren ordez «desordena publiko larriak» zigortuko dituzte. Zigorrak hamabost urtetik bost urtera murriztuko dituzte. Funtsean, Espainiako Gobernuaren helburua da zigor berriak Europako legeriara «egokitzea» eta, era berean, Kataluniako «bizikidetza hobetzea». Zigor Kodearen erreforma tramiterako onartzearen truke, ERCko hamahiru diputatuek Espainiako Estatuko 2023ko aurrekontu proiektua babestu zuten.

PSOEk eta Podemosek lege proposamen gisa erregistratu dute kongresuan, sedizio delitua erreformatzea helburu duen Zigor Kodeko aldaketaren tramitazioa azkarragoa izan dadin. Izan ere, koalizio gobernuak lege proiektu gisa aurkeztu izan balu, kontsulta organoen txostenen zain egon beharko luke aurrena, beste edozein pauso eman aurretik. CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazi zuen, atzo, Kongresuari ez diola eskatuko proposamenaren berri emateko.

Botoa, ahots goran

Proposamena bozkatzeko modua ez zen ohikoa izan, diputatuek ahots goran eman behar izan baitzuten beren botoa, PSOE «agerian uzteko» asmoarekin PPk hala behartuta. Espainiako Kongresuko arautegiaren 85. artikuluaren arabera, bozketa bat hala egingo da diputatuen bosten batek eskatzen badu —PPk 88 ditu, bosten bat baino gehiago—. Legeen kasuan ez da molde hori erabili ohi izan; bai, ordea, inbestidura saioetan edo konfiantza zein zentsura mozioetan.

Espainiako presidente Pedro Sanchezek adierazi zuenez, orain Kongresuari dagokio gobernuko koalizioko bi alderdiek bultzatutako lege proposamena izapidetzea, sedizio delitua «europartzeko». «Uste dut lezioak atera behar ditugula 2017tik: politikak tresnak ditu: elkarrizketarako eta berriz elkartzeko». Sanchezen arabera, Espainiako Konstituzioak 155. artikulua du «etorkizuneko saiakerei aurre egiteko», eta gogorarazi zuen zuzenbide estatuak bere burua babesteko tresnak izango dituela.

Kongresuak Zigor Kodearen erreforma tramiterako onartu ostean, zuzenketen fasean, ERCk xedapen hori baliatu zuen diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua murrizteko; besteak beste, delitu hori egotzi zioten Oriol Junqueras ERCko presidenteari. PSOEk hasieran batean ez zion atea guztiz itxi aldaketa hori aztertzeari, baina gobernuko bazkide batzuen ezetzen eta erreakzioen eraginez, Sanchezek ez zuen zehaztu zein jarrera izango duen.

JxC Junts Per Catalunyak mahaigaineratu zuen sedizio delitua indargabetzea, epaiak berrikustea eta aurrekari penalak bertan behera uztea bermatzeko, PSOEren eta Podemosen lege proposamenaren alternatiba gisa. Proposamen hori, hain zuzen, JxCren iritziz, «beste bide batzuetatik errepresioarekin jarraitzea bultzatzen duen iruzurra da».

PPko buru Alberto Nuñez Feijook gogor hitz egin zuen Sanchezen aurka: «Estatuko aurrekontuek neurri ekonomikoak izan behar dituzte, eta aurrekontuek sedizio delitua ezabatzea jasotzen dute, ERCk hala eskatzen duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.