inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Aroztegia: natura salgai

2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bi ikertzailek egindako lan batek lotura aurkitu du euskararen eta naturaren balioen artean. Hau da, euskarak ematen dio zentzua herritarrek ingurunearekin duten harremanari. Arbasoek jarritako izenek esanahi afektiboa dute herritarrengan, eta hizkuntzak zentzua ematen die norberak bere herriarekin eta gertuko parajeekin duen harremanari.

Irati eta Arbailetan egin duten ikerketa horrek antzeko ondorioak jasoko zituen Baztanen ere. Agian are eta indartsuagoak lirateke, biziago baita euskara han Pirinioetako ekialdeko haranetan baino. Naturak balio handia du krisi ekologikoaren garaiotan. Eta natura ere merkatugai bihurtu du kapitalismoak. Zer saldu nahi dute, bestela, Lekarozen golf zelai bat, luxuzko hotel bat eta 200 etxebizitza eraiki nahi dituzten enpresek? Ingurune paregabe bat, kanpoko dirudunek aisialdia igaro dezaten.

Zer eman diezaioke proiektuak Baztani? Etxebizitza batera sartzeko duten zailtasuna konponduko al die gazteei? Haranak zerbitzu gehiago izango al du? Herritarrez husteko joera zuzenduko al du? Euskarak irabazi ala galdu egingo luke? Erantzunak badituzte baztandarrek, eta herriko etxeak azaldu izan ditu, baina haien iritzia ez zaie interesatzen ez sustatzaileei, ez Nafarroako Gobernuari. Interes orokorrak ez du zerikusirik bertakoen beharrekin. Baztan postal polit bat da, salgai erakargarri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.