Sokatira. Munduko Txapelketa

«Sekretua entrenatzea da»

Taiwango tiratzaileek urteak daramatzate emakumezkoen mailan dominak pilatuz. Getxoko Munduko Txapelketan ere erakustaldia eman dute.

Shi Da Taiwango taldeko tiratzaileak, ahalegin betean, atzo. LUR GIL.
Lur Gil.
Getxo
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Maila bakarrean aritu da taldeka Shi Da Taiwangoi taldea Getxoko Munduko Txapelketan, emakumezkoen 540 kiloko mailan. Apustua ongi atera zaie, gehienetan bezala, eta urrezko domina lortu zuten atzo. Tien Chia Jung tiratzaileak urrezko zortzi domina pilatu ditu jada lur gaineko zein goma gaineko munduko txapelketetan, eta bederatzigarrenaren bila aterako da bihar ere, selekzioen arteko lehian.

Ia garaiezinak dira taiwandarrak, baina sekreturik ez dago sokatiran: «Giltza entrenamenduak eta konstantzia dira. Urte osoan entrenatzen gara, eta azken hiru hilabeteetan ia atsedenik gabe. Urte berriko jaietan baino ez dugu hartzen atseden», azaldu zuen Jungek, urrezko domina irabazi berritan.

COVID-19aren pandemiak sokatiraren jarduna zaildu du Taiwanen ere. Bospasei talde aritzen dira han, baina nazioarteko txapelketarik ez dute lehiatzerik izan, atzo arte.

Urteroko maila ikusgarriari eutsi diote taiwandarrek. Teknika ia perfektua daukate, baina ez dira garaiezinak. 2018an Letterkennyn (Irlanda) jokatutako Goma Gaineko Munduko Txapelketan Badaiotzek (Araba) kendu zien urrea. Gogoan du Tien Chia tiratzaileak: «Bi tiraldi latz izan ziren, Badaiotzek merezita irabazi zuen urrea. Pena hartu genuen, baina guk gauzak ongi egin genituen, eta haiek gehiago izan ziren».

Nazioen arteko munduko txapelketan, aldiz, urrea garesti saltzen dute. Hainbat tiratzaile erreserbatu egiten dituzte astebururako, eta hala egin dute Getxon ere: «Atseden hartutako hiruzpalau tiratzaile berri sartuko ditugu, ahalik eta baldintzarik onenetan lehiatu ahal izateko», esan du Chiak.

Sokatiraren erreferente bilakatu da Taiwan, eta zaila da imajinatzen hura gabeko nazioarteko txapelketarik. Are gehiago, azkenik, Munduko Txapelketa bat jokatuko da han, 2026ko goma gainekoa, hain zuzen ere.

Teknika da taiwandarren ezaugarririk adierazgarriena. Eta goma gainean erakusten dute modu ezin hobean. Ondo azaldu du Chiak: «Entrenamendu gogor asko egiten ditugu, baina teknikari garrantzi handiagoa ematen diogu. Lehendabizi ongi tiratzen ikasi behar da, eta gero hasten gara gogor entrenatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.