begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Barka iezaguzu, Conan txit agurgarria

2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Iraganeko garaietan, ezkertiarra bazinen, abertzalea bazinen, munduko herri guztien libertatearen aldekoa, inperialismoaren kontrako gudaria, mendebalde gozoan hezi eta hazi ziren horietako bat, Sierra Maestra non zen ere ez zekiena, Victor Jara, Violeta Parra, Luis Llach eta antzekoen kantak buruz bazenekizkien, Axularren Gero, Oskorriren kontrapasak bultzatua, irakurtzen saiatzen zen euskaldun berria, auzoko elkarteetako sotoetako pareta zikinetan proiektaturiko Bergmanen eta Sauraren pelikulekin (ulertzen ez zenituenak, jakina) elikaturiko balizko, ustezko zinemazalea, derrigor gorrotatu behar zenituen. Bera eta bere berdinak.

Gorrotatu, destainaz, mespretxuz, goitik begiratu. Ez bakarrik bera. Ez bakarrik bera bezalakoak. Baita berak eta besteek antzezturiko pertsonaiak ere.

Mundua salbatuko genuela sinestun, zinema (egiteko manerak, saldu eta erosteko moduak, ikusteko joerak) hankaz gora jarriko genituela fededun, uko egiten genien aretoak betetzen zituen Espainiako zinema komertzial komertzialari (Ozores, Landa, Agirre...) eta jendarmez eta apaizez gainezka (Louis de Funnes, Fernandel...) zen Frantziakoari. Are gehiago, Coppolak sinatzen ez zuen Ameriketako Estatu Batuetakoari. Dreyer, Bardem, Godarden zinemaren aurrean (entenditzen ez genuena) hitza ematen genuen: sekula ez genuke Rambo bat ikusiko, eta Rocky Balboa ez zen inoiz gure boxeolaria izango; guk Raging Bull-en alde egin behar genuen beti apustua.

Gutxietsi behar genituen John Ford eta John Wayne, atzerakoiak, chauvinista estatubatuarrak, indioen sarraskitzaileak. Walsh bezala. Salbatzekotan, Huston eta Hawks salbatzerik genuen. Doi-doi, ordea. Hobe herriz herri zebiltzan Donostiako Zinemaldiak bultzaturiko zineklubetan Rosselliniren hainbat ikustea...

Ez Rocky, ez Rambo. Ez... Unibertsoko gihartsu guztiak behin baino gehiagotan gainditu zituen austriar hura, harrizkoa ematen zuen Arnold Schwarzenegger hura. AEBetara ailegatu orduko, aktore izateko dohain bat ere ez zuela, Hercules jainkoa antzeztu zuen pantailan. Hamabi urte pasatuta, Conan gerlaria bilakatu zen, 1982ko Conan the Barbarian hartan. Ezpatarekin abila, arerioekin basa, beharrean zeudenekin eskuzabal. Baina gu ez ginen fidatzen. Guk ez genuen salbatzaile baten beharrik. Eta gainera, John Milliusek zuzendua zen pelikula, eta denok genekien (jakin ere!) Millius fatxa hutsa zela...

Gainera, joandako garai haietan guk ez genuen zineman eta zinemarekin gozo eta gustura pasatzeko ez betarik ez eskubiderik. Aretoak lepo egiten zuten pelikulak ikustera joatekotan, disimuluan, isil-gordean gindoazen. Bekatu larri-larria egiteko atarian geundela uste genuen, inoiz Fassbinder bati uko eginda, Ghostbusters edo Gremlins bezalako huskeriak ikusteko tentaldian erortzen baginen.

Schwarzenegger Terminator bihurtu zen, baina gu gurean, irmo.

Zaila ematen bazuen ere, aldatuz joan ginen. Apurka-apurka. Pausoz pauso. Sorpresaz sorpresa. Derrepentean, guretzako ametsa zen Cannesko Zinemaldiak guretzako hutsaren hurrengoa zen bat saritu zuen. Beren kantuetan ez Ceciliak ez Labordetak islatzen zuten Espainia baten zeluloidezko ikur nagusia zen Alfredo Landa izendatu zuten Kosta Urdinean urte hartako aktorerik onena Camusen eta Delibesen Los Santos Inocentes filmagatik. Gu, Euskal-erian, aho bete hortz.

Denboraren poderioz, eta zinema psikoanalisi ugaritatik pasatu ondoren, hasi ginen pelikulekin gozatzen. Bitartean, Schwarzenegger hori Kennedy leinuko kide batekin ezkondu zen. Eta gu, zur ta lur. Ez ziren, ez, Kennedytarrak iraultzailerik sutsuenak, baina gero etorri behar zuten beste guztiekin konparatuta, sozialistak ematen zuten.

Harritu gintuen, bai. Eta begiak bete susto Kaliforniako biztanleek gobernadore bozkatu zutenean. Ederki aritu ondoren, kargua utzi, eta zinema egiteari ekin zion berriro. Lagun zahar eta zaharkituen ondoan. Denak euren buruarekiko burlati, inor ere ez serio hartzen. Jada guk bagenekien ez zinema ez mundua ez genituela salbatuko. Beraz, hasi ginen pelikulekin gozatzen. Eta gustura ikusi The Expendables-en antzeko barrabaskeriak.

Urtarrilak 5 egun zituela, The Economist eta La Vanguardia bezalako egunkariek kaleratu zuten Arnoldek idatzitako gutuna, Kapitolioan sartu zen jendaiaren serio aurka. Ederra zen izkribua. Hitler aipatzen zuen. Juduen aurkako Kristal Hautsien Gau hura. Aipatzen zuen bere Austrian jende askok egin zuela nazien alde. Izan zituen ondorioak gogorarazi... Gero, Arnolden hitzak sare sozialetan agertu ziren. Irudietan, beti libre izan den Kaliforniako bandera zuen atzean. Eta Conanen ezpata eskuan, oldarkor, desafiatzaile.

Oker geunden zurekin Conan, Terminator, Arnold gerlari errepublikanoa. Barka iezaguzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.