Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Kaiolatik ihesi

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Fifi'

Zuzendariak: Jeanne Aslan eta Paul Saintillan. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 109 minutu.

Sophie, Fifi, 15 urteko gaztea da; hala ere, nerabea izateari aspaldi utzi ziola dirudi. Bere etxeko kaosean zentzu eta ardura apur bat jartzen duen pertsona da, bere ahizpa zaharrenarekin batera. Amak eta aitaordeak edaten igarotzen dute eguna, ahizpa zaharrenak urtebetera iristen ez den semea zaindu behar du, eta etxetik korrika dabiltzan beste bi haurrek atentzioa emateko edozer egiten dute. Sukaldetik noizbehinka azalduko dira beste ahizpa nerabe bat eta familiarekin zein harreman duen oso argi ez dudan mutil gazte bat (seguruena beste anaia bat). Fifik, zarata guzti horretatik ihes egin nahian, haurtzaroko lagun baten etxeko giltzak lapurtuko ditu, udako oporretan hilabetez kanpoan izango direla eta, etxe huts hura lasaitasun oasi bat izango delakoan. Parisen ikasten dabilen lagunaren anaia (Stephane) azalduko da etxean, ordea, eta Fifik espero zuen lasaitasun horrek beste bide bat hartuko du.

Jeanne Aslan eta Paul Saintillan zinemagileen lehen filma da Fifi.Biak ibili dira zuzendari eta gidoilari lanetan, eta, autobiografikoa ez bada ere, haien harremanarekin lotura duten hainbat puntu ditu istorioak.

Ihes egiteko beharra duten bi pertsonaia elkartuko dituzte Aslan eta Saintillanek. Fifi egunean bizi da; etorkizunari begiratzeko astirik ez du, eta bizi den inguruak ez dio amesteko aukera askorik uzten. Stephanek beste jatorri bat du; bere familia diruduna da, eta ez dirudi inoiz ezer falta izan zaionik. Hala ere, orainaldiaz gozatzen ez, baizik etorkizunaz kezkatzen igarotzen ditu egunak: erabaki ona hartu al duen, non egongo den hamar edo hogei urte barru, hura al den dagokion lekua... Biek dituzte haien kaiola propioak, eta horietatik ihesi elkartuko dira. Maitasun istorio bat baino gehiago, elkar ezagutzeko beharra zuten bi gazteren laguntasuna erakutsi digute bi zuzendariek, umorez eta beratasunez beteriko istorio bat. Filma horren da erraza (zentzurik onenean), horren leun josten dira eszenak, horren atsegina da bi gazteen harremanari begiratzea, Fifirekin batera arnasa hartzeko aukera eman baitigute. Nire kasuan, gainera, planoez, muntaketaz edo soinuaz ohartu ere ez naiz egin, eta batzuetan hala behar du izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.