Donostiako 55. Jazzaldia

Gau magiko eguneratu bat

Charlie Parker omenduz eta 'Jazz at Massey Hall' diskoa interpretatuz hasi du Perico Sambeaten taldeak Donostiako 55. Jazzaldia

Perico Sambeat eta Voro Garcia, atzoko kontzertuan. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Kultur diziplina orok dauzka data markatuak bere historia luze edo laburrean. Arrazoiren bategatik edo besteagatik etengabe oroitzen diren horiek. Eta jazza ez da horretatik salbu. Data bat: 1953ko maiatzaren 15a. Hiri bat: Toronto, Kanadan. Areto bat: Massey Hall. Eta, oholtza gainean, egun horretarako The Quintet deitura jarri dioten boskotea: Charlie Parker (saxo altua), Dizzy Gillespie (tronpeta), Bud Powell(pianoa), Charles Mingus (kontrabaxua) eta Max Roach (bateria). Egun hartan, beboparen historiara igaro den kontzertu bat eman zuten bost musikariek, eta handik hilabete batzuetara, emanaldi haren lagin bat, sei piezakoa, disko batean jaso zuten: Jazz at Massey Hall.

67 urte igaro dira ordudanik; jazza zeharbide ugaritan sakabanatu da, baina kontzertu hura erreferentzia bat da oraindik ere. Horregatik, eta aurten Parker jaio zela ehun urte betetzen direla gogoratzeko, Donostiako Jazzaldia Jazz at Massey Hall diskoa gogoratuz hasi zen, atzo eguerdian, Viktoria Eugenia antzokian. Agertoki gainean, beste boskote bat: Perico Sambeat (saxo altua), Voro Garcia (tronpeta),Toño de Miguel (kontrabaxua), Albert Sanz (pianoa) eta Stephen Keogh (bateria). Parker, Gillespie, Mingus, Powell eta Roachen oinordekoak guztiak ere. Egun batez gutxienez.

Denborarekin, Torontoko kontzertu hartan jo zituzten beste pieza batzuk ere joan dira argitaratzen, baina Sambeatek gidatutako taldeak jatorrizko diskoa hasi eta buka interpretatu zuen. Perdido Duke Ellingtonen bandak ezagutzera emandako estandarrarekin hasi zuten kontzertua, saxoaren eta tronpetaren arteko jokoak nagusi zirela, eta segidan iritsi zen, diskoan bezala, Gillespiek idatzitako Salt Peanuts. Bigarren pieza horretan ere, kontzertu osoan bezala, boskotea jatorrizko diskoan azaldutako bertsioari lotu zitzaion, baina inprobisazioari eta bide askeei uko egin gabe, eta taldekide guztiek izan zuten beren dohainak erakusteko aparteko uneren bat.

All The Things You Are (Jerome Kern) eta 52nd Street Theme (Thelonious Monk) piezek osatutako medley-ak, Denzil Best bateria joleak idatzitako Wee-k eta Hot House-k (Tadd Cameron) bidea egin zuten Gillespieren A Night in Tunisia klasikoarekin kontzertuaren —eta diskoaren— amaierara iristeraino. Bost kideek elkartuta agurtu zuten antzokian segurtasun neurriak beteta bildutako publikoa, baina, haren eskaerari erantzunda, berriro igo ziren oholtzara, George Gershwinen Embraceable You baladarekin azkenekoz agurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.