Mari Puri Herrero. Artista

«Inoiz ez dut amildegian jauzi egiteko gogorik izan»

Urte luzez eta egunero-egunero, estudioari emana aritu da Herrero. Eskultura, grabatua eta pintura landu ditu, eta paper gainean margotutako zenbait lanekin osatu du Donostiako Artekon ireki duen erakusketa.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Bere azken margoetako bat atzean duela hartu dio Madriletik bideodeia kazetariari. Pintura usainez heldu da, etxean bertan duen estudiotik ordenagailu aurrera zuzenean. Amaitu ditu gaurkoak Mari Puri Herrerok (Bilbo, 1942). «Eguneko argia jaisten hasten denean uzten dut». Kaletik buelta bat emango du gero, bestelako zereginez arduratu; hala joaten ei zaizkio egunak. Lanari hutsik egiten ez dioten egunak. Madril eta Menagarai (Araba) artean bizi da egun —bigarrenean egin dizkiote argazkiak, Madrilera abiatu bezperan—, eta «egon gabe egotea», horren bueltan dihardu margotzen azken boladan. Donostiako Arteko galerian du ikusgai lan horren lagin bat orain —maiatzaren 5era arte—, Egunen kolorea erakusketan. Paper gainean egindako margoak dira gehienak, baina bada aurreko hamarkadetako lanik ere. «Orain itzuli egin beharko duzu dena?», galdetu du gaztelaniaz egindako elkarrizketa amaitu berritan. «Nik ez dut inoiz euskaraz hitz egin. Aitak txikitan oso ondo hitz egingo zuen, asko joaten baitzen Orozkoko [Bizkaia] amonarengana. Ama arabarra nuen; zailagoa izan zuen. Eta kuriosoa da: niri askotan esan izan didate, nire hitz egiteko eragatik, inoiz euskaraz hitz egin dudala dirudiela». Gure Artea saria jaso zuen iaz artistak, ibilbide oparoaren aitortza gisa.

Bi estudio dituzu: hiri erdian bata eta mendialdean bestea.

Bai, eta biak gustatzen zaizkit asko. Hiriarekin nekatzen naizenean, Menagaraira joaten naiz, eta zuhaitz artean oso gustura egoten naiz. Ezinbestekoa zait, egia esanda. Baina, beste aldetik, mendialdea neguan, egun hain motz eta ilunekin, eguraldi txarrarekin paseatu ere egin ezin duzunean, gogorra egiten da.

Tokiak eragiten du margotzen duzun horretan?

Asko. Baina kuriosoa da. Hona natorrenean, hango ikuspegiaren falta suma dezaket, eta oso gauza begetalak egiten hasi. Alderantziz ez zait hainbeste gertatzen; han apenas margotu izan dudan hiria. Okurritu ahala izaten da, hala ere; ez ditut arau oso finkoak. Tira, bat bai: lana bera. Gustatu egiten zait estudioan egotea.

Beti izan omen dituzu paper ugari inguruan, marrazteko, margotzeko… Esan daiteke koadroaren zentzua hartzera arte hazi zaizkizula orain. Hala da?

Bai. Beti gustatu izan zaizkit. Orientalak, askotarikoak; ukitzea, koloreak ikustea... Baina iaz gehiago lantzen hasi nintzen, eta gustura nabil. Itxuraz oso hauskorrak dira, baina, egiazki, oso gogorrak, oso ondo eusten diote pinturari. Handik hona eramateko ere erosoagoa da. Koadroekin ibili behar duzu mailuarekin, kurrikekin... nagia ematen dit orain.

Tamaina handia dute batzuek, gainera.

Bai. Egiten ditut txikiak ere, baina batzuetan gaiak berak eskatzen dizu hedatzea. Txikian zaudela lanean, hor hasten zara ulertzen, izan koloreagatik, gaiagatik, estrukturagatik, espazio gehiago eskatzen ari zaizula obra bera.

Erakusketako izenburuak dioen hori bera (Egunen kolorea) margotu nahi izan duzu?

Kolore huts batek zerbait lantzeko egoera oso jakinean jar nazake ni. Hiri batera noanean, ikusten dut hiri bakoitzak baduela bere kolorea, egun bakoitzak berea duen bezala. Horrek jokoa eman dit zenbait gauzatan sakontzeko, baina ez dut horrek ikuslea baldintzatzerik nahi. Batzuek argi esaten dute zer sinbolizatu izan nahi duten, zer pentsarazi. Nik ez. Kolore, testura eta abarrei begiratzean, denak gaude oso baldintzatuta norbere esperientziagatik.

Inguruan urtzen diren giza figurak ere ageri dira margoetan. Hori ez da berria zure obran.

Ez, eta uste dut Bilbon jaio izanak baduela zerikusia. Ni umea nintzela, kale guztien amaieran mendia ikusten zen, baserriak ere bai, gehiago zeudenean, eta sentsazio hori kaletik igarotzen ziren figurekin nahasten zen neure buruan. Ikusten ari zarela esan dezakezun hori beti nahasten da pentsamenduekin, sentsazioekin. Zenbatetan gertatzen da ez zarela ohartzen aurre-aurrean duzunaz burua beste inon duzulako? Niretzat errealitatea nahasketa hori da.

Ohar eta marrazkietan oinarrituta egin izan dituzu aurrez koadro asko. Hala segitzen duzu?

Marrazketa lanerako pistak ematen dizkizun lan modu bat da. Marrazki txikiak egitean, agian, ez dituzu ikusten ideia horrek dituen aukera guztiak, baina ni gordetzen joaten naiz. Mordo bat ditut, eta beti bat poltsikoan. Edozein unetan bururatu ahal zaizu zerbait, edo zerbait egin dezakezu naturalean, nahiz eta nik ez dudan hori asko egiten, naturala oso nahastuta ikusten dudalako naturaz gaindikoarekin. Halere, papertxoek beti ematen dituzte koadroak garatzeko ideiak.

Artekon jarritako lanen arteanzailagoa da atzean marrazkiak antzematea. Zuzenean margotu duzulako paperean?

Bai, eta egunen kolorearen ideiagatik ere bai. Kolorea izan da eskutik eraman nauena lanotan.

Deigarria da giza figurak margotu gabe utzitako hutsuneak direla kasu askotan.

Bai. Duela urte askotako marrazkietan ere uzten nituen hutsuneak, baina orain are gehiago dira. Egotea baina ez egotea, tenka hori darabilt buruan azkenaldian.

Collagea ere baliatu duzu, txinpartak diruditen kolore biziko paper zatiak sartuta, esaterako.

Gau bat ikusten baduzu, kolore oso sakon bat izan daiteke, baina gau batean pentsatzen ari bazara, txispatxoak bezala daude. Ikuspegien nahasketa da. Collagera paperekin lan egiteak berak eraman nau. Koadro batean hanka sartzen badut, ez zait gustatzen margotutakoaren gainean margotzea. Koloreak bustiegi gelditzen dira. Mihisean lixarekin harraskatzen dut, baina paperari ezin diozu lixa sartu. Collagea egin dezakezu, eta gustatzen zait efektua, gainera. Gardentasun bat duten paperak hartuz gero, tonua urdina bada, ohikoa niregan, itsatsitako paper zuri horren azpian beste urdin bat agertzen da, eta hala sartzen da koadrora, ez da gauza gordin bat bezala gelditzen.

Esneko kaseina erabiltzen duzu, pigmentuak nahasteko. Teknika tradizionalak maite dituzu?

Gehiago da ez dudala ezer hoberik aurkitu. Haitzuloetako margoetan ere erabiltzen zuten, hori edo olio begetalak-eta, pigmentuak itsasteko. Argitasun handia ematen dio koloreari, ez dut behar izan ezer kimikoagorik. Koloreekin ere gertatzen da; asmatu dira urdin biziak, laranjak, gorriak... baina lur koloreak alboratu gabe.

Aurreko hamarkadetako lan gutxi batzuk ere badaude galerian. 1991ko Edimburgo-ren eta lan berrienen artean, esaterako, antzekotasuna oso agerikoa da.

Bai. Cristinak [De la Fuente, galerista] deskubritu zuen hori, ni ez nengoen jabetuta. Uste dut batzuetan pentsatzen dugula asko aldatu garela, urrun goazela, baina ni nahiko eszeptikoa naiz. Hizkuntza propioa urteekin topatuz zoazen zerbait den arren, ideia garrantzitsuenak hor daude, hasierako buru berean.

Koherentzia nabarmentzen du De la Fuentek. Zer da koherentzia zuretzat?

Ni pinturaren oso zalea naiz. Pintatzeaz aparte, pintura asko ikusten dut. Eta beti gustatzen zait koherentzia sumatzea. Badaude artistak egun batean gauza bat egiten duenak, hurrengoan beste bat, gero beste bat... Askotan unean uneko eraginengatik izaten da hori; irakurri dutelako zerbait berritzailea dela, interesa pizten duela... Nire ustez, horiek ez dira baliozko arrazoiak artea lantzeko.

Zein dira baliozko arrazoiak?

Ni 1942ko abenduan jaiotakoa naiz, eta nire garaiaren esperientzia daukat, esperientzia mugatu bat. Normala da 60ko edo 80ko urteetan jaio denak beste bat izatea. Bakoitzak ikusi eta bizi duenaren araberako adierazpide bat garatzea iruditzen zait logikoa; bizitzea egokitu zaizun horretatik ideia batzuk eraikiz joatea, hor bilatzea zure hizkuntza. Ordea, zure ideiak aldizkari batean ikusi duzunaren araberakoak baldin badira, hori bide alderrai bat da, niretzat balio ez duena.

Nolakoa izan da hizkuntza bilaketa hori zure kasuan?

Bada, lan pila bat egiten. Inoiz ez dut amildegian jauzi egin, ez dut horretarako gogorik izan. Ni egunero-egunero noa estudiora; batzuetan zorte gehiago duzu eta besteetan gutxiago, baina lana jarraitutasunez egiten denean, hizkuntza agertuz joaten da. Nire 70eko koadro bat oraingoen aldean ezberdina da, baina eraldaketa gutxika lan egiteak ekarri du.

Ordutik hona bai ageri da, esaterako, errealaren eta fantastikoaren arteko uztarketa anbiguo bat. Zure obra zeharkatzen duen harietako bat izan daiteke?

Akaso bai. Ni egon naiteke Menagarain eta bat-batean zerbait zoragarria ikusi leihoan, kolore bat, zerbait, baina ateratzen dut argazki bat eta ez dago hor. Pertsona asko mugitzen dute bere fantasiek, interesek, anbizioek... eta hori ez da argazki batean sartzen. Tira, argazkilari handiak gai dira. Baina, oro har, ez dut uste errealitatea denik argazki batean agertzen dena. Askoz konplexuagoa da. Jendeak bere barne mugimenduei segika jarduten du, eta ikusezin den hori ikusgai dena bezain erreala da.

Gure Artea saria eman zizuten iaz. Baliatu nahi izan zenuen unea ezer esateko?

Ez dakit. Nahiko ezustean harrapatu ninduen, egia esan. Ni ez naiz ibili sarien mundu horretan, baina aitortza ondo dator beti.

Oroitzen duzu orain arteko sasoiren bat modu berezian?

Momentuaren arabera. 1966-67an Amsterdamera joan nintzen, esaterako, grabatuan sakontzera. Hiri zoragarria da, museo eta bilduma ikaragarriak dituena. Orain joango banintz ere ziur liluratuko nindukeela, baina orduan erabat giro pobreko Espainia batetik nindoan.

Grabatua dezente landu duzu gerora. Gutxituz doa egun?

Teknika oso zaharra da, eta egia da grabatu tailer ugari ixten ari direla. Offset-etik eratorritako beste grabatu mota bat egiten da orain. Ondo dago. Bai ikusten dut jende gazteak ordenagailuarekin sortzeko duen erraztasunak irudia ekoizteko beste teknika batzuk indartu dituela, eskuzko prozesu neketsuetan sartu gabe. Niri asko gustatzen zait hori, ordea; argizari eta labandaren usaina, plantxak... Gutxitu arren, grabatuak jarraituko du. Pintura bezala da; haitzuloetatik ari gara margotzen, zerbait atabikoa da.

San Telmo museoko Baginen Bagara erakusketan ere izan zenuen obra ikusgai iaz. Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla komisarioek zera zioten: emakume artistei ikerketaren eremuan eskaini zaien arreta eskasaren adibide argia dela zurea; besteak beste, zure lana euskal bilduma publiko guztietan egon arren, azken erakusketa indibiduala 1986an egin zizutelako Bilbon.

Esango dut hobetzeko asko badago ere nik urrats erraldoiak ikusi ditudala. Zorionez, emakumea gero eta kontzienteagoa da ez duela zertan onartu emandako rola, berak topatu behar du berea.

Sentitu duzu ikusgaitasun handiagoa izan dutela zure belaunaldiko gizon artistek?

Denok ados ginen gizonen lana gehiago baloratzen zela, baina gehiago interesatzen zitzaigun gure lanarekin geneukan borroka. Egon dira batzuk zarata handiagoa egin dutenak; ni, egia esan, ez naiz oso trebea horretan. Lan iraunkorra izan da horren aurreko nire erabakia. Urte askotako testigantza bat ematea. Ni ezkondu nintzenean, 1969an, Bilbon ahoz aho ibili zen margotzeari utziko niola. Ez nuen ezer esan. Ikusiko zuten ezetz. Ikusi dute. Pozik nago hainbeste urtez tinko egon izanagatik asto aurrean. Ez da ofizio erraz bat izan inorentzat.

Aipatu duzu arte asko ikusten segitzen duzula. Zer topatzen duzu?

Niretzat, gauza batzuek balio dute eta beste batzuek ez. Ikusi berri dut, adibidez, Elena Blascoren erakusketa bat, oso ona. Aretoan sartu, eta lanek argi propioa izango balute bezala da. Beste batzuk, ordea, apaintzen dira hizkuntza sasi-intelektual batekin, ez dagoela ulertuko duenik. Erakusketak oso hutsak daude egun, eta hizkuntza ilun horrek ez du laguntzen. Badut adin bat esateko dela ezer esaten ez duen lengoaia bat. Jendea ez doa, inork ez duelako maite ezjakin sentiarazi diezaioten. Ulertzen dut artera heldu berri den bati pixka bat kostatzea hasieran, baina artearen mundua interesatzen zaion jendearekin bazaude, hitz egin dezakezu normalean erabiltzen dituzun hitzekin. Badirudi egiten duzuna interesgarriagoa dela esaten duzuna ulertzen ez bada. Eta ez nago ados.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.