begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Bolognan hartu nuen trena, eta Manderleyra iritsi

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Kontu arras bitxiak gertatzen dira/zaizkigu mugitzen ez bada ere irudi mugikorrarena izendatzen dugun alegiazko multibertso honetan. Milioika ikusle galtzen ari dira ateak itxita jarraitzen duten aretoak, baina, aldi berean, inoiz baino handiagoa, sakonagoa, dirdiratsuagoa, aztoragarriagoa da zineman zein museoetan sartu orduko gure gain hartzen dugun arriskuko apustua.

Enpresak (edo sortzaileak, edo ekoizleak, edo programatzaileak) ez du kalteen erantzukizunik hartzen jarri beharko lukete hainbat eta hainbat aretotako ateetan, gel hidroalkoholikoaren ontziaren ondoan, zeren pantailak argiztatuak dituzten zinema gela apurretan eskaintzen dena ez baita, preseski, orain arte ostiral gau batean edo larunbat arratsean ikusi ohi duguna. Adibide bat, gaur bertan pantaila horietara iritsiko den Fernanda Valadezen Sin señas particulares, hamaika zinemalditan jendea zur eta lur, minez eta dardaraz utzi duen hori. Sundancen Donostian bezala. Bietan, sari potoloak jasota.

Odoletan du bihotza pelikulak, eta sutan dira kamerak harrapatzen/sortzen dituen irudiak. Ez gidoiak ez patuak ez dute euren pertsonaiekiko gupidarik, errukirik. Azaleko begirada eta irakurketa batetik, betikoa kontatuko digula pentsa genezake. Mexikoko emakume txiro, xume bat Ameriketako Estatu Batuetako muga madarikatuan galdu den semearen bila abiatuko da, zeruak zein infernuak jarritako oztopo eta erronka guztiei aurre eginez...

Betikoa dirudi, bai. Baina ez, ez da usadiozko kontaketa. Inolaz ere ez. Latinoamerikako beste zinemagile askok hartu duten erabaki bera hartzen du Fernandak. Jayro Bustamante, esate baterako, datorkigu gogora. Hainbat herritan hain sustrai sendoak dituen La Llorona-ren mitoa erabili izan du berak bere azken lanean, pantailan dagoen horretan, salaketa politiko, etniko eta sozial garratza gauzatzeko. Tokian tokiko mitologiari, bertako sinesmenei, hango mamuei, santuei, jainkoei eta deabruei heltzen diete gogor eta min handiz sortzaileek, agerian uzteko hainbeste miseria, hainbeste dolu eta tragedia. Gure etxe ondoan piztuta dirauten pantailetan ez dago Sin señas particulares bezalakorik. Ezta Waad al-Kateaben eta Edward Wattsen For Sama hori ere? Ba ez, For Sama oldarkorrean ez baita ilunabarretik datorren demoniorik.

Arriskurik hartu nahi ez duten horiek ez dute, egun, lekurik gurean argiak piztuta jarraitzen duten areto urri horietan. Palabras para un fin del mundo-n, esaterako, Menchon egileak ez digu kontatzen ezer berririk. Badakigu zer gertatu zen Salamancako Unibertsitatean Unamunoren eta gorputzez, arimaz, izaeraz, bihotzez elbarritua zen Millan Astray militarraren artean. Badakigu kontraesanez gainezka zela filosofo bilbotarra. Badakigu jakin beharrekoa, eta ez dakigun horrek (erail ote zuten faxistek On Miguel?) ez digu axola, ze ederki dakizkigu Francoren aldekoen manerak. Baina hala eta guztiz ere, dar-dar egingo dugu dokumental honen aurrean. Hemen ere, irudiek (zuri-beltzekoek, oraingoan) amorruz, furfuriaz egiten digute isla begietan. Fisikoki du zauritua, errea, urritua zeluloidea dokumentu honek. Kontuz, Enpresak ez du kalteen erantzukizunik hartzen...

Gaur arratsaldeko zazpietan, Bilboko Arte Ederren Museoan piztuko dira zinema aretoetako argiak. Eta segituan itzali, Josu Rekalderen Esther Ferrer. Hilos de tiempo-ren emanaldia izango baita bertan.

Aspaldi-aspaldi batean (joan den mendeko hirurogeita hamar haietan) Donostiako artistak Bolognako geltokian hartutako hainbat trenetan egindako performance ospe handikoaren aitzakian, eta abiapuntu edo inspirazio gisa erabiliz, Rekalde eta lagunak bizitzaz, ideologiaz, arteaz, matematikaz, munduaz, musikaz, oroitzapenez mintzatzen dira.

Ez dira oraingoan Bolognara joan, Azpeitiko Burdinbidearen Museoan hartu dute, ordea, trena, perfomanceaz ez genekien hori guztia azaltzeko asmo bizitan. Azaldu edo ezkutatu, edo itzaletan gorde, edo... Enpresak ez du kalteen erantzukizunik hartzen...

Ez bazaude prest zure barruko eta kanpoko lasaitasuna jokoan jartzeko, gustura eta gozo bazaude zure babeslekuan, betikoarekin kontent, zergatik ez zara Netflixera sartzen Rebecca-ren bertsio berria ikustera?

Algoritmo batek egina dirudien arren, bere Sightseers maltzur hura zela-eta Ben Withley zuzendariari genion errespetua oraingoan ukatzen badiogu ere, kameraren dir-dir faltsuak min ematen digun arren, nahiz eta aktoreak zertan dabiltzan ez dakitela dirudien, Daphne Du Maurrierren narrazio ospela hondatuko duenik ez da jaio. Eta ez da jaioko. Multibertsoan. Hala ere, ez ahaztu, Enpresak ez du kalteen erantzukizunik hartzen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.