Zinemak ere baditu bere tripak

Zinemara joanez gero, pantailan ikusten dira filmak, baina ikuslea, sarri, ez da ohartzen zer dagoen atzean. Pelikulak hautatu egin behar dira, publikoaren beharren arabera, bai eta proiektatu ere. Gasteizko Florida zinemetan, adibidez, hori guztia gogoan antolatzen dituzte zortzi aretoak.

Zortzi areto daude guztira Gasteizko Florida zinemetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Sarrera erosi; betiko ereduari jarraituz, leihatilan, edo, bestela, Internet bidez. Pelikula hasi baino minutu batzuk lehenago gerturatu, bertan dagoen langileari tiketa erakutsi, eta dagokion aretora sartu aurretik, beharbada, krispeta batzuk, bestelako litxarreriaren bat eta hori guztia barneratzeko edariren bat eskuratu. Eserlekuan eseri, postura egokia hartu eta telefonoa isilarazi. Argiak itzaltzean pantailara zuzen begiratu, eta konturatu orduko istorioaren barnean sartu. Horietako batzuk dira gehienetan zinema batera joandakoan egin ohi diren urratsak, baina, sarritan, ikuslea ez da ohartzen zein lan dagoen horren guztiaren atzean. Nola iristen da film bat zinemetara? Zer egin behar da proiektatu aurretik? Zeintzuk dira urte hauetan guztietan egon diren aldaketak?

Zinema batek ere baditu bere tripak, eta horiek ezagutzeko asmoz, Gasteizko Florida zinemak dira gaurko geltokia. 2001eko martxoaren 30ean zabaldu zituzten ateak, eta, egun, guztira, tamaina ezberdina duten zortzi areto ditu. Vesa agentziako kudeatzailea da Javier Etxagibel, eta, beraz, baita zinema horien arduradunetako bat ere. Goiko solairuan dauden bulegoetan dago, eta bertan eman ditu lehen azalpenak. Lehen urrats gisa, filmak zinema batera nola iristen diren azaldu du.

Hiriaren erdigunean dauden zinemak dira Floridakoak, eta, beraz, publikoa ere ez da merkataritza gune handi bateko aretoetan egon daitekeen berbera. Ikusleen profila ezberdina da, eta hori gogoan izan behar da pelikula bat hautatzeko orduan. «Eskariak zehazten du eskaintza. Kasu honetan, gure publikoa heldua da, intelektuala, eta eskaera jakin bat du; materialaren %60 Europakoa da, eta zinema komertzial batean kopuru hori %20 izan daiteke». Hain zuzen, zehaztu du era honetako zinema batek soinua «oso garbia» eta irudia «oso zehatza» izatea eskatzen duela. «Esate baterako, malko baten distira ikusi behar da». Merkataritza gune bateko zinemetan, aldiz, gazteak eta familiak dira ohiko publikoa; beraz, aretoek beste baldintza batzuk bete behar dituzte. «Fast and Furious pelikulak, adibidez, pantaila handi bat eskatzen du, eta ikuslearen emozioak asebeteko dituen soinu batzuk».

Pelikula baten hautaketa, beraz, hori guztia gogoan egiten dute. «Film baten ekoizpenean, lehenengo sormen prozesu bat abiatzen da, bineten bidez azaldutako storyboard-ekin; estudio batek horietako batzuk hautatzen ditu, publikoaren arabera, eta enpresa bat sortzen du pelikularen izen berberarekin eta parte hartze ezberdinak dituen kapital batekin», adierazi du Etxagibelek. Behin pelikula finantzatu eta filmatu ostean, eta, aurrez zehaztutako akordioak hizpide, leku ezberdinetan proiektatzen da. Estreinaldia ere egiten da. «Bukaeran, banatzaileek zinemei aurkezten dizkiete pelikulak, eta horiek aretoetan proiektatzera konprometitzen dira, baldintza batzuk gogoan; sarritan, leihatilako salmentekin zerikusia dutenak». Zinema horien kasuan, Europa Cinemas izeneko programa batean daude, eta helburua da Europako zinema babestea, publikoaren eskarietako bat hori dela aintzat hartuta. «Zinema honek, ustez, behar kultural hori asetzen du, eta, iritziari dagokionez, garrantzitsua den produktu kualitatiboa eskaintzen du».

Proiekzioan analogikorik ez

Behin pelikulak hautatuta, horiek aretoetan proiektatzea izaten da hurrengo pausoetako bat. Kasu honetan, areto bakoitzaren atzealdean proiektore bana dago, baina aldaketak izan dituzte urteek aurrera egin ahala. «Ekipamenduak 35 milimetroko proiektore analogikoak ziren, eta duela zortzi urte aldatu genituen digitalekin; lehen, mekanika hutsa zen, eta, orain, informatika da». Zehazki, egun, pelikulak satelite bidez makina batera iristen zaiela azaldu du Etxagibelek, eta DCP Digital Cinema Package izeneko tresna bati esker fitxategiak ordenatu eta dagozkion proiektorearen ordenagailura bidaltzen dituztela proiektatu aurretik. «Besterik gabe, agindua ematen da, eta fitxategia kargatu egiten da; transferentziak huts egiten badu, badago beste aukera bat ere: disko bat sartzen da». Programazio hori pelikula hasi aurretik egiten dute orduaren eta aretoaren arabera, eta aldi berean baita aretoko argiena ere.

Etxagibelen ustez, hori guztia era digital batean egitea «eraginkorragoa» da, baina aitortu du bera hobeto moldatzen dela analogikoarekin. Garai zaharrak ere gogoan izan ditu, eta anekdota bat kontatu du, ziur aski askok ezagutzen ez dutena. «Analogikoko zinta bakoitzak hogei minutu izan zitzakeen; horietako bakoitza gurpil antzeko batean jartzen zen, eta zinta bakoitzaren mutur bat beste batenarekin lotzen zen itsasgarri berezi batekin». Halere, azaldu du, besteak beste, era horretan, agian, soilik bi emanaldi egin zitzaketela, eta, gainera, garestiak zirela. Beraz, egindako gastu horri errentagarritasuna ateratzeko asmoz, trikimailu bat bazen. «Txirrindulariaren irudia zegoen; salak handiak ziren, eta pelikulak garestiak; beraz, areto batean filmaren erdia ikustean, zinta zati hori jaso, eta, txirrindulari batek beste zinema batera eramaten zuen han hasteko; era horretan, pelikula guztia proiektatzen zen areto ezberdinetan, baina zintek hondatuta amaitzen zuten».

Hala ere, zinema hauetan bederen, jada ez da horrelakorik egiten, eta pelikulak zuzenean proiektatzen dira pantaila batean proiektorearekin. Azken hori material akrilikokoa izan ohi da, eta, gerturatuz gero, zulotxo batzuk ere badituela ikus daiteke. Horrela da Floridako zinemetan. «Zuloak dituzte atzean, bozgorailuak daudelako; pantaila baten behealdetik, adibidez, lurrikaren eta leherketen soinuak irteten dira; gorago, ahotsak daude». Badira aretoen alboetan eta atzealdean ere beste zenbait bozgorailu, eta Etxagibelek zehaztu du horietatik giro soinuak ateratzen direla. Are, aretoa ezagutu eta azalpenak eman bitartean, erantsi du badaudela teknologia berriagoak ere, hala nola proiektore baten beharrik gabe proiektatzen duten pantailak. «Telak dira, eta argia igortzen dute, baina garestiak dira, eta oraindik ez daude ondo landuta; nire iritziz, ergelkeria bat da, baina egia da zinemak eraikitzea merkeagoa izango litzatekeela, besteak beste, ez direlako kabinak behar».

Zinemen egoera

Etorkizuna aipatuta, eta, halabeharrez, zinemen egoera jarri nahi izan du mahai gainean arduradunak; era batera edo bestera, ezkutuan dagoen puntuetako bat da hori ere. «Izurria mugarri bat izan da; modu obsesiboan jazarri zaizkigu». Gainera, uste du egoera honek eragina izan duela pertsonen ohituretan, baina batez ere helduengan. Ondorioz, argi du horrek ere ondorioak eragingo dituela hirien erdiguneetan dauden zinema txikiagoetan. «Komertziala martxan jarriko da, baina agintari politikoek arduragabekeriaz jokatu dute era honetako ikus-entzunezko sektoreak hiri batean izan dezakeen garrantzia dela eta». Hala ere, zehaztu dute etorkizunak esango duela zein izango den benetako egoera, eta, agintarien ekintzei erantzunez, beraiek ere urratsak egin ditzaketela.

Plataformak ere hizpide izan ditu Etxagibelek, baina zehaztu du zinemaren sektorean ez dutela eragin handirik. «Ez dago zinemen arteko borrokarik; plataformen artekoa da». Hala ere, erantsi du ekoizpen etxe handi batzuk, hala nola Disney eta Warner, saiatu direla mundu horretan sartzen, eta norbere plataformetan ikerketak egiten. «Lehenak, Disney Plus du, eta HBO Warnerrena da; probak egin dituzte izurritean, baina zinemetatik pasatu ez diren filmei dagokienez, ondorioztatu dute datuak desastre bat izan direla; izurritean, eskaria ez da izan espero zutena, eta, bitartean, gaur egun Netflix da lider oraindik». Izan ere, arduradunak berak azaldu du zergatia: serieen kontsumoa pelikulena baino handiagoa da.

Esanak esan, eta, errealitateak errealitate, zinemak izan dezakeen etorkizunaz baikor mintzo da Etxagibel. «Serieak daude, baina egun pelikulen aurreikuspenak onak dira; iaz estreinatu ez zirenak eta estreinatzeko daudenak hor daude, eta baita aurtengoak ere; gainera, izurritean, plataformetan zeudenak kontsumitu dira, eta horrek gehiagoren beharra dakar». Horrez gain, uste du zinemak jakin duela urteetan zehar mantentzen, eta publikoa entretenitzen. «Jendeak gustuko du emozioak beste pertsona batzuekin konpartitzea, eta zinemek rol garrantzitsua dute horretan; haur bat, gazte bat, heldu bat eta adineko pertsona bat entretenitzeko gaitasuna du». Gainera, nabarmendu du hainbat politikarik bazter utzi arren, zinemak iritzi bat sortzeko balio duela, eta ez diela halabeharrez gizarte honetan «ezarritako» eredu nagusiei men egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.