Inor Ez andreak

Egunotan Literaturia plaza den herrian, 1930eko udan, Andereño Idazleen I. Batzarra egin zuten. Zarautzen elkartu ziren guztiak ziren EABko kide.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Euskal letrekin bete da Zarautz (Gipuzkoa) asteburu honetan, Literaturiarekin; 1930ean, berriz, ezagutzen den lehen emakume idazleen batzarra egin zuten bertan. Abuztuaren 24an bildu ziren; abuztuaren 30eko El Día egunkariko Euskal Orria-n argitaratu zuten argazkia. Ander Arzelus Luzear-ek gerora idatzi zuenez, argazkian ageri dira: «Loiola(Azpeiti)ko Bat eta Olatx, Zarautz'ko D.Z., Elgoibarko Bestea, Oiartzungo Mirentxu, Donostiako Ira, Arruako Mariaren Alaba bat, Tolosako Yolanda, Oiartzungo Pillipa, Elgoibarko Maitxo ta Zarauzko Lau Uxo. Euskal neskatilla jatorrak dira guztiak, alaiak, garbiak, abertzaleak». EAB Emakume Abertzaleen Batzako —EAJren barruan 1922an sortutako emakume elkarteko— kideak denak, esan nahi baita.

Luzearrek berak 1930eko abuztu hartako 7an El Día-tik egindako deialdiari erantzunez elkartu ziren denak. Miren Etxabe Lau Uxo-k proposatu zuen batzarra Zarautzen egitea. Hitzaldiak ematen eta EAJren mitinetan hitza hartzen ohitua zegoen, eta hark egin zituen antolatzaile lanak.

Hurrengo urtean ere, EABko idazle haiek batzarra egin zuten, maiatzaren 10ean. Lehendabizikora agertzerik izan ez zuen Tene Mujikak deitu zituen, Itziarrera (Gipuzkoa). Antzezlanak itzultzearen eta sortzearen beharraz mintzatu ziren. Lau Uxo ari omen zen berri bat idazten; 1932ko martxoan, Etxabe Zarauzko Naste-Borraste antzerki taldeko zuzendari gisa ageri da prentsan.

Literatura ardatz

Jon Kortazar EHU Euskal Herriko Unibertsitateko literatur katedradunak esana daukanez, Euskal Pizkundeko kideak «herriaren arima» hizkuntza zela esatetik herriaren arima literatura zela esatera pasatu ziren 1930. urtearen inguruan. Hala, sariketak eta erakundeak eratzeari ekin zioten. Xabier Lizardi poetak 1930eko martxoaren 9an Zumaian (Gipuzkoa) eman zuen hitzaldia da horren erakusle: «Euskel Idazleak jo ditezke nere aburuz Eusko Pizkundeak ekarritako arnai edo frutu bikañenetakotzat. [...] Zuek erriz-erri zabaldu bear dezute Euskaltzaleak-en berri. Ortarako, ta beste asmo askorik sortu ta aurrera eramateko, Euskaltzale bazkunaren barrenean, zuek, Euskel Idazleok, talde berezi bat osatu bear dezute [...] Ori izan diteke Euskel Idazle Batza». Hitzaldi haren entzule eta sustatzaileen artean zen Luzear, bost hilabete geroago emakume idazleak batzartzera deituko zituena.

1933an, artean sortzeko zegoen Euskel Idazle Batza. Elkartea sustatzeko batzordea sortu zuten, eta helburua zehaztu: «Euzkadi gure aberria irakurgai ta idazlanen bidez bizkortu ta sendotzea ta idazleai elkarren artean laguntza ematea». Idazle elkarteak literatur aldizkari bat argitaratzea ere aurreikusi zuten, emakumeekiko gai eta asmoen atal batekin.

Zeintzu ziren emakumeekiko gai eta asmo horiek definitzeko testuingurua, baina? Andereño Idazleen Batzaren Zarauzko eta Itziarko bilkuren bueltan argitaratu zituzten testuetan, bristada zenbait ikus daitezke. Agurtzane-k 1930eko ekainaren 19ko El Día-n idatzi zuen, esaterako: «Ari naiz zerbait idazten dedalakuan, ta gañera bildurrez, nere buru auste guziak alperrik izango ote diran ere banago ta. [...] Norbaitek bear bada esango bai du, emakumiak onela jardunian baño etxeko zeregiñetan obeto ematen duala!». Egunkari eta urte berean, honako hau argitaratu zuen Elbira Zipitria Ira-k, irailaren 9an: «Ez bakarrik Zarautzen bildu giñanak, baita juan ezinik edo bildurra edo... azaldu ez ziranak ere. Bildurrez, bai enetxoa, musu punta erakutsi ta gorde ostera. Neroni ere zerbait ikaratzen hasi nintzan. ¿Ain izugarriak ote gaitun? nion nerekiko. Orain arte zuluan egon gera, baña lengo batean eztakit zerek bultzata atera gendun burua».

Zarauzko Bi Otso-k, berriz, «zerk ikaratu behar gaitu?», galdetu zuen plaza beretik. Galdera horren erantzunaren arrastoa ematen du Euzkadi egunkarian Miren Gabilondo Maitxo-k 1931ko urriaren 1ean idatzitakoak: «Nik euskeraren alde zerbait egiteko gogoa badet, baño ezjakin bat naiz, ta lotzaturik egoten naiz neure lan parregari aueri begira».

Ezizenez idazten zuten ia denek. Halaxe zen ohitura garai hartan. Emakume haietako batek aukeratutako ezizena argigarria da oso: Iñor Ez. Inorreztarrak ugaldu egin ziren. Emakumeen eskubideen alde baino, ideologia jeltzalea —emakumeekikoa barne— zabaltzeko.

1931tik aurrera, emakumeek erregulartasunez argitaratu zituzten iritzi-zutabeak eta artikuluak euskal prentsan, astero. 50en bat aritu ziren langintza horretan. «Kazetari moldekoak eta maistra moldekoak egon ziren. Batzuek haurrei begiratu zieten, eta besteek emakume helduei. Abertzaletasunera deitu zituzten emakumeak, eta umeak euskalduntzeko eta euskal kulturan sartzeko», Amaia Alvarez Uria EHUko irakaslearen esanetan. Erantsi duenez, emakume haientzat idaztea «militatzeko modu bat» zen. «Eta hala egin zezatela eskatu zieten. EAJri interesatzen zitzaion emakumeak borroka horretan inplikatzea, eta nolabaiteko baimena eman zien horretarako». Orain artean aipatutakoez gain, besteak beste, Elisa Alzola Ane Miren, Andereño Bat, Julene Azpeitia Arritokieta, Maria Begoña Beristain Lorea, Bestea, Errose Bustintza Mañariko, Edurne, Ekarnetxu, Ete, Jule Gabilondo Maite, Maria Juaristi Mirentxu, Lamiña bat, Lilitxo, Onintza, Punpalatx, Txiki Alai, Sorne Unzueta Utarsus eta Margarita Untzalu Amagoya aritu ziren idazle lanotan. «Haientzat, oso definituta zegoen emakumearen lekua. Hala ere, ahaldundu ziren, eta euskal kulturaren plazara irten eta beren ahotsa entzunarazi zuten», Alvarezen esanetan.

UEU Udako Euskal Unibertsitateko Literatura saileko buru eta EHUko irakasle Iratxe Retolazaren ustez, «emakume idazle» kategoria literatura esparruaren eta esparru politikoaren bidegurutzean sortzen da. Hala idatzi zuen Emakume Abertzale Batza eta emakume idazleak lanean. EABko kideak diskurtso jeltzalea eta euskalduntasuna hedatzeko zeuden oroz gainetik, izan ere. «Idatziak argitaratu bazituzten, ez zen izan idazletza garatzeko asmoz, baizik eta imajinario abertzale eta katolikoa hedatzeko asmoz, eta, batez ere, emakume abertzale eta katolikoaren eredua garatzeko asmoz», idatzia du Retolazak.

Iritzi artikuluetan ez ezik, literatur genero konkretu batean garatu zen tematika hori: antzerkian. Ez zen kasualitatea EABko idazleek antzerkia hartu izana hizpide 1931n Itziarren. Garai hartan, antzerkia zen propaganda politikorako tresna eta argitalpengintzako genero nagusi eta arrakastatsuena. Ipuinak eta alegiak, literatura kostunbrista eta literatura nazionalista ere landu zituzten.

Mercedes Ugaldek Mujeres y nacionalismo vasco. Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza. 1906-1936 (EHU, 1993)liburuan idatzia duenez, Maria Juaristik 1932ko abuztuaren 21ean Elgoibarren (Gipuzkoa) hirugarren bilera egitea proposatu zuen, baina oso litekeena da hitzordua bertan behera geratu izana. Hurrengo urteko uztailaren 30ean, hori bai, herri berean elkartu ziren emakume zein gizon idazleak. Tene Mujikak, Juaristik eta Arantxa-k eman zuten beren iritzia bilera horretako eztabaidagaiei buruz. Euskal Idazle Batzaren bileretan egon ziren, gainera, Errose Bustintza, Margarita Untzalu eta Elbira Zipitria.

Euzkadi aldizkarian, 1932an, Estepan Urkiaga Lauaxeta-k Emakume Arlua izeneko txoko bat bultzatu zuen, eta, Luzearrek 1930ean egin bezala, bertan parte hartzera deitu zituen idazle andreak. Egitasmo hark ez zuen esko iraun. Gipuzkoako EABk, berriz, Emakume Ingoskia atala abiarazi zuen 1935ean El Día egunkarian. Espazio publiko horren kudeaketa aldarrikatu zuten, Retolazaren arabera, eta kudeaketarako autonomia. Aldizkari propio bat sortzeko ahalegina ere egin zuten, irakur dakiokeenez: «Baina, nazio-literatura sortzeko urratsek eta diskurtsoek aurrera egin ahala, EABko kideen literatura-jarduna isilduz joan zen. Emakume idazle horien literaturgintzan ez dago literaturaren inguruko aipamenik, ez literaturaren inguruko gogoetarik. Ez zuten genealogia literariorik eratu». Genealogia egin gabe harrapatu zituen 36ko gerrak. Beren idazle jarduna eten, eta erabateko inorreztar bilakatu ziren atzera gehien-gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.