Oihana Etxebarrieta. Jaizkibel konpainiako kapitaina

«Alardean parte hartu nahi dugu: horretarako sortu genuen Jaizkibel»

Gazteak erruz erakarri ditu aurten, berriz, Jaizkibelek. Etxebarrieta pozik egoten da haiei begira; bereziki hunkitzen da haiek ikusten dituenean aldarri parekidearen aitzindari izan ziren andreen ondoan desfilatzen.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aski jendetsuak izan dira Jaizkibel konpainiaren entseguak, eta pozik dago kapitaina, Oihana Etxebarrieta (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987). Irudi ederrak ikusi ditu: «Gu, konpainia erraldoia, eta gero jende pila bat gu ikusten. Oso sentipen politarekin gaude».

Berritasunak badira aurten: urtean zehar egin dira urrats batzuk elkarrizketarako bidean...

Bai, dudarik gabe. Desertutik, oraingo ahalegin hauetara: izugarrizko aurrerapausoa izan da. Egia da oraindik ez dutela fruiturik eman, baina, 11 hilabete hauetan izan ditugun bilera instituzionalei begira, esan behar dugu orain arte ez genituela inoiz horrenbeste izan ikasturtean zehar. Udako aste-hilabeteak ere mugituak izan dira alde horretatik; aldea nabarmena da. Gero ikusiko dugu horrek nolako isla duen bihar, baina uste dut aurrerapauso hauek ja atzera-bueltarik ez duen bide bat markatzen dutela.

Alkateak ordutegia aldatzeko eginiko proposamenak desitxuratu egin du giro hori?

Bai, hala esan genuen. Alde batetik, oso une desegokian etorri zen. Gainera, haren arrazoiketarekin ez dugu bat egiten: inondik inora ere ez. Alde batetik, bi desfileok ez dugulako kointziditzen; guk beti edozer egin izan dugu alardeak aurrera jarraitu ahal izateko daukan ordutegiarekin. Kontua da, gainera, kointzidentzia dela guk nahi duguna: alardean parte hartu nahi dugu, horretarako sortu genuen Jaizkibel.

Udalak hainbat keinu egin dizkizue; oso herabeak oraindik, baina, bere apalean, albiste. Esaterako, Berdintasun Saria ematen duzue, eta horren berri udal agendan eman du lehenengoz. Aldaketa erakusten du?

Orain arte udalaren aldetik genuen gauza bakarra ziren alardearen aurreko bilera protokolozkoak, gauza teknikoak lotzeko.

Baina, kanpora begira, zuei bizkarra emanda egon da...

Guztiz. Eta iaztik zetorren eskaria zen, adibidez, Berdintasun Saria beraien egitarauan azaltzea; izan ere, haiek dagoeneko alardeak aurkezten duen Alardearekin Bat festa iragartzen dute... Orduan, ikusten genuen ez zela guri bizkarra ematen zigutela, baizik eta alardeari soilik onarpena erakusten ziotela. Eskatu genuen, udala guztiona den neurrian, Jaizkibel konpainiari ere keinu berdinak egiteko. Eta, egia da, aurten sartu dute hori agendan. Gainera, ikusita orain arte kultur etxean egiten genuela saria banatzeko ekitaldia eta oso txikia geratu zitzaigula, Itsas Etxean egiteko erraztasunak ere eman dizkigute. Aldaketa bat ikusi dugu: oso-oso txikia da, baina bai, diozun moduan, albiste da hori.

Asko falta da: Jaizkibel sortu zenetik, esaterako,ez da egonalkate bakar bat alarde egunean harrera egin dionik. Auzia bideratzeko, garrantzitsua litzateke horrelako keinu bat, ezta?

Oso, aitortza bat egingo liokeelako gure konpainiari: konpainia gisara. Oso argi esan izan dugu: guk konpainia bat izan nahi dugu, alardean parte hartzen duen konpainia bat. Alde horretatik, garrantzitsuak dira instituzioen partetik jaso ditzakegun onespen keinuak. Aitortza horrek, gainera, elkarrizketa mahai batean pareko gisara aritzera bidera gaitzake. Alkateak konponbidearen parte izan nahi badu, era berean tratatu behar lituzke alardea eta gure konpainia; hori ez da oraindik gertatu.

Zer ikusi duzue entseguetan? Nolako konpainia zarete?

Parekidea izateaz gain, oso konpainia gaztea, baina aldi bereanerroak mantentzeko ahaleginak egiten dituena; ikusten dituzu duela 26 urte alardean ateratzeko eskea egin zuten andreak, duela 23 urte parte hartzen hasi zirenak... Horiek mantentzen ditu, eta, aldi berean, gero eta gazte gehiago erakartzen ditu. Belaunaldien arteko elkargune oso polita da Jaizkibel, eta espero dut transmisio horretan lan egiten dakien konpainia bat izatea; historia nondik datorren ahaztuko ez duena, baina, aldi berean, aurrera begira dagoena.

Gaztea da. Elkarri begiratu eta arazoa non zegoen galdetuko diote aurki gazte horiek?

Bai, nik uste dut dagoeneko gazte asko galdera hori egiten ari zaizkiola beren buruari, elkarrizketa askotan dagoela: 'non dago arazoa?' Horrekin hazi dira, baina gatazkarako erabili izan diren arrazoibide asko funtsik gabe geratu zaizkie gazte horiei, eta galdera hor dago: zerk mantentzen du egoera horrela? Gazteen artean oso arraroa da dagoeneko Jaizkibel babesten duen edo Jaizkibelen ateratzen den pertsona bat ez edukitzea kuadrillan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.