Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Sexu ikusezina

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Duela urte gutxi arte, emakumea zientziaren arlo ugaritatik kanporatua izan da. Medikuntza tradizionala izan da arlo zientifiko horietako bat. Gizona izan da abiapuntu, gizona izan da ikertua gizakia ulertzeko xedearekin, bertan egindako ikerketak emakumezkoentzako erabat baliagarri izan zitezkeelakoan. Baina errealitatea desberdina da; izan ere, bi sexuek ez dituzte ez gorputz berdinak ezta prozesu biologiko berdinak ere. Genetikoki, fisiologikoki zein endokrinologikoki desberdinak dira gizonak eta emakumeak. Metabolismo desberdinak dituzte, eta, hortaz, sendagaiekiko erreakzioak ere ez dira berdinak.

Historikoki, gizonezkoetan ikertuak izan dira sendagai gehienak. Ikerketa hauetan emakumezkoak ikertu direnean partaidetza oso txikia izan da. Hortaz, emakumezkoen batez besteko pisua gizonezkoena baino txikiagoa dela kontuan hartuta, oro har, euren pisuagatik dagozkien baino dosi handiagoak jaso izan dituzte emakumezkoek. Gantz portzentajea ere emakumezkoetan handiagoa izanik, zenbait sendagairen administrazio bolumenean eragina du.Hau honela izanik, emakumezkoengan hainbat farmakok eduki dituzten albo ondorioak handiagoak izan dira.

Bestalde, gaitzak ez dira beti sintomatologia berarekin agertzen emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Duela urte gutxi arte, gizonezkoen sintomatologiara zuzenduta zeuden ikerketak, gaitz horiek emakumeengan sortzen zituzten sintomei, komorbilitateari, eboluzioari edota medikazioekiko zituzten erantzunei jaramonik egin gabe.

Esaterako, bihotzeko bat pairatzen duten adin bereko gizonezkoen eta emakumezkoen artean, emakumezkoek hiltzeko %50eko arriskua dute, gizonezkoen %30aren aldean,pairatzen dituzten sintomak ez dituztelako «normaltzat» hartzen, eta antsietatea bezalako sintomekin lotzen dituztelako. Ondorioz, berandu eskatzen dute laguntza.

Bitarte horretan, emakumeen inguruan egindako ikerketek lotura handia izan dute beren sexualizazioarekin eta ernalkuntzarekin. Kontrazepzio pilula ugari atera dira emakumezkoentzat eta oso gutxi gizonezkoentzat, haurdunaldiaren pisua emakumeengan utziz. Gainera, bigarren mailako ondorioei ez diete pisurik aitortu industria farmazeutikoek: gogo aldartearen aldaketari, libidoaren jaitsierari eta tronbosi arriskuari, besteak beste.

Zorionez, ikerketek aurrera egiten dute egun, emakumea hankadun umetokitzat ikusteari utzita eta ikerketak emakumearen ezaugarri biologikoetan oinarrituta. Baina, txertaketa tronbosi arriskuagatik eten den bitarte honetan, oraindik ere badira tronbosi arriskuak sortzen dituzten pilulak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.