Katalunia. Prozesu subiranista

Puigdemont: «Ez dago bozkatzea ez den bertze alternatibarik»

Erreferendumerako legeak onartzeko osoko bilkura hasiko du gaur Kataluniako Parlamentuak. Kontuen Auzitegiak bortz milioiko bermea ezarri die hamar laguni; tartean, Mas

Carles Puigdemont presidentea, atzo, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Gibelera bueltarik gabeko bide bat hasiko du gaur Kataluniak. Edo hori espero dute, bederen, independentistek. Gaur eta bihar eginen duten osoko bilkuran Erreferendum Legea onartzeko asmoa dute, urriaren 1eko independentziari buruzko erreferenduma baimentzeko. Espainiako Gobernuak eta estatuko aparatuek, ordea, azkenera arte erreferendum hori eragozteko asmoa dutela jakinarazia dute, eta, horren adibide, Kontu Auzitegiak atzo bertan erabaki zuen 2014ko azaroaren 9ko kontsulta egiteagatik hamar lagun deitzea hilaren 25erako —tartean, Artur Mas presidente ohia—, eta bortz milioi euroko bermea ezarri die. «Ez zaigu oharkabean pasatu aukeratu duten momentua», adierazi zuen atzo Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak. Espainiako Estatuak «beldurra hedatu» nahi duela uste du Puigdemontek, baina berretsi du erabakia hartua dutela: «Ez dago bozkatzea ez den bertze alternatibarik, nahi adina traba paratuta ere».

Masekin batera, Joana Ortega presidenteorde ohia, Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohia eta Frances Homs gobernuko bozeramaile ohia daude Kontu Auzitegiak deitutakoen artean. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omniumek diru bilketa bat hasi dute bermea ordaintzeko. «Aste erabakigarri baten hasieran egin nahi izan dituzte mehatxuak», azaldu zuen Puigdemontek, azken orduan emandako prentsaurreko batean. Izan ere, atzo goizean Espainiako fiskal nagusiak eta Auzitegi Goreneko presidenteak ohartarazpen argia egin zieten Kataluniako ordezkari publikoei. «Erantzuna legeari jarraituta emanen da beti, baina espainiar guztion aberri komun eta zatiezin honen zuzenbide estatua mantentzeak eskatzen duen bezain sendo eta irmoa izanen da», adierazi zuen Jose Manuel Maza fiskal nagusiak, urte judizialaren hasierako ekitaldian, Madrilen. Kataluniako fiskalak Espainiako Fiskaltzaren aginduetara daudela ziurtatu zuen. Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko presidente eta Botere Judizialaren Kontseilu nagusiko presidenteak, berriz, erran zuen Espainiaren «batasun nazionala nahitaez bete beharreko agindu juridiko zuzena» dela.

Dena prest, «aste honetan»

Gaur hasiko du parlamentuak osoko bilkura, eta, CUPek atzo jakinarazi zuenez, Erreferendum Legea ez ezik trantsiziorakoa ere «aste honetan» onartzea hitzartu du Junts Pel Sirekin, baita «erreferenduma egin ahal izateko beharrezko tresna guztiak» onartzea ere. Alderdi independentistek ez dute argitu bozketaren egun zehatza; legeak ez daude osoko bilkuraren gai zerrendan, eta azken orduko gai bezala sartuko dituzte. Jordi Turull gobernuko bozeramaileak herenegun erran zuen Erreferendum Legea onartu bezain pronto sinatuko duela Puigdemontek galdeketara deitzeko dekretua. Horrez gain, bi koalizio independentistek hitzartu dute etziko ezohiko bilkura batera deitzea parlamentuan, hari muturrik lotzeko geldituko balitz bilkura hori baliatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.