Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Bakardadearen mina

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Bakardadea bilatua ez denean, ez da uste genuena bezain goxoa izan ohi beti. Covid-19aren harira, adibidez, hainbat gaixok bakarka joan behar izan dute euren osasun kontsultetara. Beste askok, kontsultak era telefonikoan egin behar izan dituzte. Screening froga batzuk, aldiz, aldi baterako atzeratuak izan dira. Ospitaleratuta dauden pertsona askok ezin izan dute bisita bakar bat ere jaso; beste batzuek, ordea, pertsona bakarra eduki ahal izan dute altzoan eguneko.

Zenbait kontsultetara bakarka joateak eragin emozionalik ez duen arren, notizia txarrak bakarka jaso dituzten pertsona horiengan pentsatzen jarduten naiz: ekografia egin eta bidean duen umea gaizki datorrela esaten dioten emakumearengan; gaitzak aurrera egin duela jakin duen gaixo onkologikoarengan; diagnostiko txar bat jaso berri duen pertsonarengan. Kolpetik minak eta beldurrak barruak jaten dituzten egoerak, bizitzako ardatzak une batean behin betiko alda ditzaketenak. Minak barrutik kolpatzen nau horrelakoetan pentsatzen dudanean eta horrelako egoerak ikusten ditudanean.

Bestetik, gaixo askoren jarraipena era telefonikoan egin izanak sarritan ez du balio izan gaixo horien zalantza guztiak argitzeko, ez haien beldurrak kitatzeko, ezta seguru sentitzeko ere. Airean gelditu dira maiz pertsona horiek, inseguritatearen soketatik zintzilik, jarraibide zuzenik gabe. Bestalde, telefono bidezko jarraipenak ez dira beti beharko luketen bezain zuzenak izaten, ezin direlako begi hutsez ikusten diren gauzak baloratu, pertsona guztiak ez garelako berdin azaltzen eta batzuetan, birusa dela eta, ospitalera bertaratzeko beldur izan direlako zenbait pertsona. Hortaz, pertsona horien osasun egoera oso trakestuta ikus daiteke batzuetan osasun zentroetara bertaratzen direnerako.

Ospitaleratuta egon diren eta dauden pertsonekin egoera ez da hobea izan ere. Bisita murriztuak izan diren egoeretan, sarritan, bisitan dagoen pertsona bakar horrek jaso du notizi txarra. Eskurik ezin heldu, inor ezin besarkatu eta gainera, negar lasai egiteko espaziorik gabe gelditu dira bisitariak. Baina, beste batzuetan egoera oraindik eta okerragoa izan da, gaixoak ezin izan duelako bisitarik jaso; haren senideei telefonikoki eman zaie egoeraren larritasunaren berri, eta gauetik egunerainor agurtu gabe zendu egin da. Dolu egokirik gabe, heriotzaz hitz egiteko prest ez dagoen gizarte honetan, mina erraietaraino sartuta edukiko du ziurrenik jende askok.

Eta akaso denbora epe luzeagoa beharko dugu honek guztiak osasun mentalean dituen eraginak ikusteko. Eta akaso asko edukiko dugu borrokatzeko osasun arreta mailak bide hau ez dezan behin betiko hartu. Bitarte horretan, isiltasunetik eta bakardadean sufritzen ari diren pertsona horiekiko enpatia eduki dezagun gure eguneroko jardunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.