Katalunia. Eztabaida politikoa

Sanchezek Katalunia bisitatu, eta uko egin dio Torrarekin elkartzeari

Espainiako presidentea polizia zaurituekin elkartu da ospitalean. Gobernu ordezkaritzako bisita bertan behera utzi du, protestengatik

Mossoak manifestari bati eusten, Sant Pau ospitalean, atzo, Sanchez autoan ateratzen ari zenean. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak hamabi buruzagi independentista katalanen aurkako epaia eman eta astebetera bisitatu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Katalunia. Abiadura bizian egin zuen Bartzelonarako joan-etorria Madrildik, agenda argi batekin: poliziak bisitatu, eta buelta. Quim Torra Kataluniako presidenteak Sanchezekin elkartzeko ahalegina egin zuen, baina Espainiako presidenteak asteburuan eman zion ezezkoari eutsi zion. Hala ere, Sanchezi bisita ez zitzaion guztiz nahi bezala atera, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara egitekoa zuena bertan behera utzi baitzuen, herritarren protesten ondorioz.

Espainiako Poliziak Bartzelonako Via Laietanan duen prefekturan hasi zuen bisita Sanchezek. Poliziak egoitza horretatik zuzendu ditu manifestarien aurkako ekintza anitz azken astean, eta haren inguruan sortu dira protesta eta istilu anitz. Espainiako presidenteak babes osoa erakutsi zien poliziei, eta erran zien «profesionaltasunaren eredu» direla, eta «moderazioa ordezkatzen» dutela. Prefekturatik Sagrat Cor eta Sant Pau ospitaleetara joan zen, aitzineko egunetan zauritu diren poliziak bisitatzera.

Presidenteak bisitatu zituen hiru tokietan aditu behar izan zituen manifestarien oihuak, eta prestatu zuen laugarren hitzorduan ere, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan, zain zuen Tsunami Demokratikoak deituta bildu zen jendetza. Lurrean eserita eta eskuak altxatuta elkarretaratze handi bat egin zuten han; elkarrizketa onartzeko exijitu zion Tsunami Demokratikoak. Espainiako presidentea, ordea, ez zen agertu, eta Madrilera itzuli zen.

Sanchezek solas egin zuen Kataluniako ordezkari batzuekin: Ada Colau Bartzelonako alkatearekin eta Nuria Marin Bartzelonako Diputazioko presidentearekin —Catalunya En Comu ezkerreko alderdi unionistakoa Colau, Sanchezen alderdikidea Marin—, baina ordezkari nagusiari, Torra Generalitateko presidenteari, ez zion jaramonik egin. Laura Borras Torraren alderdikide eta Espainiako Kongresuko ordezkariak salatu zuen «mespretxu» ekintza bat izan zela.

Generalitateko presidenteak bertze eskutitz bat bidali zion atzo Sanchezi, eta Espainiako presidenteak Torrak duela bi egun bidali zionari erantzun zion. Hiru baldintza paratu zizkion bilera bat egiteko; lehenbizikoa, manifestarien indarkeria gaitzestea, Espainiako presidenteak ez ditu-eta kontuan hartzen Torrak aitzineko egunetan horri buruz errandakoak. Kataluniako hedabideen arabera, Torraren kabineteburuak, Joan Ramon Casalsek, Sanchezen kabineteburu Ivan Redondori deitu zion atzo, baina hark ez zion erantzun.

«Nolatan du halako azala?»

«Bartzelonara etorri da, eta ez da gai ez Torrarekin, ez Kataluniako Gobernuarekin elkartzeko», salatu zuen Marta Vilalta ERC Esquerra Republicanako bozeramaileak —ERC da Junts Per Catalunyaren bazkidea Kataluniako Gobernuan—. «Zer uste du? Nolatan du halako azala?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.