Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Azal eta hezurrezkoak

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Konfinamendua. Haren eskutik isolamendua, tristura, beldurra, ezjakintasuna, umorearen aldaketak, apatia, antsietatea… horrelakorik inoiz denok pairatu dugu itxialdian. Eta horrelakoak neure azal eta hezurretan pairatzen nituen bitartean, osasun mentaleko erabiltzaileekin eta langileekin akordatzen nintzen. Gizarte honetan oso estigmatizatuta eta ahaztuta dagoen talde horrekin. Horregatik, osasun mentalean espezializazioa egina duen Irantzu Rubio erizainari pandemia garaian bere lana nolakoa izan zen galdetzera animatu nintzen.

Konfinamenduan erabiltzaileek arreta jaso zuten: batzuek etxerako ospitaleratzearen bidez, beste askok telefonikoki. Telefonikoak ziren jarraipenen maiztasuna handitu egin zen. Erabiltzaile hauek haien gaitzagatik sarritan isolamendua berezkoa dute eta honi uneko isolamendua eta beldurra gehitu zitzaizkion, osasun profesionalak haien beldurrak kitatzeko erreferente bilakatuz. Osasun mentaleko kronikoen ospitaleetan, ospitaletik kanpo gertatzen ari zena azaltzea zaila izan da: askotan ez dute egoera ondo ulertu, kolpetik bisitak oso murriztuak izan dituzte (duela bi hilabete arte ez dute bakar bat ere jaso) eta segurtasun distantzien harira harreman terapeutikoak gizatasun handia galdu du. Izan ere, aspalditik ezagutzen dute elkar osasun profesionalek eta erabiltzaileek, honek harreman terapeutiko estu eta berezia sortzen du, baina, bat-batean harreman hori erabat aldatzera behartua ikusi dute beren burua, errutina aldatzera. Kontuan hartu behar da zeinen garrantzitsua den errutina osasun mentaleko hainbat erabiltzailerentzat. Errutinaren norabideak zehazki norantz jotzen zuen jakin gabe gelditu dira, jarraibidetzat dauzkaten osasun profesionalak galduta ikusi dituzte. Beste behin ere, ezjakintasuna, beldurra eta antsietatea areagotzen dituzten egoerak.

Bestalde, hainbat lantaldetako lana indibidualki egin behar izan dute eta erabiltzaileek hori negatiboki igarri dute; izan ere, osasun profesionalen enpatia jaso duten arren ez dute «berdinen arteko» elkar laguntza hori eduki.

Harreman terapeutikoan gizatasuna galdu izana azpimarratzen dute langileek, prebentzio neurriek eta haiek sortzen duten lan kargak eraginda. Formula berriak bilatu behar izan dituzte aurrez ematen zuten arreta emateko. Baina jakin badakite aurrez zegoen arreta berdina emateko lanean jardun beharreko ordu kopurua handiagoa dela. Baina osasun arlo guztietako profesionalek aldarrikatzen duten moduan, nondik atera denbora hori?

Konfinamendu garaian indibidualki bizi izan ditugun egoeren harira, baliteke etorkizunera begira osasun mentalarekiko dagoen estigma gutxitzea, guztiok azal eta hezurrezkoak garela jabetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.