Ane Pescador.
OSASUNA PENTSALDIAN

Gorputza eta tenplua

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Mens sana in corpore sano idatzi zen bigarren mendean. Garai horietan esaldiaren esanahia arimari, buruari eta gorputzari men eginez idatzi zen arren, egun zentzua edukitzen jarraitzen du. Fisikoki ondo sentitzeak eta kirola egiteak psikologikoki hobeto sentiarazten gaitu. Kirola egin ostean sortzen diren endorfinei esker antsietate eta estres mailak gutxitzen dira; lo eta ernetasun zikloengan dituen eraginengatik hobeto lo egiten eta indar handiagoarekin esnatzen laguntzen gaitu; serotonina neurotransmisorean dituen aldaketen ondorioz (gogo aldarte positiboarekin eta egonkortasun emozionalarekin lotuen dagoena) egoera depresiboak gutxitzen dira. Osasun emozionalean dituen eraginez gain, kirolak baditu bere onurak osasun fisikoan ere.

Urtebetea gertu dugu gure bizimodua hankaz gora jartzera iritsi den birusa heldu zenetik. Lehenik ia bi hilabete eman genituen etxean itxita. Norberak ahal zuen moduan egiten zuen etxean aktibo mantentzeko; online kirol klaseez baliatu ziren batzuk, etxeko korridorean barrena pausoak zenbatuz besteak, baita sare sozialetako erronkei jarraituz ere. Baina, muga hauekin, gure ohiko bizimodua aldatzearekin eta mugikortasuna horren espazio txikietara mugatzearekin batera, ondorio asko egon dira. Bereziki hiru aipatuko nituzke, umeek eduki duten kirol falta, batetik, eta hori nola kudeatu. Egoera zailak izan dira, non gurasoek lan egin behar zuten, etxetik edo etxetik kanpo, umeek kirol beharra zuten eta orduak oso luze joan diren. Ariketa fisikoa egiteko denbora hartuta ere, ordu luzeak ziren betebeharrekoak, sarritan teknologien erabilera eginez, eta nola ez, ohi baino sedentarismo ordu kopuru handiagoarekin. Bestetik, etxean egoteak sortzen duen egonezinaren eta sare sozialetan sortu den gizentasun fobiaren harira, nerabeengan elikadura jokabidearen asalduren intzidentzia asko handitu dela aipatzen dute adituek. Eta, azkenik, etxean mugatuta egoteak jende askorengan ekarri duen mugikortasunaren okertzea. Kaleetara irteteko aukera izan genuenean, grinaz atera eta gorputzak zuen ohitura faltaren ondorioz lesioak ere handitu egin baitziren.

Umeek eskola kirola debekatuta izan dute. Goi mailako lehiaketa izan da denbora luzez onartuta egon den bakarra. Eta kirola egiteko arauak geroz eta zorrotzagoak izan dira: edukiera mugatuak kirol instalazioetan, musukoen erabilera kirola egin bitartean. Arrazoiak arrazoi, kirolaren praktika gutxitu egin da, eta honekin, luzarora osasun arazo larriak ikus ditzakegu: obesitatea, diabetesa eta hipertentsioa, besteak beste.

Garaiotan ditugun prebentzio neurriekin tentuz ibili beharra dugu, luzarora ekar diezazkiguketen osasun arazoei erreparatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.