Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Askatasuna unibertsitatean

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Autonomia handiagoa eskatuz, arau «itogarriak» atzean uztea galdeginez hasi dute ikasturtea EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Askatasun handiagoa nahi duela azaldu die Iñaki Goirizelaia errektoreak agintariei asteon, ikasturtea hasteko ekitaldian. Kanpora begirako mezua izan da: autonomia handiagoa behar dela eguneroko lanerako —batez ere kontrataziorako—, eta kudeaketa egokia ziurtatuta dagoela EHUn. Konfiantza eskatu du. Barrurako mezua ere izan da, hala ere: esku hartzeko ahalmen gehiago behar duela errektoreak, baita lorpenen arabera lansariak aldatzeko ere. Hamarkadetan finkatutako egiturak —«iraganean ainguratuak», errektorearen hitzetan— aldatu nahi ditu. Zentroen antolaketa aldatzeko plana mahai gainean jarri du.

Goirizelaiak maiz jartzen ditu eredu gisa AEB Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateak. Han aritua da. Kaliforniakoa aipatu du asteon. Erakundeek «konfiantza» dutela unibertsitate harekin, «autonomia» duela irakasle eta ikertzaileak kudeatzeko. Horrek dakarrela arrakasta unibertsitatera.

Askatasun handiagoko eredua. Oraingo sistemaren aurkako hitz gogorrak izan ditu errektoreak: «Presio immobilista ipini da gure unibertsitateen gainean»; «Arau eta burokrazia itsaso bat da, gure irakasle eta ikertzaile gaitasuna ito nahi duena»; «Lege sare itogarri batek inguraturik gauzka».

Kudeatzeko askatasuna dago oinarrian. Unibertsitatearentzat hipoteka izaten ari da Madrilen lege bat: erretiratzen diren hamar irakasletik bat bakarrik ordezka liteke. Gazte prestatuei unibertsitateko atea itxi die muga horrek, eta unibertsitateari berari adin ordezkapena egitea eragozten dio.

Hori konpontzea lehentasuna da Goirizelaiarentzat, baina sakonagoa da eztabaida: norainoko askatasuna izan behar du unibertsitateak eguneroko kudeaketan?

Kanpora begira, finantzaketaren gaia du kikuka. Askatasunaren ereduan oinarrituz, finantzabide pribatuak gehitzearen aldeko da errektorea —AEBak eredu berriro: endowment—. Donazio pribatuak jasotzea, eta, batez ere, horiek askatasunez kudeatu ahal izatea. Goirizelaiak ez du ezbaian jarri finantzaketa publikoa, baina badago arriskua hori ulertu nahi izateko, unibertsitate publikoak babestu zale ez direnek batez ere.

Joan den astean, Iruñean. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasturte hasierako ekitaldia. Finantzaketa egonkor eske Julio Lafuente errektorea. Yolanda Barcina presidentearen erantzuna: «Erronka da beste finantzaketa bide batzuk ere lortzea».

Barrurako oharrak

Unibertsitate barrura begira, berrikuntza nahia du kikuka Goirizelaiaren proposamenak. EHUk «bikaintasunerako trantsizioa» egin behar duela ohartarazi du, eta hori zailtzen duela oraingo egoerak. Ohar estiloko adierazpenak egin ditu aste honetako ekitaldian: «Ikerketan sartu behar du unibertsitate komunitate osoak»; «Iraganean ainguratutako egiturak mugitu behar dira»; «Emaitzen araberako lansariak behar dira, ez irakasleen funtzionario mailaren araberakoak». Askatasuna behar dela, «baina betiere kontuak argi eta garbi emanez gizartearen aurrean».

Jarri ditu kartak mahai gainean. Lehena, zentroen berrantolaketa. Azaroan ikusiko da zenbateko babesa duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.