BAKARRIZKETA

Lurrikarak Europa salbatzeko

ALEXANDER BECHER.
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
1Klima larrialdiaren ondorioengatik ezin lorik eginik dabiltza aspalditik Herbehereetan. Bai, itsasoaren mehatxua izan dute beti, eta, duela urte batzuetatik hona, lurrikarena ere bai, herrialdearen iparraldean nagusiki, Groningen hiritik gertuko lurretan, han dauden gas ustiategien jardunagatik. Instalazio horiek [irudian, horietako bat] polemika iturri bihurtu dira. Urtea amaitu baino lehen ixteko asmoa zuen Herbehereetako Gobernuak, hala hitzeman zuen behintzat, baina...

2Baina? Asmo hori ezbaian jarri du orain. Tulipa zelai eta errotaz beteriko zingira horien azpian, Europako gas natural erreserbarik handienak daude. Mende erdiko erabileraren ondoren, oraindik 450.000 milioi metro kubiko geratzen dira han.

3Eta hori asko ala gutxi da? Datu bat: iaz, Alemaniak 46.000 milioi inportatu zituen Errusiatik. Beraz, hamar urterako emango lukete Groningengo erreserbek. Eta horretarako gaitasuna dutela gogoratu dute putzuak esplotatzen dituztenek, Shell eta Exxon konpainiek. Hala egiten zuten 2000ko hamarkadako «urterik onenetan»: 55.000 milioi inguru ateratzen zituzten. Baina gelditu behar izan zuten, han izan ziren lurrikarengatik. 2014an, gobernuak 4.500 milioira murriztu zuen ekoizpena. Eta, 2018an, ustiategiak 2022a amaitu baino lehen itxiko zituela iragarri zuen.

4Egun dauden gas beharrak ikusita, gobernuak ez du erraza izango hitza betetzea.Gas erreserbak ustiatzen dituzten enpresek ez ezik, Europako Batasunak ere presio egiten dio. Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak berriki esan du Herbehereek berriro aztertu beharko luketela ixteko erabakia. Lurrikara politiko bat sortu da herrialdean. Alde eta kontrako iritziak daude, baina herbeheretarren artean iritzi bat nagusitu da: «Alemaniarrek-eta gasa behar badute, beste nonbaitetik atera dezatela, baina ez gure lurretatik, eta are gutxiago gure herrikideen segurtasuna arriskuan jarriz».

5Noiztik dabiltza horrela?1963. urtean zabaldu zituzten lehen ustiategiak. 1980ko hamarkadako bigarren erdian, petrolioaren krisiari aurre egiteko, zabalkunde handia izan zuen gas naturalak, eta izugarri handitu zen produkzioa; orduan hasi ziren erregistratzen lehen lur dardara eta desplazamenduak. 2000ko hamarkadan egoera jasanezina bihurtu zen, eta «aski da» esan zuten bizilagunek. 2017an, adibidez, ia 100 lurrikara izan ziren.

6Eta kalteak zenbatu dituzte?Bai. Eskualdean dauden 327.000 etxebizitza ingurutik, gutxienez 127.000k izan dute kalteren bat. Hirutik batek baino gehiagok. Azken urteetan 3.300 eraikin eraitsi dituzte. Eta gobernuak 1.650 milioi euro eman ditu kalte ordainetan. Zutik jarraitzen duten etxebizitzek hutsaren hurrengoa balio dute. Eta inor gutxik bizi nahi du inguru haietan.

7Eta zer dio gobernuak?Mark Rutte lehen ministroak barkamena eskatu zuen parlamentuan 2019an, baina herritar askorentzat ez zen sinesgarria izan. Dirutza irabazten du estatuak ustiategiarekin; kalkulatzen da geratzen denak bilioi bat euroko balioa duela. Akaso, horregatik, ez du erabat baztertu ustiategiak zabalik edukitzea. Hala ere, esan berri du beste bi urtez izango litzatekeela, eta «muturreko kasu batean» bakarrik, «egoera izugarri okertuko balitz». Batek daki horrekin zer esan nahi duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.