Albistea entzun

Arrauna

Eman du eman beharrekoa

Asteburuan amaitu da 2023ko arraun denboraldia maila gorenean. Urdaibai izan da garaile nagusia, liga eta Kontxa irabazita. Santurtzi eta Meira mailaz jaitsi dira, eta San Pedro eta Bueu, aldiz, igo
Urdaibaiko arraunlariak herenegun, Portugaleten, Eusko Label ligako garaileak direla ospatzen.
Urdaibaiko arraunlariak herenegun, Portugaleten, Eusko Label ligako garaileak direla ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko irailak 19

Bi hilabete baino gehiago igaro dira arraun sasoia hasi zenetik, eta udak askorako eman du. Urdaibai izan da txapeldun handia, Eusko Label liga eta Kontxako Bandera irabazita, eta Santurtzik eta Meirak maila galdu dute. San Pedrok eta Bueuk hartuko dute haien postua maila gorenean. Lau urteren ostean itzuli da Libia, eta Bueuk debuta egingo du maila gorenean.

URDAIBAI, NAGUSITASUNEZ

Dena irabazi ostean, zaila izaten da hurrengo urtean gauza bera egitea. Ederki azaldu zuen Sergio Gonzalez Cadizeko entrenatzaileak San Mamesen. Azukreak bi eragin izaten ditu. Batetik, gozatzen jarraitu nahi izaten da, eta hobetzen jarraitzeko beta ematen dio talde bati. Baina, bestetik, hainbeste azukrek bete ere egin zaitzake. Azukre asko probatu zuen Urdaibaik iaz, Eusko Label liga eta Kontxako Bandera irabazita. Berriro iazkoa egiten saiatzeko goi mailako taldea zeukan Iker Zabalak, baina beldurra egon da tarteka, aseko ote ziren. Ezta gutxiago ere. Azukrearen olatua hartu zuen Urdaibaik hirugarren jardunaldian, Zierbenan (Bizkaia), eta olatu horren gainean egon da luzaroan. Ordutik, hurrengo hamabost banderetatik bederatzitan nagusitu da.

Urteko bandera handiena ere Bermeora joan da. Liga ia erabakita zeukaten Bermeokoek, eta Kontxa prestatzeko tartea ere izan dute. Bi jardunaldiak sasoi osoaren isla izan ziren. Urdaibai izan da talderik onena, eta aurten zerbait erakutsi badute, zera izan da: garaile izaera dutela. Erregularrenak izan dira, eta tarte gogorretan hortzak estutu, eta indar erakustaldiak eman dituzte. Galizia, Santurtzi, Kontxa... Nagusitasunez irabazi ez dutenean, modu ikusgarrian egin dute atzetik aurrerakoa, eta talde irabazlea dutela erakutsi. Hori nahikoa ez, eta etxean jarri diote ginga sasoiari, zaleen aurrean. Iragan larunbatean 2016tik lehen aldiz Bermeoko Bandera irabazita, Eusko Label ligako txapeldun izendatu zuten Bou Bizkaia. Denboraldiari amaiera emateko modu ezin hobea.

BANDERA GUTXI BATZUK LEHIAN

Urdaibai edo pareko talde handi bat aurrean dagoenean, zail da garaipenak lortzen. Hamar bandera eta Kontxa irabazi dituzte Zabalarenek, eta zortzi besterik ez dituzte utzi bidean. Lau talderen artean banatu dituzte horiek. Zierbenak eta Hondarribiak berdinduta amaitu dute liga. 192 puntu lortu dituzte biek, Urdaibaik baino hamabi gutxiago. Dani Perezen eta Mikel Orbañanosen taldeak bigarren eta hirugarren postuetan egonkortuta egon dira, eta zortzi bandera horietatik sei Zierbenara edo Hondarribira joan dira. Galipoek Galizian eman dute onena. Etxean jokatu dituen hiru banderak eraman ditu Perezek: Coruñakoa, Boirokoa eta Moañakoa. Hori bakarrik ez, sasoiko azken estropadan ere nagusitu dira, Portugaleten (Bizkaia). Hondarribiak, berriz, Bizkaian irabazi ditu bi banderak; Bilbon aurrenekoa, laugarren jardunaldian, eta Santurtzin bigarrena, bederatzigarrenean. Etxeko arraunlariak dira nagusi traineru horretan, eta onenen pare aritu dira beste urtebetez; urteak aurrera doazen arren, Orbañanosek eta Ioseba Amunarrizek osatzen duten bikoteak aurrera jarraitzen du.

Beste bi banderak Donostiarrak eta Oriok irabazi dituzte. Igor Makazagaren taldea etxean nagusitu zen, Donostian, bigarren jardunaldian. Torrekua II ontziak urte osoan erakutsi du ohorezko txandan egonkortuta dagoela, baina lehen hirurak baino urrutiago, akaso. Oriok, berriz, oso gaizki hasi zuen sasoia. Mirotzek arraunketa egokia aurkitu ezinda hasi zuten liga, eta abuztuan eman dute onena. Behetik gorakoa nabarmena izan da Jon Salsamendiren eskifaiarentzat. Amaieran, Ondarroako Bandera irabazi zuten bigarren txandatik, eguraldiaren aldaketez baliatuta, eta Kontxan lan txukuna egin zuten bi asteburuetan.

EGONKORTUEN LIGA

Aurreko postuetatik urrun, eta atzekoetatik ihesi. Prestatzaileek bazekiten hasieratik haien tokia non egon zitekeen, eta nondik egin nahi zuten ihes. Arazo handirik gabe lortu dute Cabok, Getariak eta Isuntzak. Galiziarrek urte ederra egin dute, eta iazko urte eskasa ahazten lagundu die horrek. Diego Suarez prestatzaile berriak aire freskoa ekarri dio taldeari, eta, Kontxarako sailkatuta, bikain amaitu dute liga. Getariako Esperantza ere pozik egoteko moduan da. Estuasunik gabe igaro dute uda, eta lehia ederra izan dute Caborekin. Erakutsi dute, hortaz, iazkoa ez zela kasualitatea izan. Isuntza izan da ezustekoa aurten. Kontxatik kanpo gelditzea kolpe latza izan zen Osertz Aldairen taldearentzat, baina urte gogoangarria egin dute. Koska bat beherago aritu dira Kaiku eta Ondarroa, baina atzeko biengandik urruti. Sestaokoek urte gorabeheratsua izan dute mendeurrenekoa. Ibaian fin aritu dira, baina itsasoan ez dute asmatu dena ematen. Ondarroak, berriz, ederki baliatu ditu Santurtzik egindako huts handiak, eta, Kontxarako sailkatuta, Iñigo Larrinaga patroiak lasai hartu du erretiroa, 25 urteren ostean.

POZAK ETA TRISTURAK

Meirak eta Santurtzik. Biak jaitsi dira mailaz azkenean. Galiziarrak gainerakoengandik oso urruti egon dira, eta Santurtziren oker larriek soilik hurbildu zituzten tarte batez. Santurtzik, berriz, kanporaketetan galdu du maila. Javi Poloren taldeak denetik izan du aurten. Ziaboga batean aurrekalaria uretara jausi zitzaien, Castron bi arraunlarik mutur joka amaitu zuten estropada, Hondarribian kaleratu egin zituzten... Motxila astunegia da kanporaketei izkin egiteko. Kanporaketetan, zirt edo zart egin behar izaten da, eta, lehen jardunaldian azkenak amaituta, ia aukerarik gabe gelditu ziren. Igandean ez zen miraririk izan, eta Itsasoko Ama KAE1 ligan ariko da datorren urtean.

San Pedrok eta Bueuk Eusko Label ligara igotzea lortu dute. Libiak nagusitasunez irabazi ditu KAE1 ligako erlojupeko estropada guztiak, eta nagusitasun hori berretsi du kanporaketetan. Ez du tarterik utzi ezustekoetarako. Larunbatean eta igandean lehenengo amaitu, eta zuzenean Eusko Label ligara. Bueuk gehiago sufritu behar izan du. Galiziako bigarren sailkatuak lehia estua izan zuen Lapurdirekin, eta, azkenean, bi segundoan egon da igoera. Lehen aldiz arituko dira maila gorenean. Lapurdik eta Aresek datorren urtean saiatu beharko dute. Urte bikaina egin dute biek; aipagarria da Joseba Fernandezen talde igo berriaren maila. Baina ez dago tokirik denentzat.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Beñat Mujika Telleria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.