Espainiako Kopa. Cadi La Seu 66-60 RPK Araski

Oso luze egin zaio

Araskik galdu egin du Cadi La Seuren aurka, eta Espainiako Kopatik at geratu da. Goitik behera egin dute etxekoek

Oso luze egin zaio.
Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Cadi La Seu. Diaz (10), Kraker (4), Vilaro (21),Bahi (3), Hempe (10) —hasierako bostekoa—;Etxarri (6), Richards (12), Pujol, Aijanen eta Sklepowicz.

RPK Araski. Garcia, Drammeh (21), Roberson (11), Edwards (17), Pardo (3) —hasierako bostekoa—; Molinuevo, Estebas, Van den Adel (4) eta Diallo (4).

Markagailua. 11-24, 28-37 (atsedenaldian);43-42 eta 66-60.

Epaileak. Palomo Cañas, Langa de Martin eta Piñeiro Amondaray. Araskiko Izaskun Garcia kanporatu zuten (39. min.).

Bestelakoak. 2.200 ikusle inguru Mendizorrotza kiroldegian, gehienak etxeko taldearen jarraitzaileak.

Gasteizen jokatzen ari den Espainiako Kopak xarma handia galdu du etxeko saskibaloizaleentzat. Jada ezingo dute gehiago animatu euren taldea harmailatik. RPK Araskik 66-60 galdu zuen atzo Cadi La Seuren aurka, Mendizorrotzan, final-laurdenetan, eta lehiaketatik kanpo geratu zen.

Herrialde Katalanetako taldeak berriro erakutsi zuen neurria hartua diola Araskiri. Arabako taldeak jada bi urte daramatza Cadi La Seuri irabazi ezinik. Lau partida jokatu dituzte tarte horretan, eta guztiak galdu dituzte gasteiztarrek. Atzoko porrotak, baina, aurrekoek baino min askoz handiagoa eragingo die, ilusioz gainezka baitzeuden. Etxean jokatuko zuten Kopa, eta horrek irrika berezia sorrarazi zien. Horregatik, ziurrenik, Araskin batek baino gehiagok izango du zaleei huts egin izanaren sentipena. Partida amaieran zaleek jo zieten txalo zaparradak, ordea, agerian utzi zuen inork ez diela ezer leporatuko.

Gainera, saiatu, saiatu ziren, gogotik, baina oso luze egin zitzaien partida. Goitik behera egin zuten nabarmen. Goitik behera, ikusgarri ekin baitzioten neurketari. Hiruko jaurtiketei esker, hamazazpi punturen aldea lortu zuten lehen laurdenean: 7-24. Nahieran aritu ziren lehen minutuetan Drammeh, Edwards eta Roberson. Baina erasoan ez ezik, defentsan ere bikain aritu ziren etxekoak, Cadi La Seuk 11 puntu besterik ez baitzuen sartu aurreneko laurdenean.

Oso zaila zen etxekoek horren maila ikusgarriari eustea, ezta bisitariak horren gaizki aritzea ere. Eta hala izan zen. Minutuek aurrera egin ahala, desoreka orekatzen hasi zen. Hala, bigarren laurdenean jada sei puntura jarri zen Cadi La Seu: 25-31. Hala ere, etxekoek ihes egitea lortu zuten berriro, eta bederatzi punturen aldearekin joan ziren atsedenaldira: 28-37.

Etenalditik bueltan jo zuen kolpea Cadi La Seuk. Defentsan, estutu egin zuen, eta erasoan, Vilarok triskantza eragin zuen: 21 puntu lortu zituen atzo, horietatik hamabost bigarren zatian. Ondorioa izan zen Araskik bost puntu besterik ez zuela sartu hirugarren laurdenean. Bisitariek ez zuten lortu harrotzeko moduko kopururik—hamabost puntu—, baina bai nahikoa lehen aldiz aurretik jartzeko: 43-42.

Kezkagarria zen partidak zeraman bidea. Nekeak jota, gasteiztarrek izugarri sufritzen zuten punturen bat lortzeko, eta makina bat baloi galtzen zituzten: hamasei guztira, aurkariak baino 11 gehiago. Zorionez, Cadi La Seu ere ez zebilen askoz hobeto. Horri esker, eta sekulako ahalegina eginez, Araski gai izan zen aurretik jartzeko lau minutu eskas falta zirela: 52-54. Baina kito. Horraino iritsi zen. Katalanek 8-1eko partziala lortu zuten, eta erabakita utzi zuten neurketa, minutu eskas falta zela (60-55). Alferrikakoa izan zen etxekoen azken saiakera. Berandu zen jada.

Gaur, derbia

Araski ez da ariko finalerdietan, baina euskal taldebat bai. Izan ere, Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Gipuzkoak gaur jokatuko dute, elkarren aurka, final-laurdenetako azken partida. Ez dago faborito argirik. Sasoi honetan eginikoari erreparatuta, Bizkaiko taldeak koska bat gorago dirudi. Hirugarren dago Espainiako Ohorezko Mailako sailkapenean, 21 partidetatik hamasei irabazita. IDK, berriz, hiru postu beherago dago, seigarren, 11 garaipen lortuta, hau da, bizkaitarrek baino bost gutxiago. Halere, denboraldi honetan elkarren aurka jokatutako lehia bakarrean, IDK nagusitu zen; hori bai, puntu bakar batengatik: 65-64. Baina ordutik aldaketa dezente izan dira bi taldeetan: Gernikan, Blake Dietrick, Eleanna Christinaki eta Jazmon Gwathmey joan dira, eta Kamile Nacickaite, Rachel Banham eta Courtney Williams iritsi —azkenak gaur egingo du estreinakoa—; IDKn, berriz, Vivi Pierre-Louisek taldea utzi du, eta Kathryn Westbeld iritsi da. Bi taldeak azken bi norgehiagokak irabazita iritsi dira Kopara. Beraz, ondo daude, bai sasoiz, baita konfiantzaz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.