KRITIKA. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Keinuaren marruskadura

2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun

Quartetto Maurice

Musikariak: G. Pivitera eta L. Bertolino (biolinak), F. Vernero (biola), A. Pivitera (biolontxeloa). Egitaraua: H. Lachenmann,E. Kurt eta F. Verunelliren obrak. Lekua: Donostiako Kursaala.Eguna: Abuztuak 17.

Maurice laukoteak asteazkenean eskaini zuen kontzertuaren programak azken hamarkadetako abangoardiak ekarri ditu gurera: musika garaikidearen zirkuluan arras ezagunak diren bi izen eta bidean dagoen beste bat.

Lehena, Helmut Lachenmann, XX. mendearen erdialdean Luigi Nonoren ikasle izandakoa, eta musika instrumental konkretuaren sortzailea. Soinuaren emaitza bainoago, unean-unean sortzen den entzute testuingurua zein soinuak berak ekoizteko behar dena jartzen ditu bere obraren erdigunean; bere zehaztasuna, hortaz, ez da zein soinu ekoizten den, baizik eta nola. Keinuak garrantzia du horretan, baita entzulearen jarrerak ere. Eta, noski, azken hori testuinguru sozialak baldintzatzen du. Musika sorkuntza errotzen duten lokailu sozialak azaltzen dira bat-batean. Grido bere azken hari laukotea da, 2001ekoa; oraindik topatu daiteke bertan konkretutasun horren arrastorik, harien igurtzien hartu-emanean zein erdiko sekzioaren asalduran.

Bigarrena, Francesca Verunelli, azken urteotan sari ugari jaso dituen konpositore italiarra. 2017-2018 artean idatzi zuen Flowers3# (Dripping), modu tragikoan hildako lagun batentzat. Esekiduran dagoen obra bat dela dirudi. Lachenmannen laukotearen antzera, keinuaren indarraz baliatzen da, baina denboran etenaldia egiteko.

Bi obren artean, estreinaldi absolutu bat, garaikidearen marka gorena: Egemen Kurt turkiarraren Loquela Codex. Konpositore gaztea izanik —20 urte—, Pablo Sorozabal Nazioarteko Hari Laukoterako Konposizio Lehiaketaren azken deialdia irabazi du. Obra bizia da, kolore eta ehunduren kontrastean arnasa hartzen duena. Lau mugimenduak, soinuen bat-batekotasuna azpimarratzeaz gain, arkuaren jolasean luzatzen dira, Kurtek berak adierazi duen moduan, esperientzia «desorekatua eta asimetrikoa» sortuz.

Dena oso garaikidea. Kide dugun garai hau ulertzea baino ez zait geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.