Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Horizontes Latinos

Mugan galdutako bizitzak

AEBak eta Mexiko arteko mugan dago girotua filma. BERRIA.
Amaia Garcia.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Sin seƱas particulares'

Zuzendaria: Fernanda Valadez. Herrialdea: Mexiko. Iraupena: 99 minutu.

Mexiko eta AEBak banatzen dituen harresiak, pertsonak banatzeaz gain, drama latza sortzen du Mexikoko eta hegoalderago dauden herrialdeetako pertsonen artean. Lagun asko desagertzen dira mugaren inguruan. Mugara iristea zaila izan daiteke, baina ondoren gertatzen dena zailagoa da.

Fernanda Valadezek desagerpen baten istorio bat kontatzen digu, mugaren errealitatea gerturatzeko. Magdalenaren semea mugara joan zen Arizonan lan egiteko intentzioarekin. Bere lagun batekin joan zen eta laguna hilda aurkitu dute. Aldiz, Magdalenak ez du bere semearen gorpua aurkitu, eta haren bila jarraituko du. Semea muga inguruko herrietan bilatzen jarraituko du, eta lortzen dituen arrastoen atzetik joango da Magdalena.

Bitartean, Miguel deitutako gazte bat AEBetatik bota dute, eta Mexikoko mugara iritsi berri da. Bere amaren etxera iritsi nahi du, eta bitartean Magdalenarekin egingo du topo. Miguelen bidea ere latza izan da, AEBetara iritsi eta bertan bizi ostean, migrazio-poliziak atxilotu eta bere herrialdera itzuli baitu.

Filma Horizontes Latinos saileko altxor bat da. Pelikula gauza txiki batetik hasten da, eta amaiera erraldoi batera garamatza; hau da, filmaren erritmoa txikitik handira doa. Hasieran ez dakigu zer gertatuko den, baina une oro gauza berriak agertzen dira, eta larritasuna areagotzen da. Amaierara eramaten gaituen bitartean, zuzendariak maisuki erakutsi du egoeraren zailtasuna, eta indartsu amaitzen du kontakizuna.

Drama latz batean oinarritutako thriller bikaina da. Zuzendari moduan egindako hirugarren lana da Fernanda Valadazena, eta honekin argi utzi du jarraitu beharreko zuzendaria dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.