KRITIKA. Musika

Luxuzko parte hartzailea

2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Egitaraua:West Side Story filmaren proiekzioa BOSen interpretazioarekin. Zuzendaria: Ernst van Tiel.Non: Euskalduna jauregia, Bilbo. Noiz: Urriaren 5ean.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak ilargi betearen moduan dir-dir egin zuen West Side Story eguzki-filmaren aurrean, hau da, pelikularen proiekzioari orkestraren soinua zuzenean gehituz. Film hartan, Robert Wise eta Jerome Robbins zuzendariek gaurkotu egin zuten Shakespeareren Romeo eta Julieta-ren amodiozko tragedia, gaur egungo gizarte arazoen kritika eginez: immigrazioa, aberatsen eta pobreen arteko gatazka, hori justifikatzeko sistemaren errepresioa —Gee, Officer Krupke—, arrazakeria, sexismoa... AEBetan, New Yorkeko auzo bazterrekoetan, hain justu.

Kontzertu honetan, irudi indartsuez gain, jatorrizko soinu bandaren tokiko zaratak, ahotsak, txistuak eta atzamarren klaskadak mantendu egin ziren, eta BOSek musika instrumentala bakarrik jo zuen, jatorrizko kantaldiei eta bestelakoei akonpainamenduak egiteko. Hori bai, filmaren eta orkestraren arteko soinu emaitza berdintzeko, teknikoek modu trebean jarri zituzten mikrofonoak instrumentu senideek betetako leku estrategikoetan. Jakina da halakoetan zuzeneko soinuaren aberastasuna galdu egiten dela, baina osotasunaren soinu oreka lortzeko beharrezko ordain-saria zelakoan gaude. Soilik tinbalen nahiz tubaren zenbait adibide txikitan sumatu zen gehiegikeriarik bolumenari dagokionean.

Hala ere, zalantzazkoa da ea honelako esperientzia bat egokia ote den ala ez den orkestraren denboraldiari hasiera emateko. Zergatik? Bada, nahiz eta orkestraren interpretazioa ezinbestekoa izan zen film musikala laguntzeko, pelikulako irudiek izan zutelako protagonismorik handiena: filmaren eszenek—Wisek bikain zuzenduak—; koreografiek —Robbinsen eta dantzarien saio ederren eskutik—; aktoreen kantuek —esaterako, filmean Maria pertsonaiaren kantuak abestu zituen Marni Nixon sopranoarenak—, eta abar. Beraz, kontzertuaren entzuleak ikusle bihurtu ziren emanaldian, orkestraren ahalegina maila batean bazter utziz.

Halere, Leonard Bernsteinen partiturarik onena ederki haizeratu zuen orkestrak, jatorrizko orkestra gaindituz tinbreen aberastasunean —biolinen familiakoak, perkusioak eta haize-metalezkoak, orokorrean, bikain—. Ernst van Tiel zuzendaria eskarmentu handikoa da filmak eta zuzeneko orkestrak sinkronizatzen, eta kasu honetan, zaila izan arren, erabateko sinkronia lortu zuen, eta primerako musikaltasuna atera zioten Bernsteinen obra handiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.