Zer gertatzen den begiratzean

Manu Muniategiandikoetxeak 'Duda da dudana' erakusketa jarri du Altxerrin, Donostian

Manu Muniategiandikoetxearen zenbait obra, Donostiako Altxerri galerian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Artistak jan egin behar du; ez dakit askotan zer pentsatzen den, baina ez da sortzaile purua, ni ez behintzat. Badakit nondik edaten dudan, zein diren nire iturriak». Rodtxenko bada, esaterako, R bat jartzen die horregatik Manu Muniategiandikoetxeak «familia» horri dagozkien piezei; Cezanne baldin bada, C bat. «Iturria aurretik jartzen dut, eta, niretzat, zerbait naturala da: agerian jartzen du zein den artista baten metodologia. Lana gero dator: hori hartu eta moldatzean. Maisu batek behin esan zidan hobe zela aipamena gordetzea, dirdira kentzen ziolako obrari, baina nik ez dut uste hala denik». Duda da dudana erakusketa ireki berri du orain Donostiako Altxerri galerian. Azken urteetako obra oinarri hartuta, hamasei lan jarri ditu ikusgai: marrazkiak, eskulturak eta koadroak. Maiatzaren 14ra bitartean bisitatu ahalko dira.

Muniategiandikoetxeak (Bergara, Gipuzkoa, 1966) aurrez ere erakutsi izan du bere obra Altxerrin. Gabonen aurretik, Javier Balda galeriako arduradunak galdegin zion ba ote zuen erakusgai jartzeko moduko lanik; egingo liokeela leku bat. Artista Madrilgo Arco azokarako lanean zebilen orduan, norabide berri batean. Baina, pandemia aurretik, Madrilgo Espacio Minimo galeriarako Du, da proiektua prestatu zuen, eta ohartua zen bide horretatik segituz egindako lanek «familia bat» osatzen zutela; bazuela aski obra Baldaren proposamenari erantzuteko: «Arcorako beste prozesu batzuetan sartuta nengoen, eta pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela azken bost urteetako lana bildu eta pandemian ondo ikusteke geratu zen lan horri beste aukera bat emateko». Eta, horrela, ate bat ixteko. «Igartzen dut beste gauza batzuetan sartzen ari naizela orain, bolada baterako».

Hala, bulkada bertsutik abiatuz baina beste buelta bat ematea bilatuz ondu du, bada, erakusketa berria. Askotariko euskarrietan egindako trazuak dira hormetan zintzilik diren piezetan nabarmentzen direnak; mozketa lerroak eta materialen arteko konbinazioak; zura, igeltsua, zementua.

Lan multzo horren hastapenetakoa da erakusketako zementuzko harlauza bakarra; eta inguruan ditu aurrerago egindako diptiko itxurako ateak: tamainari dagokionez, piezarik handienak dira, eta lerro paraleloak eta kurbatuak dituzte gainazalean. Egin berriak dira, ordea, margotutako egurrezko eskulturak eta paper gainean espraiz osatutako hiru marrazkiak, eskulturen formek utzitako hutsuneak iradokitzen dituztenak.

Oro har, artistaren irudiko, nahiko «biluzik» gelditu da erakusketa. Apenas dagoen kolorerik, eta pieza gutxi batzuetan ageri den gorria are nabariagoa egiten du horrek. «Gorria beti dago nire lanean; ez dakit azaltzen zergatik».

Trazu zuzen eta mozketa markena, berriz, prozesuko ezusteen eta istripuen ondorioz agertutako zerbait dela azaldu du —eta agertzearen ideia errepikatu du: «Askotan esaten dut: nire obra, nik egin bainoago, egin egiten zait»—. Akatsarekin eta prozesuko «dorpeziarekin» jolas egiten duela dio, hor pasatzen denari behatuz garatzen dela, batik bat, bere lana, «mikroskopio batetik begira egoten den ikerlariari» gertatzen zaion bezala: «Angelu bat eror daiteke, eta oker bat da askotan, baina horri buelta bat ematen hasi, eta hizkuntza bat sortzen da. Askotan, hor gertatzen denari begira egiten da lan gehien; adi egonez, zerbait gertatzen denean jasotzeko».

«Alderantziz eginda?»

Duda da dudana izenburuari azpiizen bat erantsi dio artistak: Conflictos paralelos. «Gustatzen zait euskaraz eta gaztelaniaz izenburu osagarriak izatea», aipatu du. «Paralelos-ek geometriari egiten dio keinu, eta conflictos nik neuk lanarekin dudan gatazka etengabea da, azken urteetako giroa ere ekartzen duena nolabait hizpidera; ematen baitu ez dagoela inondik ere onik».

Garai ezberdinetan eginagatik, pieza denak «senidetzat» jo ditu artistak, nahiz eta baden lan jakin bat sorta berriaren abiapuntuan: Cezanneren akuarela bat. Muniategiandikoetxea: «Mendian bizi zeneko akuarela txiki bat da. Kolorea galduz doa, eta estruktura agerian geratuz. Ikusten nituen estrukturan paralelismo batzuk; lehenengo enborraren eta azkenaren artean, tartekoek angelu ezberdinekin osatzen zutela jolas bat... Hartu hori, garbitu gaineko dena, eta horrekin hasten naiz galderak egiten: bikoizten badut zer gertatzen da? Alderantziz egiten baditut erlazio denak? Badaude keinu batzuk errepikatzen direnak».

Hain justu, jolas gisako bilaketa horrek irekitzen ditu arterako bideak, haren ustetan. «Batzuetan ideia zomorroa dirudiena hazi egiten da teknika ezberdinak erabiliz, eta piezak agertzen dira».

Rodtxenkoren eta oro har mugimendu konstruktibistaren aztarna ere aitortu du: «Oteiza, Txomin [Badiola], Angel [Bados] eta nire maisu izan zirenek, jatorrian, abangoardien ukitu handia dute; Errusiako konstruktibismoaren ukitu hotz eta gogor hori, gure egin duguna. Hor topatu nuen neure burua hasi nintzenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.