IRITZIA

Atseden eta ondare

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Tomas Aragues zendu da. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren zuzendari den Pello Leiñenak jakinarazi didanez, bere funts guztien gordailua egin zuen Araguesek 2019ko urrian. Bere ekoizpenean musika erlijiosoa, abesbatzarako piezak eta moldaketak, orkestrarako partiturak zein ganbera musika, poema eta obra sinfoniko-koralak zein bandarako beste hainbat partitura topatu daitezke. Denera, 500 obra inguru. Andra Mari Abesbatzak eta Eresbilek antolatzen duten Musikaste jaialdian, esaterako, bere obra ugari estreinatu dira 1976tik. Leiñenak hunkituta gogoratzen du zeinen goxo eta xalo hartzen zituen beti terueldarrak edozein motatako enkargu eta eskaerak: izan ere, hainbat erakundek eskatzen zizkioten festetarako piezak (inauteriak, inude eta artzainak, kaldereroak...) eta ereserkiak aurkitu daitezke bere obren artean.

Araguesen ondare musikal zein pertsonalari gertutasun eta adeitasun lurrina dario. Musika ekoizpen aberatsa uzteaz gain, irakasle lanetan ere ezaguna eta bereziki estimatua izan zen. Salamancako Unibertsitate Pontifikalean Erlijio Musika irakasten aritu zen 1960ko hamarkadan; geroago, Solfeo eta Musika Teoria zein Orkestra Zuzendari katedrak eskuratu zituen Donostiako Kontserbatorioan. Ibilbide profesional propioari ekin dioten euskal zuzendari eta musikari asko bere ikasgelako aulkietan eserita egon ziren behin. Zuzendari gisa ere gardentasunez jardun zen Donostiako Talde Barrokoan (1974-1979), Easo Abesbatzan (1977-1986) eta Kontserbatorioko Orkestran (1980-1996). Eta Euskadiko Orkestraren hasierako urteetan, maiz parte hartu zuen bere kontzertu eta grabaketetan.

Dena den, ez dugu formatu handietara jo beharrik Araguesen musika ezagutzeko. Vaticanoko II. Kontzilioan (1962-1965) «eliza katolikoaren berrikuntza morala» eta «eliza-diziplinaren moldaketa» burutu ziren, «garaiko beharrak asetzeko». Latinezko testuak alde batera uztea izan zen erabakietako bat. Ondorioz, Araguesek konposatutako Gaztelerazko meza azkar eta urrun hedatu zen eta, hala, Cordero de Dios edo Señor, ten piedad bezalako doinuek hainbat belaunaldiren bizitza erlijiosoa osatu dute.

Beste motakoa da bere Euskal Requiem sinfoniko-korala, harmonia konplexuz, zirraraz eta intentsitatez betea. Easo Abesbatzaren urrezko ezteiak ospatzeko konposatu zuen, 1990ean, eta 25 urteren ondoren entzun zen lehen aldiz ahots mistoen bertsioan, Donostiako Orfeoiaren eskutik, Araguesi bere 80. urtebetetzean egindako omenaldian. Patxi Ezkiaga anaia salletarrak berariaz idatzitako testuan, poesia eta transzendentzia batzen dituenean, honakoa abesten dute hildakoek: «Izenez maitasuna izango gara ta deituraz, berriz, osotasuna...». Goian bego, Tomas, gizaki maitatua eta musikari osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.