Kea dario lanari

Langile errearen sindromea lan gaixotasun bat izango da 2022tik aurrera. Estres kronikotik eratorritako gaitz horrek harremanak oinarri dituzten lanbideei eragiten die, tartean zaintza eta heziketa arlokoei.

BERRIA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Estres kronikoa, neke fisiko eta psikologikoa, lanarekiko urruntzea, lo egiteko ezintasuna... Hitz batean, erreta egotea. Lan baldintzek eragindako sintomek eta ondorio negatiboek osatzen dute langile errearen sindromea. Osasungintzan eta hezkuntzan diharduten langileei eragiten die, besteak beste; hots, harreman emozionalek pisu handia duten ogibideei. OME Osasunaren Mundu Erakundeak laneko gaixotasun gisa sailkatu berri du; 2022an jarriko da indarrean.

Erreta egotea: horrela esaten zaio kalean lanak eragindako akidura horri. Haatik, beste izendapen bat eman dio OMEk, Daniel Hermosilla EHUko psikologiako fakultateko irakasleak argitu duenez: «Baliokidea da, bainaOMEk lan lan higaduraren sindromea deitu du. Lanari lotutako gaitz familia baten barruan sartu du, eta deskribatzen dena erreta egotea da. Horregatik, jendeak izen hori eman dio».Hermosillak lanaren eta osasunaren psikologia du aztergai, eta uste du izendapen berriak baldintza hobeak ekarriko dituela langileen osasuna babesteko.

Erretzea laneko estres kronikoa gainditzeko ezintasunak eragindako gaitza da. Egun ez dago gaitz profesional gisa aitortua. Ondorioz, medikuek estresarekin edo depresioarekin lotutako diagnostikoak egiten dituzte, Hermosillaren arabera; arlo juridikoan, berriz, lan istripu gisa izendatu izan da: «Badago jurisprudentzia bat nahiko garbia; erretzearen barruan deskribatutako sintoma guztiak lan istripu gisa ulertu ditu. Beraz, orain arte lan istripu gisa ulertu da, baina justiziatik etorri direlako epaiak».

Pozik hartu du albistea Carmen Videk ere, SATSE erizainen sindikatuko lan osasuneko arduradunak: «Izendapena aurrerapauso bat da, gaitza ikusgarri egingo baitu; horrek prebentzioari ekiteko modua emango du». Hermosillak adierazi duenez, harreman emozionalek zuzeneko eragina dute erretzearekin: «Pixkanaka, zehaztu egin da definizioa; lantokian harremanak izan behar dira beste pertsonekin, eta harreman horiek eskaera emozional handia izan behar dute. Hor ager daiteke burnout-a». Medikuen, erizainen, irakasleen edo abokatuen lanbideak izan daitezke horietako zenbait.

Hortaz, bete-betean eragiten dio langile errearen sindromeak erizainen ogibideari, Videk esan duen moduan: «Gure lanbidea konplexua da: arretaren lehenengo lerroan gaude». Halaber, lan baldintzak kaskartzeak eragin zuzena duela nabarmendu du: «Azken urteotan areagotu egin da estres hori, nagusiki zerbitzuen gainkarga eta langileen erantzukizuna areagotu egin direlako».

SATSEk 2017an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako ikerketa batek datu esanguratsuak plazaratu zituen; inkestetan parte hartutako erizainen %71,53k aitortu dute estresatuta daudela; %54,01 ez dira lanarekin gogobeteta sentitzen; eta %51, 82 erreta daude. Datu horiek mahai gainean eta OMEren izendapena jakin berritan, SATSEk langile errearen sindromea laneko gaixotasunen zerrendan sartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. «Oraingoz ez dugu erantzunik jaso; Osakidetzarekin hitz egin dugunean ere ez. Lan osasunari erreparatzeko sentsibilizazio gutxi dago», azaldu du Videk.

Erredura, lanetik etxera

«Estresa jasan dut, eta konturatu naiz egoera hau luzatuz gero okerrago egongo naizela», adierazi du Amaiak —asmatutako izena da, ez du benetakoa eman nahi izan—; osasun publikoan ari da lanean. Sei urte daramatza erizain lanetan; bi urte, berriz, erizain-erreten kontratuan. Laneko txandek eta ordutegiek eragin diote estresa: «Erretena naizenez, lankideei laguntzeko deitzen didate. Nire txandak oso gogorrak dira; egun libre gutxi ditut, egunero leku ezberdin batean nago... Horrek erre egin nau».

Oso nekatuta sentitzen zen Amaia. «Arduratuta nengoen osasun arazoak ote nituen, anemia ote nuen edo. Analitikak egitekotan nengoen». Baina gaixoaldian egon da aldi batez, ebakuntza bat tarteko, eta ondo sentitu da. Lanak eragiten diola ikusi du, eta uztea erabaki du. «Erabaki dut lanpostua uztea nire kontratua amaitzear dagoenean. Luzatuz gero, nire osasunari eragingo dio».

Egoerak neke fisikoaz gain psikologikoa ere eragin dio Amaiari, baita tristura eta frustrazioa ere. Horiek dira, besteak beste, erreta egotearen ondorioak. Hermosillak hiru ondorio nagusi aipatu ditu: neke emozionala, lanarekiko despertsonalizazioa eta errealizazio pertsonala galtzea. «Ez dira beti hurrenkera berean azaltzen; ikerketen arabera, medikuen kasuan errealizazio gaitasuna galtzen da nagusiki. Irakasleenean, aldiz, neke emozionala». Edurne Saizar psikologoak honako sintoma hauek ere gehitu ditu: «Umore aldaketak, autoestimu txikia, antsietatea eta halakoak ere eragiten ditu».

Anek ere jasan zuen langile errearen sindromea —asmatutako izena da, ez du benetakoa eman nahi—. Erizaina da hura ere; hemezortzi urte daramatza horretan. «Duela bi urte izan zen. Erietxe pribatu batean lan egiten nuen, eta ikuskatzaile batengandik jasandako lan jazarpenaren ondorioz bukatu nuen erreta». Azaldu duenez, haren espezialitatea zen sailetik aldatu zuten, gauetako txandak egin behar izan zituen eta atseden egunak kendu zizkioten.

Hori ikusita, zuzendaritzari egoeraren berri ematea erabaki zuen Anek; baina ez zuen erantzunik jaso. «Gaixoaldian nengoenean ere ezin nuen justifikatu laneko gaixoaldi bat zenik, frogarik ez neukalako». Azkenean, auzitegietara jotzea erabaki zuen: «Bi pertsonaren testigantzari esker, salaketa jarri nuen». Arrazoia eman zion epaitegiak, eta kalte-ordainak jaso zituen; haatik, lanpostua uztea erabaki zuen.

Bizitza pertsonalean ere eragina du erretzeak. «Bikote harremanean eragiten dizu, familian. Sentibera zaude, eta depresio aldiak dituzu. Ez duzu lanera joan nahi, ez duzu jaiki nahi». Lagunengandik isolatzeko joera areagotzen dela esan du. Saizarrek adierazi duenez, jokabide erasokorrak, gertukoekin suminkortasuna edo insomnioa ere jasaten dituzte pertsona erreek. Hermosillak honako hauek ere gehitu ditu: zefaleak, migrainak, arazo kardiobaskularrak eta gastrointestinalak.

Lan baldintzek nola, pertsonaren izaerak ere badu eragina erretzean, Saizarren arabera. «Arrisku faktore pertsonalak ere badaude: pertsona perfekzionistek, helburu oso altuak dituztenek, edo estresarekiko esposizo altua izan dutenek arrisku gehiago dute». Bat dator Vide ere: «Lanarekin konprometituenak direnek sufritzen dute gehien; gainkarga horren errudun sentitzen dira». Izan du hori Amaiak: «Bi erizainen lana egiten saiatzen zara, eta ezin duzu; eta, hala ere, gaizki sentitzen zara etxera joatean». Horrek pazienteei ere eragiten die: «Saiatzen naiz pazienteei nire egoerak eragin ez diezaien, baina batzuetan nabaritzen dute ez zaudela pozik, edo nekatuta zaudela».

Hori guztia ikusirik, batzuk bakarrik sentitzen dira. Hala sentitu zen Amaia, eta hori egin zitzaion gogorrena. Saizarrek adierazi duenez, laguntza eskatzea da lehenengo urratsa: «Lankide eta lagunen laguntza erabakigarria da». Halaber, ohitura egokiak sustatzea ere beharrezkoa dela azaldu du, loa eta elikadura zaintzea eta kirola egitea. «Aisialdiaren eta laneko denboraren arteko oreka lortu behar da», gehitu du.

Batzuek psikologoarengana jotzen dute laguntza bila. Hori egin zuen Anek: «Tratamendu psikologiko baten beharra izan nuen; hiruzpalau hilabetez ibili nintzen». Saizarrek azaldu duenez, sindromearen kontzientzia hartzen lagundu behar zaio pazienteari; haren arabera, beharrezkoa da estresari aurre egiteko estrategiak eta asertibitatea lantzea. «Lanpostuan egotearen zergatiak aztertu behar dira, eta erabaki ea merezi duen jarraitzea».

Hiru urte barru, gaitz profesional bat izango da lan higaduraren sindromea, eta medikuek aukera izango dute horregatik gaixo baimena emateko. Hermosillak uste du langileek babes eta informazio gehiago izango dituztela. «Sindikatuek eta prebentzio arduradunek ere oinarri sendoagoa izango dute horrelako arazoei aurre egiteko».

Osasun mentala babesteko legeak, estrategiak eta politikak jarriko dira martxan erakundeetan eta arlo juridikoan. Enpresak komunikazioa hobetzera ere bultzatuko ditu, Hermosillaren arabera. «Ikerketek erakutsi dutenez, lanaren baloraziorik ez jasotzea da erretzeko faktore nagusietako bat». Aldaketak lehia eragingo duela uste du: «Egongo dira zuzendari egokiak eta desegokiak, lanpostu osasungarriak eta ez osasungarriak; sektore eta enpresa osasungarriak eta ez osasungarriak... Praktika egokiak zabaltzeko dinamika bat bultzatuko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.