Naiara Elola.
DENA ETA EZTENA

Tiroan dago gakoa

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Iritsi da amaiera. Bukatu da Carmen operaren enegarren bertsioa. Jaitsi da Florentziako Di Maggio antzokiko oihala. Ez da izan ikusleek espero zutena. Hasi da polemika zabaltzen, eta baita ikusmina ere. Izan ere, duela zortzi eguneko emanaldian, ez zuten ohiko Carmen ikusi. Florentziakoan, Jose jeloskorrak ez zuen Carmen hil. Ez. Carmenek berak hil zuen Jose. Pistola kendu, eta tiroz hil zuen. Di Maggio antzokiko arduradunek hala eskatuta, Leo Muscatok operaren amaiera aldatu zuen, publikoak emakume baten hilketa txalotu behar ez izateko.

Beste behin, arteak bide eman du gizartean zer pentsa eragiteko. 1874. urtean George Bizetek Sevillan kokatutako kontakizunak genero indarkeriaren gisako arazo unibertsal bat azaleratzeko balio izan du. Florentziako antzokiko arduradunek esan dutenez, Carmen operaren bertsio gaurkotuaren helburua horixe zen. Eta horretarako arrazoi faltarik ez dute, Italian hiru egunetik behin hiltzen baitu gizonezko batek emakumezko bat.

Ikusmina erabatekoa da. Denera sei funtzio dituzte aurreikusiak Di Maggio antzokian, eta emanaldi bakoitzean izango diren 1.600 lagunentzako sarrerak bukatu egin dira. Antzokiko arduradunek emanaldi gehiago programatu nahi dituzte. Polemikaren oihartzunak Italiako mugak zeharkatu ditu. Ez da kontu hutsala. Helburua zilegizkoa izan daitekeen arren,ezinbestekoa da moduak ere zaintzea. Opera baten amaiera aldatu ondotik, ezinbestekoa da ia-ia kontakizunaren pertsonaia nagusi bilakatzen den pistolak funtzionatzea. Lehenengo emanaldian, Carmenek sakatu zuen pistolaren katua, baina ez zuen tiro egin. Jose lurrera zerraldo erori zen, eta ikusleak tiroa imajinatu egin behar izan zuen. Ea hurrengorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.