Nora Arbelbide Lete.
DENA ETA EZTENA

«Ez naiz zure beltza»

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
The Dick Cabette show telebista emankizuna, 1968an. Kazetaria—zuria— galdezka, James Baldwin (1924-1987) AEBetako idazlea —beltza— parean. Zergatik «beltzak ez ote diren optimistak» du galdera. Gauzak aitzina doazela, alta. Auzapez edo kirolari beltzak badirela. Iragarkietan agertzeko «pribilegio handia» daukatela baita. Irria agertzen da Baldwinen aurpegian. Kazetaria «pozik irri eginarazten badizu», borobildu ondoren: «Egoera oraindik esperantza gabekoa ote da?». Baldwinen erantzuna. Ez duela esperantza handirik. «Jendea horrela mintzatuko deino». Galdera ez dela «beltzen zortea. Populazio beltzaren zortea». Nahiz eta galdera hori «erabakigarria» izan harentzat. «Egiazko galdera herri honen zortea da».

Ez naiz zure beltza (I Am Not Your Negro) Raoul Pecken dokumentalaren hasiera da hau. Maiatzaren 10ean izanen da zineman. Arte kateak emititu berri du. Raoul Peckek Baldwinek behin ere bururatu ez zuen liburu zirriborroa dio hemen nolabait bururatzen. Baldwinek adiskide zituen Medgar Evers, Malcolm X eta Martin Lutherrez egin behar zuen liburua, eta horien bidez AEBetako historia kontatu. «Ameriketako beltzen historia Amerikaren historia da, eta ez da historia polita», zioen. Banantzearen kontra. Beti. «Ez naiz zure beltza» begietara desafio modura botatzen zuen idazleak.

Baldwinek idatzi eta erranek dute osatzen off -eko ahotsa. Artxibo andana bat lagun, baita gaur egungo irudiak ere, Fergusongoak eta beste. Hollywooden iruditegiak nola zizelkatzen dituen uste ustelak. Zuria, «boterearen metafora» horrek, Mendebaldeko zibilizazio horrek, nola beltz hori, beste hori, tratatzen duen.

Harribitxi bat da filma. Oxigenoa. Eguneroko azaleko zurrunbilo itogarri honetatik atera eta funtsezkora joateko gomita bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.