Nora Arbelbide Lete.
DENA ETA EZTENA

El Dorado ez da existitzen

2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Miarritzeko Big musika jaialdiak ez du 9. aldirik izanen. Produktoreen proposamenak «onartezinak» iruditu zaizkio Michel Veunac auzapezari, zehaztu gabe zein ziren. Mediabask aldizkariak aipatu izan du 130.000 euroko diru laguntza doblatzearena. Aipatu izan du, bide batez, milioi bat euroren galtzeak dituela jaialdiak.

Ezin baieztatu. Telefono guztiak itzaliak. Funtsean, jaialdia hasi zenetik izan da halako distantzia bat diskurtso ofizialaren eta errealitatearen artean. Ofizialki ezin hobeki iragaten ziren aldiak. Urtero hor ziren irribarretsu udaleko ordezkariak. Baina beti, alta, arazoak. Taldeen azken puntako deuseztatzeak, matxurak... Publikoaren haserrea.

2010ean Live Nation agertu zen antolatzaileetan. «Adiskide min» gisa aurkeztu zuten Sebastien Farran jaialdiko antolatzaile nagusiarekin. Ondoko urtean ez zen gehiago Live Nationik: «Ez dugu elkar ulertu. Haiek zifrei begiratzen zieten, errealitate komertzialari, eta guk denbora gehiagorekin jokatu nahi dugu, istorio bat sortu nahi dugu». Denbora, diru galtzeak justifikatzeko argumentu. Farran ipuin kontalari bai, baina ez zela hor militantziaz, hori segur.

Jaialdira etortzen zenak ere bazituen bere ilusioak. Hitz bakar batez: Coachella. Kalifornia hegoaldeko jaialdiko iruditegia berriz erreproduzitu nahian zebilen giroa. Jantzietan, jarreretan. Bakantzak, eguzkia, drogak. Ilusioa. Iazko Big jaialdiko kartelak neska bat dantzan erakusten zuen lehen planoan, bizkarrez. Urrun, jende anitz. Baina argazkia ez zen Miarritzen hartua. Dennis Stockena da. 1968koa, Venice Beach Rock jaialdikoa, Kalifornia. Iaz, preseski, bazirudien ilusioak hartu zuela. Pharrel Williams, The Chemical Brothers, The Libertines eta Prodigy taldeekin bete zen zelaia. Baina Miarritze ez da Kalifornia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.