mikel lizarralde
DENA ETA EZTENA

Saria, aretokoa

2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldia joan zaigu, eta gelditu zaigu halako zapore gazi-gozo bat. Gozoa bai, baina gazitik gutxi izan beharko lukeena zinez. Horrenbesteko lore jaso zituen Loreak filmak, hain gustura gelditu ginen kanpoko kritikariek ere Goenaga eta Garañoren pelikula goraipatzen zutela ikusita, zinemaldiko euskal tropan sortutako euforia hain handia izan zen aspaldiko partez... ematen zuen Moriartikoen filmak ezinbestean izan behar zuela palmaresean, eta hala ez izanda, nolabaiteko etsipena zabaldu zen. Bidegabea, jakina.

Argi gera dadila. Urrezko Maskorra irabazteak bultza dezake film bat, eman diezaioke oihartzun gehigarri bat, baina, zoritxarrez, gaur egun ez du ezer ziurtatzen. Zenbakiak eta datuak izan litezke horren erakusle, baina memoriak ere laguntzen du. Iaz Pelo malo ekoizpen venezuelarrak irabazi zuen film onenaren saria Donostian, eta martxoan zinema areto komertzialetara iritsi zenean ia oharkabean igaro zen. Ez dugu hain atzera egin behar Pandora's Box, Mon fils à moi, Stetsi, Schussangst eta Taxi para tres gogoratzeko —edo ez gogoratzeko—. Guztiek irabazi zuten Urrezko Maskorra.

Horregatik, eta zinema ez delako lehiaketa bat —Oscar, Goya, Cesar eta abarrek urtero esan nahi dutenaren kontra—, Loreak filmak jaso beharreko sariak aretoan jaso beharko lituzke. Zinemaldiak eman dion bultzada —eman baitio— urriaren 31tik aurrera amortizatu beharko luke; lehenik Euskal Herrian, eta ondoren, ahalmenaren neurrian, kanpoan. Zinemaldian lortutako arrakastak ez baitu ezer ziurtatzen. Oraindik ere buruan iltzatuta daukagu nola Asier Altunak Zinemaldian bertan Bertsolariarrakasta handiarekin aurkeztu eta zinema aretoetara iritsi ondoren apenas egin zuen filmak denborarik bertan. Loreak filmak beste zerbait mereziko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.