Naiara Elola.
DENA ETA EZTENA

Txikiaren zaporerik gabe

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Akabo. Itzali da azken bederatzi egunetan Donostiak izan duen distira. Joan dira Arnold Schwarzenegger, Ricardo Darin, Monica Bellucci eta besteak. Handia handiagoa bilakatu da. Maiz lepo bete dira Gipuzkoako hiriburuko zinema aretoak. Baina, fokuak itzali orduko, beti bezain hutsak egongo dira, ziurrenik. Handia den Zinemaldiaren puxika husteko garaia da, eta baita bestondoaren eta kritikena ere: behar baino nazioarteko izar gutxiago izan direla, filmen kalitatea iazkoa baino apalagoa izan dela, telebistako serieak programatzea hanka sartzea izan dela...

Zenbaitetan, Zinemaldia kanpotik bizi dugunontzat, tamainaz erraldoi bilakatu dela ematen du. Donostia da epizentroa, baina Espainiako mailako babesleek eta erakundeek, Kultura Ministerioak kasurako, erdigunean Euskal Herria ezarri beharrean Espainia kokatzeko nahia erdiesten dute. Asteazkenean, Monica Bellucci aktore italiar handiaren hitzak entzun besterik ez dago. Belodromoan jaso zuen Donostia saria. Zinez eskertu zuen, gainera, ingeles jatorrean: «Eskerrik asko sariagatik. Eskerrik asko, Espainia», esan zuen. Hitz horiek askoren bihotzean sastako bat bezala izan ziren. Sast! euskal herritarren identitatearen erdi-erdian.

Horregatik, ondo dago Miel A. Elustondok, iragan astean, Baztango (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren beka eskuratzean esandakoa gogoratzea. Izan ere, Baztanen gisako ibar txiki batean halako aste bat antolatzeaz galdetuta txikitasuna aldarrikatu zuen. «Txikiak du egiaren parte handi bat. Handiak nahikoa du propaganda. Txikiak du benetako kolorea, gustua eta zaporea!». Donostiako Zinemaldiak aspaldian utzi zion txiki izateari. Zaporearena ziurrenik, akaso norbanakoaren araberakoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.