Koronabirusa

Osakidetzak autodiagnostikorako test positiboez abisatzeko esteka du

Positibo emandako batekin kontaktu estua izan dutenek ere aukera izango dute osasun sistemarekin harremanetan jartzeko

Beñat Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko zuzendari Miguel Angel Gastelurrutiak BERRIAri iragarri bezalaxe, Osakidetzak webgune bat abiarazi du autodiagnostikorako testetan atzemandako positiboak jakinarazteko. Elkargoak herenegun izan zuen neurri horren berri, eta Gipuzkoako botikak ohartarazi ditu. Positibo horien kontaktu estua izan dutenentzat ere balio du estekak.

Orain arte ez zegoen protokolorik indarrean, eta positibo ematen zutenek etxean gelditu beharra zeukaten, eta osasun zentrora deitu. Farmazialariek behin eta berriro eskaini dute euren burua positiboen komunikazioan laguntzeko, baina haiek «aintzat hartu gabe» aritu direla adierazi du elkargoko zuzendariak. Hala ere, oraindik ere PCR bat egin beharko da positibo horiek guztiz baieztatzeko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan testok etxean egin beharko dira. Ezin dira egin farmazian bertan. Nafarroan, aldiz, farmazietan egiten diren probak farmaziak berak jakinarazten ditu.

Esteka kontaktu estuentzat

Bestalde, Osakidetzak ostiral honetan jakinarazi duenez, COVID-19an positibo eman duen norbaitekin kontaktu estua izan dutenak Internet bidez jar daitezke harremanetan Osakidetzarekin, eta ordua eska dezakete proba diagnostiko bat egiteko. Horrela, hemendik aurrera, Interneten jarritako inprimaki bat betetzeko aukera izango dute egoera horretan daudenek. Neurri horrek aztarnarien lana «erraztuko» duela esan dute, eta proba diagnostikorako sarbidea «azkarragoa» izango dela.

Inprimaki horretan datu pertsonalak eta harremanetarako datuak sartu behar dira. Horrez gain, hainbat galdera egiten dira: txertoa jarrita daukaten ala ez argitu behar da, eta kutsatutako pertsonarekin izandako azken harremanaren data eta harreman mota zehaztu. Gainera, Osakidetzak azpimarratu du kontaktu estua izan duten horiek bakartu egin beharko dutela proba diagnostikoa egin arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.